Hiru urtean beste 3.000 odol emaile lortzeko erronka jarri dute

Urteko garai jakin batzuetan ez da erraza izaten behar adina odol aurkitzea ospitaleetan. Gipuzkoan orokorrean ez da arazorik izaten, baina berdin-berdin pairatzen ditu gabeziak une jakinetan. Horri balazta jarri nahi dio Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteak. Kalkuluak egin, eta ondorio garbia atera du: beste 3.000 odol emaile behar ditu Gipuzkoak. Horretan jarriko dituzte indarrak aurten, elkarteko lehendakari Sabin Urzelaik Gipuzkoako Hitza-ri adierazi dionez: “Gaur egun 17.500 odol emaile ditugu, eta gure helburua 20.500 izatea da, gipuzkoarren %3 odol emailea izatea, alegia”. Aurten ekingo diote erronkari, baina hurrengo urteetan ere jarraipena emateko asmoa dute: “Badakigu helburua ez dugula egun batetik bestera lortuko, eta hiru urteko epea jarri diogu geure buruari horretarako. Emaitzak poliki-poliki jasotzen dira”.

Negu garaian ohikoak izaten diren gripeak eta halako gaixotasunek zaildu egin dute aurten ere herritarrek behar adina odol ematea. Horixe gertatu da aurreko asteetan. Euskadiko Odol Emaileen Elkarteak odola behar zela jakinarazi zuen eta, hala, larrialdi deia lau haizeetara zabaldu zen di-da batean. Joan den astean izan zen hori, otsailaren 21ean. Elkarteak emandako datuen arabera, herritarren erantzuna berehalakoa izan da: izan ere, otsailaren 21etik 28rako astean 3.572 odol erauzketa egin ziren, aurreko astean baino %58,5 gehiago.

Kanpaina, martxo amaieran

Egoera itzuli da normaltasunera, baina odola eman duen askok eta askok ez du berriz emango, harik eta beste larrialdi dei bat jaso arte. Ondo dakite hori Gipuzkoako Odol Emaileen Elkartean. Erremedioa herritarrak kontzientziatuz odol emaile berriak erakartzea da; 3.000. Horretarako, kanpaina bat egingo dute. Otsailaren erdialdean ziren hastekoak ekimenarekin, baina atzeratzea erabaki dute. Aurreko astean egindako deialdiagatik, hain justu. Ez dituzte gauzak nahastu nahi, eta horregatik martxoaren amaieran abiatuko dute odol tanta bat ikur izango duen kanpaina.

Gipuzkoan 3.000 odol emaile behar badituzte ere, kanpainan “zehatzak eta gertukoak” izan nahi dute. Horregatik, herriz herrikako datuak atera dituzte: “Herri batean 14 odol emaile behar badira, hala jarriko dugu karteletan. Jendearen kontzientzietara iritsi nahi dugu”, adierazi du Urzelaik. Behar gehien hirietan dagoela adierazi du, baina hori normala dela irizten dio: “Herri txikietan errazagoa izaten da mezua zabaltzea; zenbat eta herri handiagoa izan, zailagoa da”. Kanpainako irudia odol tanta bat izango da, eta ekimena aprobetxatu nahi dute sare sozialetarako pausoa emateko ere. Facebooken eta Twitter-en kontuak irekiko ditu: “Badakigu jendearentzat askoz sinesgarriagoa dela informazioa lagun baten bitartez jasotzea, eta guk odol emaile gazte asko dugu”. 30 urtetik beherako 1.700 lagun dira odol emaileak Gipuzkoan, hain zuzen ere.

Sare sozialak erabiltzearen arrazoia beste bat ere bada, ordea. Biztanleen %3 odol emailea izatea lortzen bada ere, biztanleen %97 horrekin zer gertatzen da? Urzelaik horiengana ere iritsi nahi du: “Kanpaina egiten dugunean, biztanleen %97k pentsatzen du kanpaina odol emaileei zuzenduta dagoela, ez beraiei. Norberaren gertuko bati transfusio inportanteren bat ez badiote egiten, ez du pentsatu ere egiten transfusioak daudenik. Odola jartzen zaionak, berriz, pentsatzen du bere eskubidea dela odola behar duen bakoitzean odol hori jasotzea. Baina ez da ohartzen eskubide hori mantentzeko norbaitek odola eman beharko duela, eta agian berak ere baietz”.

Urzelairentzat elkarteari laguntzeko modu asko dago. Batzuk odol emaile izango dira, baina zerbaitegatik ezin duenak edo nahi ez duenak ere baditu beste aukera batzuk: “Odola eman daiteke, edo garrantziaz ohartarazi. Esaterako, irakasleek geletan horri buruz hitz eginez, kazetariek erreportajeak eginda, enpresetan lanorduetan odola ematen utzita, edo gure hitzaldi bat herriko ikastetxean ematea patrozinatuta, baita boluntario izanda ere… denok laguntzen badugu, azalduko dira odol emaileak”.

Urzelaik uste du jendeak odola ematearen garrantziaz pentsatuko balu, 17.500 baino gehiago izango liratekeela Gipuzkoan: “Gainera beti entzuten dugunez munduko onenak garela odola ematen, jendeak bere eskuzabaltasuna beste arlo batzuetara bideratzen du”.

Elkarteak eguneroko lanarekin egiten die aurre zailtasun horiei. Hezkuntzan esku hartuz, esaterako. Orain hilabete batzuk Zarauzko Antoniano ikastetxean izan ziren hitzaldi bat ematen. “Bihotzeko transplantea izandako bi lagunekin joan ginen, eta handik astebetera odola ateratzera joandakoan, 45 odol emaile berri etorri zitzaizkigun”. Urzelaik badaki agian gazte horiek ez dutela odola ematen jarraituko, “baina behin behintzat eman dute, ikusi dute ez dela ezer gertatzen eta besteei on egiten zaiela”. Agian orain ez, baina hemendik urte batzuetara gazte horiek beraiek berriz gerturatzea posible ikusten du: “Ikasketak direla, lana dela… gazteek erraz uzten dute, baina bizitza egonkortzen zaienean berriz itzultzen dira asko”.

Odola, sarri lortu beharrekoa

Odol emaile berriak lortzearen beharrak zerikusi zuzena du odolaren ezaugarriekin. Izan ere, odola erregularki atera beharreko substantzia da, jendeari bizia salbatuko badio. Ez du balio ekainean odol asko ateratzeak abuzturako gordetzeko esperantzan: “Odola galdu egiten da; globulu gorriek, behin sakabanatu ondoren 42 egun irauten dute; plasma zero azpitik 50 gradutara izozten da eta urtebete irauten du, horrekin ez dago arazorik; baina plaketak 23 gradutara gordetzen dira, eta bost egun bakarrik irauten dute”.

Horregatik da garrantzitsua sarea indartzea. Gizonezkoek urtean lau bider eman dezakete odola, eta emakumezkoek hiru bider. Urzelairentzat egokiena litzateke odol emaile bakoitzak urtean bi aldiz ematea odola. Hala, 20.500 laguneko sarea izanda, “edozein arazoren aurrean odol emaileen erdiei deitzeko aukera izango genuke”.