Erasorik gabe txotx egitea xede

Erasorik gabe txotx egitea xede

Miren Garate

Iazko etenaren ondoren, itzuli da txotx garaia, eta Hernaniko eta Astigarragako udalek beharrezko ikusi dute prebentzio kanpaina martxan jartzea, indarkeria matxistaren eta arrazistaren aurka. Hiru ardatz nagusi ditu: protokoloa —indarkeria matxista eta arrazista kasuetarako aholku eta jarraibide protokoloa Hernanin, eta eraso matxisten aurrean jarraitu beharreko protokoloa Astigarragan—, kartelak eta erasoen kontrako guneak. Itsaso Lekuona Hernaniko Berdintasun zinegotziaren esanetan, parrandan ere gune “erosoak, seguruak eta bizigarriak” izatea da helburua, alegia, “erasorik gabeko espazioak izatea”.

Urtarrilean hasten da sagardotegi garaia, eta jende ugari elkartu ohi da bi herrietan, batik bat asteburuetan. Festa giroan halako erasoak izateko arriskua areagotu egiten zela ikusita erabaki zuten bi udalek esku hartzea, orain urte batzuk. “Ez dakit aurreko kanpainen balorazio ona egin dugun, baina ikusten dugu ezin diogula prebentzio lan hori egiteari utzi”. Lekuonak azaldu du halako jarrerak ezabatzea ez dela erraza, eta kanpaina batek nekez konponduko duela ezer, egiturazko indarkeria baten erakusgarri direlako. “Baina argi utzi nahi dugu jarrera horiek ez ditugula onartuko, eta, gainera, erantzun bat izango dutela”. Besteak beste, erasoen aurkako erantzun sozial gero eta handiagoa lortzea da helburua.

Zuzen jokatzeko argibideak

Protokoloei dagokienez, erasoen aurrean hartu beharreko jarrera eta eman beharreko pausoak azaltzeko dokumentu bana prestatu dute Hernanin eta Astigarragan. Batetik, indarkeria matxistari heldu diote, eta hor sartu dituzte indarkeria sexista, transfobia, homofobia, lesbofobia eta “gizarte honetan ezarritako arauak jarraitzen ez dituzten gorputz edo pertsona guztien kontrako jarrerak”. Bestetik, Hernanin, indarkeria arrazista ere protokoloan txertatzea erabaki dute, azken urteotan halako erasoak ugaritu egin direla ikusi baitute. “Parrandaren testuinguruan, kalean saltzen ibiltzen diren pertsona migratuen kontrako erasoak salatu izan dira”.

Lekuonaren arabera, halako erasoren baten lekuko izanez gero, “norbera bere kabuz ezer egiten hasi baino lehen”, aurreneko pausoa pertsona horri laguntzarik behar duen galdetzea izaten da. “Bera izan dadila erabakitzen duena zer egin nahi duen eta zer ez. Guk baliabideak eskaini behar dizkiogu; adibidez, agian momentu horretan ez du salaketarik jarri nahiko, baina bai aurrerago”.

Dokumentuan bertan daude telefono batzuk, nora jo jakiteko, eta aholku sorta bat ere ageri da: erasoa jasan duenari jakinaraztea zerbait jaten edo edaten badu, edo arropak aldatzen baditu, frogak ezabatuko dituela; jakinaraztea indarkeria sexista kasuetan medikuak behartuta daudela epaitegietara parte bat bidaltzera; erasoa jasan duenarekin egotea komeni dela haren konfiantzazko norbait etorri arte…

Horrez gain, zinegotziak nabarmendu du “lehentasuna eta duten garrantzia” eman behar zaiela erasoei, hau da, ezin dela beste alde batera begiratu, bestela errepikatu egiten direlako. Halako egoera baten aurrean, beharrezkoa bada, tabernako musika kendu, argiak piztu eta erasotzailea kanpora bidali behar dela dio. Era berean, esan du erasoa jasan duena inolaz ere ez dela epaitu behar, ez dela gertatutakoaren erantzule sentitu behar.

Sagardotegiek eta tabernek ere hartzen dute parte kanpainan. Udalak protokoloa bidaltzen die txotx sasoiaren hasieran. “Eta eskatzen diegu langile guztiei emateko honen berri, beren inplikazioa ere garrantzitsua baita”. Kanpainarekin bat egitea erabakitzen duten sagardotegi eta tabernei kartel batzuk ere banatzen dizkiete. Hemen ez da jarrera matxista eta arrazistarik onartzen leloa izaten dute, eta, prebentzio lan hori indartzeko, herriko kaleetan ere itsatsi dituzte kartelak, leloan hemen beharrean herriaren izena jarrita.

Erasoen kontrako guneak

Erasoen kontrako guneak dira kanpainaren hirugarren ardatza. Larunbatetan egongo dira, jende gehien pilatzen den orduetan: Astigarragan, 18:00etatik 21:00etara, Kale Nagusian, eta Hernanin, 18:00etatik 22:00etara, Tilosetan. Aurreko larunbatean jarri zituzten aurrenekoz.

Lekuonaren hitzetan, orduantxe gertatutako zerbaiten berri edo aurreko egunen batean gertatutakoaren berri eman ahal izango da gune horietan, eta gaiari buruz dakien jendea ariko da lanean. “Gai honi zuzenean erantzungo dion gune bat eskaintzea garrantzitsua iruditzen zaigu. Kanpainaren berri emango du, baita beharrezko informazio guztia ere. Horrez gain, erreferentziazko guneak izango dira, erasoren bat gertatuz gero, hara joan ahal izateko”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.