Irisgarritasuna birplanteatzen

Irisgarritasuna birplanteatzen

Maria Ortega Zubiate

Herriguneetatik urrun dauden auzo edo elizateetan irisgarritasuna arazo izan ohi da. Garraio publikoaren faltan, auto pribatuekiko mendekotasuna handia da, eta horrek zenbait arazo dakartza: adin tarte jakin batean daudenek baino ezin dute erabili autoa, eta edonork ez du eskura horrelakorik. Mendekotasuna bikoitza da, beraz. Horri buelta emateko saiakera egin berri dute Eskoriatzako elizateetan, bi hilabetean auzo-taxi zerbitzua ezarri baitute. Orain, hasierako proba bukatuta, balorazio gazi-gozoa egin dute: gozoa, elizate mailako proiektu komunitario bat martxan jartzeko gai izan direlako; baina gazia, auto pribatuekiko lotura ezin izan baitute eten.

Bi urtez aritu dira elkarlanean Eskoriatzako Udala eta bertako elizateak batzen dituen elkartea, auzo horietako biztanleriaren irisgarritasuna hobetu nahian. Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta La Caixaren laguntza ere izan dute. Ertz asko jotzen zituen proiektu bat garatu dute, ez baitzen mugikortasunari begirakoa soilik, baina hori ere landu dute. “Taxi partekatuaren helburua izan da ahalik eta auzotar gehienengana egokitutako mugikortasun beharrak identifikatu eta asetzea”, hasi du azalpena Leire San Vicente Eskoriatzako Elizateen elkarteko bozeramaileak. “Eta baita etorkizunera begira soluzio erreal eta bideragarriak definitzea ere”.

Baina ez dute hori bakarrik egin, eta, hain zuzen ere, horregatik jarri diote taxi partekatua izena: “Era berean, belaunaldien arteko loturak sortuz eta kostuak eta ingurumen inpaktuak murriztuz, kohesio soziala eta erresilientzia komunitarioa hobetuko lituzkeela uste izan dugu”, laburbildu du San Vicentek.

Proiektua martxan izan den hamar asteetan 158 erabiltzaile izan dituzte; horietatik ia bi heren, emakumezkoak. Eta emakumezkoen ia erdiek 18 urte baino gutxiago zituzten; hain zuzen ere, bidaia guztien erdiak inguru izan dira eskolara joateko. Erabiltzaileen %10 baino ez dira izan 65 urtetik gorakoak. Datu horiek nahiko soslai zehatz bat sortu dute taxi partekatuaren zerbitzuaren inguruan: gehien-gehienak adin txikiko emakumezkoak izan dira, eta askotan eskolara joateko helburuz erabili dute zerbitzu hori.

Auto pribatuaren mende

Datuek erakusten dute, beraz, adin nagusitasunera heltzean beste mota bateko garraioak nagusitzen direla, pribatuak gehienetan. Autoarekiko mendekotasun handia dagoela dio San Vicentek, eta horretarako badagoela arrazoirik: “Batetik, elizate gehientsuenetan bestelako alternatibarik ez dagoelako, eta, bestetik, landa auzo hauek herrigunetik 2 eta 5 kilometro arteko distantziara daudelako, eta 200 metroko desnibelean”.

Distantzia eta baldintza horien ondorioz, motorrik gabeko beste garraiobide batzuk erabiltzea ezinezko bihurtzen dela uste du. Eta ez da hori bakarrik, zenbait etxetan beste egoera batzuei ere egin behar baitiete aurre: “Etxe askotan, adin tarteen ondorioz, behar ezberdinak dituzten pertsonak bizi dira: gurasoak, aitona-amonak, anai-arrebak…”.

Autoarekiko mendekotasun horrek dituen kalteak nabarmenak dira: jasangarritasunaren aldetik, lehenengo, banakako garraioa kutsakorragoa baita komunitarioa baino; baina beste mota batzuetako mendekotasunak ere sortzen ditu, autorik edo gidabaimenik ez duenak norbaiten ordutegien eta autoaren mende egon behar baitu. Hortxe eragiteko asmoa izan du taxi partekatuak, “behar horretan”, hain zuzen ere. “Gure ustez, autoak erabiltzeko joera hau aldatuz joango da, baldin eta behar hori albo batera uzteko aukerak sortzen badira; hutsune errealei erantzungo dieten aukerak betiere”.

Proiektu pilotua izan da orain arte esku artean izan dutena, baina ez dute baztertzen etorkizunean beste mota bateko garraio kolektibo bat martxan jartzea. Taxi partekatuaren ideiatik abiatuta, etorkizuneko proiektu berri bat ardaztu nahi dutela iragarri du Eskoriatzako Elizateen Elkarteko bozeramaileak: “Dagoenaren gainean berridatzi, eta gero eta jasangarriagoa, inklusiboagoa eta iraunkorragoa bilaka daitekeen zerbitzu bat diseina daiteke”.

Komunitatea parte hartzen

Proba bat izan da orain egin dutena. Eta, nondik begiratzen den, emaitza ona izan da. Horixe dio San Vicentek; izan ere, taxiak kaleak zapaldu dituenean erantzuna horren masiboa izan ez bada ere, aurreko lanketarekin asebeteta geratu dira. “Elkar entzuteko foroak sortu dira, elkarren beharrak jaso dira, eta behar horiei soluzio ezberdinak eskaintzeko borondatea egon da, une oro, proiektua hasi zenetik amaierara arte”.

Lanketa horrek hurrengo baterako haria sortu duela uste du San Vicentek, zenbait gabezia agerian geratu baitira: “Horri esker, landa mugikortasunerako eskubidearen gaia ere azaleratu da, eta agerian geratu da bestelako mugikortasun eredu bat behar dela, egoera zaurgarrienean dauden kolektiboak bazterrean geratzen direlako egun”. Hari horretatik tiraka jarraituko dutela dio, eta proiektu berrian arituko direla lanean: “Gure nahia da zerbitzu hori pilotu izan dela dioen ideia kendu eta zerbitzu iraunkor eta funtzional bat eskaintzea”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.