O. Enzunza Mallona
H ilabete eta erdi eskas falta da Aste Santua iristeko, baina herritarren artean nabaria da norbere bizilekutik irteteko nahia: horietako asko ari dira dagoeneko erreserbak egiten. Normalean, bolada oparoaren sinonimo izaten da Aste Santua Euskal Herriko turismoaren sektorearentzat, eta aurten, murrizketa asko bertan behera geratu diren honetan, itxaropentsu daude sektoreko eragileak.
Goierri aldean, esaterako, ia dena hartuta dago Niko Osinalde Goitur Goierriko turismo agentziako zuzendariaren esanetan: “Aste Santurako okupazio maila oso altua da eskualdean, eta data horren aurretik ere nabaritu dugu mugimendua badagoela”. Naturari lotutako eskaintzaz gozatzea izaten da Goierrira jotzen duten bisitarien helburua, eta dagoeneko hasi dira horientzako jarduerak antolatzeko lanetan: mendi ibilaldiak, bisita gidatuak museoetara, gaztandegietara, sagardo dastaketa… Baina, aldi berean, “zuhurtziaz” jokatzen ari direla onartu du: “Oraingoz, aurreikuspenak onak dira, baina egun batetik bestera edozer gerta daiteke”.
Aste Santua, oro har, euskal turismoarentzat garai ona dela dio Osinaldek, eta, aurten, are hobea: “Gabonetatik Aste Santura bitarte ez da zubirik egon; ondorioz, jendea mugitzeko gogoz dago”. Goiturreko zuzendariaren hitzetan, valentziarrak eta kataluniarrak izan ohi dira Goierrira joaten diren bisitari gehienak. Baina, horiez gain, Bizkaian eta Araban ere ari dira promozio lanak egiten.
Gipuzkoako landetxeen kasuan, berriz, horien %56 hartuta dago dagoeneko. “Nahiko datu ona da, jakinda Aste Santua iristeko hilabete baino gehiago falta dela”, dio Idoia Ezkurdia Nekatur elkarteko eledunak. Joan den urtean, pandemiaren eragina nabaria izan zen, baina balorazio positiboa egin zuten, eta aurten ere hala izatea espero dute: “%27ko okupazioa izatetik, %87ko okupazioa izatera igaro ginen egun gutxiren buruan; pandemia aurreko datuak lortu genituen”.
Azken bi urteotako egoerak, gainera, onurak ere ekarri dizkiela nabarmendu du Ezkurdiak: “Hainbeste itxialdik jendeak natur esparruetara joan nahia ekarri du, eta, horren ondorioz, bezero berriak lortu ditugu”.
Joera aldaketa
Hala ere, turismoa egiteko moduan “joera aldaketa bat” izan dela nabaritu dute HAGI Gipuzkoako Hotelen eta Ostatuen Elkarteko arduradunek. “Azken urteotan bizi izan dugun egoera ikusita, jendeak azken unera arte itxaroten du orain erreserbak egiteko”, kontatu du Jon Etxabe HAGI elkarteko komunikazio arduradunak. Haren hitzetan, jendea Aste Santua baino “astebete edo bi lehenago” hasiko da mugitzen. Hortaz, oraingoz, nahiago dute aurrera begirako aurreikuspenik ez egin: “Espero dugu gauzek bere horretan jarraitzea eta egoerak okerrera ez egitea”. Osinaldek ere nabaritu du joera aldaketa hori: “Jendea zer gertatuko zain dago, mugitzen hasi ahal izateko”.
Leave a Reply