Aireratzen ari da pixkanaka

Aireratzen ari da pixkanaka

Olatz Enzunza Mallona

Hondarribiko aireportuak gorabehera ugari izan ditu 1955ean eraiki zutenetik. Urteek aurrera egin ahala, baina, ari da pixkanaka-pixkanaka martxa hartzen. Azken hilabeteotako datuek erakusten dutenez, handitzen ari da aireportuko bidaiarien kopurua, eta aurrera begira ere kopuru horrek goraka jarraitzea espero du Javier Zubia Gipuzkoako bazkundeko idazkari nagusi eta Hondarribiko aireportua sustatzeaz arduratzen den Ortzibia elkarteko bozeramaileak: “Etenik gabe ari gara lanean aireportuak ahalik eta eraginkortasun handiena izan dezan”.

Azken urteotan egindako inbertsioen ondorioz, egun 140 eta 150 plazako hegazkinak hartzen ditu aireportuak. Eta aldaketa horrek “hobekuntza ugari” ekarri dituela uste du Zubiak: “Egun, Hondarribiko aireportua oinarrizko azpiegitura da Gipuzkoarentzat, onura ugari ekarri ditu: lana, bidaiatzeko aukera, turistak erakartzeko erraztasuna… Eta, konexio berriei esker, hazten jarraituko dugu”.

Pandemiaren eragina “sekulakoa” izan dela nabarmendu du Ortzibiako bozeramaileak, eta datuek ere hala erakusten dute: 2019. urtean 320.000 bidaiari izan zituen aireportuak, azken hamarkada osoko daturik onena; eta 2020an, berriz, 83.869 bidaiari baino ez, %73,8 gutxiago. Iaz berriro ere “hobera” egin zuten datuek: 155.000 bidaiari hartu zituen aireportuak. “Bizi izan dugun egoera ikusita, datu ona da; izan ere, ekainera bitarte, ia ezin izan genuen bidaiatu pandemiaren eraginez”, kontatu du Zubiak. Aurrera begira ere baikor agertu da: “Pixkanaka, pandemia aurreko datuak berreskuratzen ari gara, eta, helmuga berriak finkatuz, efizientzia handiagoa lortuko dugulakoan gaude”.

Hondarribiko aireportuaren biziberritzeak gainerako sektoreetan ere eragina izango duela uste du Zubiak. “Baina, batez ere, Gipuzkoak helmuga gisa sekulako interesa piztuko du; industrialki, ekonomikoki, turistikoki… jendea Gipuzkoara etorriko da, eta hori onuragarria izango da”, dio. Bide horretan, Ortzibiak egindako lana ere azpimarratu nahi izan du: “Ari gara egindako lanaren fruituak biltzen”.

Nazioarteko hegaldi bat

Aireportuaren hastapenean, Madrilera eta Bartzelonara baino ezin zen bidaiatu. Gerora, baina, areagotu egin ziren konexio horiek, eta egun, Espainiako Kanaria uhartera, Malagara, Sevillara, Mallorcara eta Menorcara bidaiatzeko aukera dute Hondarribiko aireportuko bidaiariek.

Horiez gain, berrikuntza bat ere izango da aurtengo udan: 2016an eta 2017an izandako Londresko hegaldia berreskuratuko du aireportuak. Uztailaren 8tik irailaren lehen astera bitarte, astean bitan, bidaiariak zuzenean joan ahal izango dira Gipuzkoatik Londresko City aireportura, Cityflierren bidez. Enbraer 190 hegazkina erabiliko dute, 98 plazakoa. “Oraingoz, hori izango da 2022ko argazkia; aurten, ez dut uste hegaldi gehiago aterako dugunik, baina lanean jarraituko dugu”, esan du Zubiak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.