Danel Agirre
Bizitza askoz modu baikorragoan ikusi nahi baduzu, zure suizidio oharra idatzi behar zenuke, nik duela pare bat hilabete egin bezala. Eta ez larritu, ama, beti bezain felixiano jarraitzen dut eta, bizarrik gabeko David gnomo bat bezala, ni ere, bera bezala, gero eta gizenago. Neure buruari urteroko azterketa teknikoa egiteko modu originala iruditu zitzaidan suizidio oharrarena, besterik ez, eta bukatutakoan benetan eraginkorra dela ondorioztatu nuen.
Ongi idatzitakoek (motz-motzak eta egoistak ez direnek, alegia, Virginia Woolfena eredugarria iruditzen zait, adibidez) bi osagai funtsezko izaten dituzte. Batetik, bizitzetik dimititzea eragin duen zergatiaren erreseina. Izan daiteke zapuztutako amodioren baten kontaketa dramatikoa, herri txiki baten hersturari buruzko kexua edo bankuekin pilatutako zorren inguruko aitormena. Bestetik, itxiera gisa, maite den eta bakarrik geratzera doan horri igorritako mezu bihozbera, trantze gogorrean kontsolamendu apur bat eskaini nahi duena. Guztira, bizpahiru paragrafo nahikoak dira. Garbiak eta zintzoak izatean datza gakoa.
Bere testuinguru naturaletik aterata, alegiazko suizidio ohar bat prestatzearen ariketa erabil daiteke norberaren barrenean due diligence eguneratu bat lortzeko. Auditoretza emozional horretan azaldutako gakoak gero modu efikazean erabiltzea ausardia kontua baino ez da. Galbidera eraman baino lehenago, antzeman eta fumigatu dezakegu erraiak jaten ari zaigun pipia. Eta identifikatu nor den serio mimatu beharko genukeen hori, eta behingoz serio mimatzen hasi.
Suizidio ohar imajinarioa prestatzeak psikoanalista argentinar bati astero bisita egiteak baino nagikeria gutxiago eragiten du, jakina. Doan da, eta, batez ere, ez dago psikoanalista argentinar baten matrakarik eta fartsarik jasan beharrik, eta psikoanalista argentinar bat bezain pitzatuta bukatzeko arriskua ere ekidin egiten da.
Gomendio bakarra erantsi dezaket. Behin idatzi, forentse jarrerarekin irakurri eta ondorioak ongi murtxikatutakoan, suizidio oharra desagerraraztea da onena. Nik motxilan eraman ohi dudan koadernotxo beltzean izkiriatuta neukan, baina parkeko zakarrontzira bota berri dut. Asteburuan gaindosi batekin hiltzen irudikatu dut neure burua, bat-batean. Edo plazer sexualaren bila nahi gabe asfixiaturik, maindirea lepoan. Total eginda metroko nasatik erori eta bagoiaren azpian. Modurik txoroenean nireak egingo balu eta suizidio ohar bat topatuko balidate, amak artikulu txatxu hau ahaztuta eduki lezake, eta benetan neure buruaz beste egin izanaren hipotesia sinetsi. Azkenean hain felixianoa, hain bizarrik gabeko David gnomoa ez nintzela izan pentsatuko luke. Eta inola ere ez dut nahi hori gertatzerik.
Leave a Reply