Matrikulazio garaia ikastetxeetan. Eskaintzak han eta hemen. Eta eskolak, urtero bezala, etxeko lan ugari bere motxilan. Gero eta gehiago: neska-mutilak berdintasun balioetan heztea, etorri berri diren familietako seme-alabak gure gizarte-moldeetarako prestatzea, ikasleak txikitatik teknologia berrietan trebatzea… eta, nola ez, klasiko bat: euskalduntzea.
“Eskolak euskaldundu behar du!” esaten da maiz, eta bati burura etortzen zaion galdera da ea noiz utziko ote dion herri honetan eskolak gizartea euskalduntzeko ardura hori modu ia esklusiboan bere gain izateari.
Eskolaren emaitzak aztertzen dira. EAEn adibidez, alderatu egiten da nolako emaitza akademikoak lortzen dituzten ikasleek Europako batez bestekoarekiko, matematikan edo ingelesean, esate baterako. Eta, nola ez, aztertzen dira ere euskara eta gaztelaniako gaitasunean ikasleek lortzen dituzten emaitzak. Nolako erraztasuna lortzen duten etxetik erdaldun diren 10 urteko neska-mutilek euskarazko ipuinak kontatzeko, zenbateko lexiko ezagutza duten ikasleek euskaraz eta gaztelaniaz 16 urtera heltzean, eta abar.
Ikasleak matematikan beren adinerako curriculumean aurreikusitako ezagutzak bereganatzera iristen ez badira, eskolari begiratzen diogu. Baina, euskarazko edo gaztelaniazko gaitasunarekin gauza bera gertatzen denean, eskolari bakarrik begiratu behar al zaio? Eskola al da, akaso, ikasleek euskarazko eta gaztelaniazko eguneroko elikadura —erabilera erreala, besteak beste— jasotzeko duten leku bakarra? Bistan da EAEko milaka ikaslerentzat euskarari dagokionean eskolak ia iturri bakar izaten jarraitzen duela. Baina… iturri horretatik jasotakoarekin ikasleek nahikoa ez duten kasuetan… hainbat urtez eta hainbeste eman duen iturri bakar horri begira jarraitu behar al dugu? Eta beste iturriak?
Esate baterako, Eustat-eko datuen arabera, 1991n EAEko biztanleen %13,8k egiten zuen euskaraz etxean. 2001ean %13,6 ziren hala egiten zutenak. Ia aldaketarik ez. Eta galdera da: EAEko familien erabileran euskaraz egiten dutenen proportzioa denbora horretan, maila berean mantendu ordez, %14tik %22ra pasa izan balitz, eskolak —gaur egungo eskola horrek berak— orain adina euskaldunduko luke, edo gehiago? Utz dezagun familia. Gatozen aisialdira, zinemara, adibidez. Haur eta gazteentzako zinemak nolako bilakaera izan du 20 urtean? Sektore horretan eskaintza berri eta erakargarriaren erdia euskaraz balitz gaur egun, eskolak gaur egun baino errazago eta hobeto euskaldundu-ko luke, edo ez? Edota gazteentzat erreferentziazkoak diren gizarteko pertsona helduak, telebistan eta kalean egunero eredugarri zaizkienak, horiengan euskara urtetik urtera gehiago erabiltzen dela ikusiko balute, eskolak errazago euskaldundu-ko luke, edo ez?
Matrikulazio garaia pasako da, eta etorriko da ikasturte berria. Egingo dira ebaluazio berriak ere. Eta, seguruenik, horietan ikusiko da ikasleen %X bat ez dela iristen EAEko gizartearen gehiengo oso nabarmen batek ontzat ematen duen helburura: biharko helduak, gaurko haur eta gazteak, derrigorrezko eskolaldia amaitzean ofizialak diren bi hizkuntzetan hitz egiteko gauza izatea.
Eta, hala bada, berriz ere entzungo dugu… “zerbait egin behar zaio iturri horri. Zerbait aldatu behar da eskolan!” (beste guztia berdin uzteko).