Hausnarketarako bidea

Hausnarketarako bidea

Unai Zubeldia

Deuseztatu, gauza asko deuseztatu ditu COVID-19aren pandemiak, baina, bere txarrean, fruitu berriak emateko ere balio izan du. Lasarte-Oriako Euskal Dokumentalen Zikloa da horren erakusgarri. “Ez genuen sortu oso modu kontzientean; ia-ia kasualitatez iritsi zitzaigun aukera”, adierazi du Mikel Yarza Lasarte-Oriako Okendo Zinema Taldeko kideak eta zikloaren antolatzaileetako batek. “Guk urte osoan programatzen dugu zinema Lasarte-Orian; dagoeneko 35 urteko ibilbidea dauka zineklubak, eta ohartu ginen kutsu sozial handia zeukaten sormen lan dezente geneuzkala inguruan”. Gizarte gaiak “edo gai politikoak” lantzen zituzten film-dokumentalak ziklo bakarrean bildu, eta Lasarte-Orian iaz eman zuten pausoa lehen aldiz. “Film guztiak egitura zabalago baten barruan kokatuta, ikusgaitasuna emango geniela iruditu zitzaigun”.

Eta asmatu zutela esan daiteke. “Herritarrek oso harrera ona egin zioten zikloari. Horregatik, aurten ere segida eman nahi izan diogu apustu horri”, azaldu du Okendo Zinema Taldeko kideak. Atzo hasi zen zikloa, Bolante baten historia film-dokumentalaren proiekzioarekin —Jose Miguel Etxeberria Alvarez Naparra Komando Autonomo Antikapitalistetako militantearen desagerpenari buruzkoa da—, eta beste lau film ikusteko aukera izango da bihartik martxoaren 27ra arte. Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean izango dira saio guztiak, 20:00etan. Sarrerak salgai daude Lasarteoriasarean.eus webgunean, eta kultur etxeko leihatilan bertan ere erosi ahal izango dira, 6 euroan.

Yarzak onartu du iaz “oso errealitate berezian” jaio zela Lasarte-Oriako Euskal Dokumentalen Zikloa. “Oso neurri murriztaile zorrotzak zeuden iaz, herritik ere ezin ginen atera artean, ia aukera bakarra zen zikloarena, eta herritar asko etorri zen saioetara; ia emanaldi guztietan lepo bete zen kultur etxea”. Yarzak azpimarratu du, gainera, euskal ekoizpenetan “ahalegin berezia” egiten dutela sortzaileak gonbidatzeko. “Izan zuzendariak, izan aktoreak… Eta horrek erakarri egiten du ikuslea. Herritar horiei gehigarri bat eskaintzen diegu zinema aretoetara joateko. Herritarrak inplikatzea eta denon arteko solasaldi bat izatea da helburuetako bat”.

Gertuko istorioak

Alde horretatik, herritarrek gertakari eta mugimendu historiko asko “oso gertuko” sentitzen dituztela esan du Yarzak. “Eta parte hartzeko eta hitz egiteko prest egoten dira gehienak”. Ez, eskerrik asko! Gladysen leihoa antinuklearrei buruzko lana; Non dago Mikel? Mikel Zabalzari buruzkoa; Bi urte, lau hilabete eta egun bat Lander Garro zuzendariarena, intsumisioari buruzkoa… Lan horiek eskaini zituzten iaz Lasarte-Orian. “Jendeak Euskal Herrian oso gertutik bizi izan dituen istorioak dira guztiak, eta nabarmena izan zen herritarrek parte hartzeko zeukaten gogoa”.

Yarzak gertuko istorio horien artean sartu du martxoaren 27an ikusi ahal izango den filma ere: Aita Mari, Javi Juliok zuzendua. “Europan bertan migratzaileen istorioak lehen lerroan hain presente ditugun garaiotan, oso lan gordina da Aita Mari; berehala ahazten ditugun migratzaile horiei buruzko lana da, eta oso irudi indartsuak dauzka, Mediterraneoan bertan grabatutakoak eta sekula ahaztu beharko ez genituzkeenak”.

Lasarte-Oriara, herritarrengana “zinema gerturatzea” da aurten bigarren urtea izango duen Euskal Dokumentalen Zikloaren helburua. “Helburu zinematografikoa daukagu lehenengo, eta kutsu soziala ondoren, gogoeta sustatzea ere badelako gure asmoetako bat”. Gaur-gaurkoz, zazpi lagun ari dira lanean Lasarte-Oriako Okendo Zinema Taldean. “Urritik ekainera bitartean programatzen ditugu filmak, hamabostean behin, ostiraletan. Urrian hasten gara, guretzat, urtero, Donostiako Zinemaldia izaten delako abiapuntua, irailean. Oso kontuan edukitzen ditugu horko hitzorduak, guk ere programatzen ditugulako gero”. Udan kanpoaldean ere eskaintzen dituzte hainbat film, herriko hainbat plazatan.

Gazteak erakarri nahian

Yarzak onartu du “altu samarra” dela filmak ikustera joaten diren herritarren batez besteko adina. “Kostatu egiten da jendea erakartzea, euskal istorioak ez direnean batez ere. Danimarkako edo Argentinako filmak eskaintzen ditugunean, adibidez, ez da jende asko etortzen, baina dokumentalek jende gehiago erakartzen dute normalean”. Gaiei dagokienez, musikak erakarpenerako “indar berezia” daukala azpimarratu du zikloaren antolatzaile taldeko kideak. “Berri Txarrak musika taldeari buruzko dokumentala, El Drogasena… Emanaldi horietara etortzen dira gazteak, baina egia da Bolante baten historia, Apaiz kartzela, Hijos de dios, Tipularen sehaska kanta, Aita Mari…, horrelako gai sakonagoetan gehiago kostatzen dela gazteak ikustea”.

Gazte eta ez hain gazte, Yarzak zikloan parte hartzeko gonbita egin die herritar guztiei. “Transmisio lanerako bide erraz bat delako zinema”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.