Juan Luis Zabala
Berez zerikusi zuzenik gabeak izan arren, uste dut antzeko errealitate batzuk ikusarazi dizkigutela azken bi urteetan mundua —edo behintzat gure gertuko ingurua: Mendebaldea, Euskal Herria, Gipuzkoa…— astintzen ari diren bi gertakari nagusiek: COVID-19aren pandemia eta Errusiak Ukrainari egindako gerra-erasoa.
Bietan pentsamendu korronte nagusi bana sortu da, hedabide eta politikari gehienek sostengatua eta herritar gehienok geureganatua, iritzi publikoa deitu ohi dena blaitzeraino: pandemiaren kasuan, egoeraren larritasunaren aurrean zientziaren —eta zehazki txertoen— premia, gaitza mendean hartu eta osasungintzako zerbitzuen kolapsoa eragozteko; Ukrainako gerraren kasuan, Errusiaren —eta haren irudi deabrutua den Vladimir Putinen— gehiegikeriaren eta arriskuaren salaketa eta Ukrainaren eta ukrainarren aldeko jarrera, errefuxiatuei laguntzeko ez ezik baita beren herrialdea defendatzen laguntzeko ere. Laburbilduz: txertoak bai, Putin ez.
Baina iritzi nagusi horien aurkako korronteak ere sortu dira, aski indartsu, eta kasu askotan pandemiari buruzko iritzi ofizialaren aurkakoak izan dira gerraren kasuan ere informazio-uholde nagusiari buruzko mesfidati agertu eta pentsamendu bakar eta gidatuegia kritikatu dutenak. Logikoa izan daiteke jende bera izatea txertoen egokitasuna zalantzan jartzen duena eta Ukrainaren aldeko jarrerari uko egiten diona, oinarrian mesfidantza bera egon daitekeelako bi kasuetan. Harritu egin nau, hala ere, mesfidantza horrek muturreko baieztapen zentzugabeetara eraman duen jendeak foro batzuetan izan duen harrera onak eta predikamentuak. Pentsamendu bakarraren aurka jotzeak pentsamendurik eza zilegituko balu bezala; kritiko izateak hiperkritikoen gehiegikeriak ez kritikatzea eskatuko balu bezala.
Pandemiaren kasuan nahiko tragazionista naiz, eta txertatu fededuna. Azkenaldian zalantza batzuk sortu bazaizkit ere, susmoa dut —erabateko konbentzimendurik gabekoa— txertorik gabe pandemiak min handiagoa eginik izango zigula eta egingo zigula aurrerantzean ere.
Ukrainari begira, aitzakiak aitzakia —eta aitzakien artean arrazoi batzuk ere badirela aitortuta ere—, ezin dut inondik inora ere ontzat jo Putinek zuzendutako erasoa, ezin defendituzko gehiegikeria iruditzen zait beste erremediorik ez zeukala esatea.
Baina kontu batean bat nator negazionista, ukatzaile eta konspiranoiko deitu ohi zaien horiekin. Begien bistakoa da, nire ustez, bai pandemiak eta bai Ukrainako gerrak sendotzen laguntzen diotela agintea, boterea, sistema, establishment-a, kapitalismoa deritzogun horri. Ziurgabetasuna, ezinegona eta beldurra handitzearekin batera, indibidualismoa eta kontrol soziala areagotzen ari dira, oposizioa ahultzen, ezkerra lehenaz gain zatitzen, atomizatzen eta zirtziltzen, politikariak aspaldidanik diren txotxongilo paraplegikoak berak ere lehen baino are txotxongiloago eta are paraplegikoago bihurtuta.
Agintea, boterea, sistema, establishment-a, kapitalismoa… esatean nori buruz ari garen? Ba al daki inork? Ba al daki inork bolante erraldoi horri eskuren batek heltzen dion ere? Ba al daki inork zer den beldurgarriagoa: bolanteari esku beltz batek eusten diola pentsatzea, ala gidatuko duen eskurik gabe ari dela gu guztiok auskalo nora eramaten?
Leave a Reply