Baretu da konfrontazio giroa

Baretu da konfrontazio giroa

Unai Zubeldia

“Albiste ona da hilerri berria zabaltzea”. Horretan ados daude Debako Udaleko hiru taldeak: EH Bildu (sei zinegotzi), Debarren Ahotsa (lau zinegotzi) eta EAJ (hiru zinegotzi). Gaur zabalduko dute, Artzabal auzoan. Baina 2017an, aurreko legealdian, hilerri berria eraikitzeko prozesua martxan jarri zutenetik, gorabehera asko izan da. Pedro Bengoetxea Debarren Ahotsa plataformako zinegotzia zen alkate orduan —2015ean hartu zuen kargua—, eta 2019tik Gilen Garcia (EH Bildu) da alkatea. “Gehiago edo gutxiago gustatuko zaigu hilerri berria, baina azpiegitura prest dago, eta baliatu egin behar dugu”, azaldu du Garcia alkateak. Amillagako hilerrian tokirik gabe gelditzen ari ziren Deban, eta gune horretan garapen urbanistikoa ere aurreikusita zeukan udalak. Horri tiraka hasi ziren lantzen hilerri berriaren gaia, 2017an. Hori bai, Bengoetxeak esan du 1996an jada mahai gainean zegoela hilerriaren inguruko eztabaida, eta ordurako Luciano Pagaegi arkitektoari eskatu ziotela proiektua idazteko. “1998ra arte ez zuen garatu, eta 2007ra arte ez zen zehaztu hilerriaren kokaleku berria”, adierazi du Bengoetxeak.

Debako hilerri berria.

Garciak azaldu du urteotan hainbat aukera jarri izan direla mahai gainean. “Eta Debarren Ahotsak 2015-2019ko legealdiaren amaieran aktibatu zuen Artzabal auzoko proiektua, ez modurik egokienean”. Izan ere, egungo alkatearen hitzetan, Debarren Ahotsa plataformak “korrika eta presaka, hilerriari buruzko dokumentua bi ordu lehenago aurkeztuta” eraman zuen gaia udalbatzarrera. “Horregatik abstenitu zen EH Bildu, ez berez proiektuaren aurka zegoelako, aztertzeko denborarik ere ez genuelako izan baizik”. “Eta eskerrak!”, gaineratu du alkateak. “Baimen asko ez zeudelako eskatuta; Uraren Euskal Agentziarena, esaterako. Herrian oso ezaguna den pertsona bat salaketak jartzen hasi zen, Kostaldeko Legea dela-eta Mutrikuko Natur Taldea ere bai…”.

2019an hauteskundeak irabazi eta alkate kargua hartuta, epaitegietatik salaketak iristen ari zirela ikusi zuen Garciak, eta prozesua behin-behinean gelditzea erabaki zuen. “Batzuek esaten zidaten pertsona bakar baten kontua zela, dena ondo zegoela, proiektuak aurrera egin behar zuela. Baina epaitegitik zitazio gehiago iristen ari ziren, eta prozesua gelditzea erabaki nuen”. Udalbatzarraren babesa behar zuen, ordea, erabaki hark, eta Debarren Ahotsak eta EAJk hilerriaren proiektuarekin aurrera egitearen alde bozkatu zuten —udal akordioa lortu zuten 2015-2019 legealdian—. “Neure erabakiaren kontra bazen ere, gehiengoaren esana errespetatzea erabaki nuen”, zehaztu du alkateak. “Hori bai, zentzuz jokatuz. Bozketan argi utzi genuen guk ez geneukala ardura juridikorik, proiektuak haien egoskorkeriagatik egingo zuela aurrera”.

Lan batzorde teknikoa, iaz

Beharrezkoak ziren baimen guztiak lortu ezinik egoera beste behin blokeora bidean zihoala jabetuta, 2021eko martxoaren 25ean bozeramaile batzordearen bilera bat egin zuten udaletxean, hilerria gai bakar gisa hartuta. “Lan batzorde tekniko bat sortu genuen han, talde politikoetako ordezkariekin, idazkariekin eta obrako teknikariekin, eta ordutik aho batez hartu ditugu erabakiak; alderdien joko zikina neutralizatzeko mugimendua izan zen lan batzorde teknikoa sortzea”, esan du Garciak. Azken baimenak “duela hilabete gutxi” iritsi direla azpimarratu du alkateak. Udalaren datuen arabera, 1,9 milioi euroko kostua izan dute lanek.

Bengoetxeak garrantzia kendu nahi izan die eztabaidei, salaketei eta alderdien ikurrei. “Egia da hasiera batean uzkur zegoela EH Bildu, eta ulertzekoa da, baina, behingoz, lortu dugu zerbitzu berri hau eskaintzea. Batak egin edo besteak egin, herriak behar zuen hilerri berria. Gure aldetik ez dago arazorik EH Bilduren agintaldian inauguratu izanarekin”.

DEBAKO HILERRI BERRIA

Debarren Ahotsa plataformako zinegotziak gogoratu du eurek 2017-2018an erosi zutela Artzabal auzoko lursaila. “Orduan egin genuen behin betiko apustua, nahiz eta herri honetan, dauzkan ezaugarriengatik, beti egoten diren arazoak baimenekin. Pertsona bakar baten etengabeko salaketak egon dira tartean, eta Debakoa ez denarentzat ezinezkoa da ulertzea nola behar diren bost urte hilerri berri bat egiteko”.

Eztabaidak eztabaida eta ia bost urteko azken prozesuaren ondoren, gaur zabalduko ditu ateak Debako Artzabal auzoko hilerri berriak, laikoak. “Hilerri berdea da, eta parke baten itxura dauka. Lurperatze unitate guztiak berdinak izatea da asmoa, eta, horri esker, pertsonen arteko berdintasuna bultzatuko da espazio honetan ere”, azaldu du Garciak. Horman jarritako banakako 54 nitxo daude hilerri berrian, sei modulutan banatuta —bederatzi nitxo modulu bakoitzeko—; lur azpiko 30 nitxo daude; 972 errauts kutxatarako espazioa dago lurperatutako kolunbarioetan; errautsen parke bat ere badauka; eta hezurtegi bat. Horrez gain, ekitaldi areto bat, bi beilatoki, hilerri zaharreko hiru panteoi —ondare babestu gisa izendatuta daude—, Paleoi ibai terraza bat eta hutsik dagoen espazio bat ere izango ditu.

EAJ, atzerapenarekin kexu

Iñigo Cambronero Debako Udaleko EAJko zinegotziak onartu du “urte askoan zain zeuden proiektua”bururatuko dela gaur. “Oztopo asko izan ditugu urteotan; ingurumen arloko arazoak, epaiketak… Proiektuak aurrera egin ez zezan, trabak jarri dizkigute bidean, eta azken urteotan ere beste salaketaren baten beldurrak baretu egin du lanen erritmoa”. Cambronerok gustura ikusiko zukeen proiektua gauzatuta duela urtebete. “Nire ustez, gehiegizko zuhurtziaz aritu da alkatea, eta atzerapenak nabarmen eragingo dio garapen urbanistikoari”. Izan ere, hilerri zaharretik hilerri berrirako lekualdatzea gauzatzeko “arau zorrotzak” errespetatu beharko dituztela aurreratu du alkateak. “Desegin egin behar da hilerri zaharra, gorpuak banan-banan atera, erraustu, etxera edo hilerri berrira eraman… Hori ere ez zegoen kontrastatuta herritarrekin, belaunaldien arteko talka handia dago, eta oso kontuz landuko dugu gai hori, bilera batera deituta, askorentzat benetako kezka delako gorpuekin zer egin erabakitzea”.

EAJko zinegotziak azpimarratu du herritarren artean berrehun sinadura bildu dituztela, udalak hilerriaren proiektuaren inguruko informaziorik ez duela eman salatzeko. “Bat egiten dut herritar askoren sentimendu horrekin. Jendeak ezinegon handia dauka gorpuen lekualdatzearekin, hilerri berriko zerbitzuekin… Oso gai delikatuak dira horiek, adinarekin eta alderdi politikoen koloreekin zerikusirik ez daukatenak”.

Debako alkateak gezurtatu egin du udalaren aldetik informazio falta egon denik. “Aldizkari bat publikatu dugu informazio guztiarekin, galdetegi bat ere prestatu dugu kezkak jasotzeko… Eta lekualdatzearekin bilera ireki bat ere egingo dugu”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.