Euskararentzako oinkadak

Euskararentzako oinkadak

Miren Garate

Korrika batzordeak aspalditik ari dira lanean; puntu-puntuan daude furgonetak; prest musika eta bozgorailuak; eta lekukoa ere eramana dute abiapuntura. Pandemia dela-eta urtebeteko atzerapenarekin bada ere, atzera kontaketa hasi da: sei egun falta dira 22. Korrikari ekiteko. Amurrion (Araba) abiatuko da, Hitzekin leloarekin, eta, lehen eguna Araban bertan egin ostean, Bizkaian barrena, biharamunean iritsiko da Gipuzkoara; gaur zortzi, beraz. Amaiera ekitaldia ere Donostian izango da, apirilaren 10ean.

Eibar izango da Gipuzkoan zapalduko duen lehen herria. Hango euskaltegiko kideek gogotsu sumatzen dute jendea. “Orain Korrika Kulturalarekin ari gara, eta harrera ona izan du. Jendea parte hartzeko gogoarekin sumatzen dugu. Urtebeteko atzerapenak gogoa handitu-edo egin du”, esan dute.

Gipuzkoan goiz bakar bat iraungo du lehen sartu-irten horrek, eta Debabarreneko eta Debagoieneko herrietan ibiliko da Korrika: Elgoibar, Soraluze, Bergara, Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatza eta Leintz Gatzaga zeharkatuko ditu. 2.180 kilometroko ibilbidean, herri mordo batetik pasatuko da aurten ere euskararen aldeko lasterketa, baina guztietatik ezin, eta izan da antolatzaileek prestatutako ibilbidea ikusita pena hartu duenik.

Oñati, Legazpi, Elgeta…

Oñati da horietako bat. Gerturatu, bai, egingo da, Bergara eta Arrasate artean dagoen Elorregi auzotik pasatuko delako, baina ez da herrian sartuko. Horregatik, Korrika Txikia egingo dute Oñatin, eta, hura amaitzean, bidegorritik joango dira korrika, eragileen artean lekuko bat txandakatuz, Korrika ofizialarekin bat egiteko. Oñatiren izenean kilometro bat egingo dute han.

2019-04-12, Getaria. 21 Korrika.   12-04-2019, Getaria. Korrika 21.

Korrikaren historian, ohikoa izan da Oñati eta Legazpi lotzea, Udanako errepidearen bidez. Itxita dago errepide hori, eta, lehen aldiz, Legazpi ere ibilbidetik kanpo geratu da. Horren berri izan zutenean, hango udalak idatzi bat ere bidali zien antolatzaileei, euskararen aldeko ekitaldia Legazpitik pasatu zedila eskatuz. Ez da posible izan, baina herrian ere antolatu dituzte hainbat ekitaldi: hala nola, erakusketa bat zabalduko dute gaur bertan, 1980tik gaur egunera arteko Korrikak gogoratzeko. “Horrelakoek erakusten dute Korrikak baduela atxikimendu sendo bat, ez dela lasterketa herritik pasatzea eta lekukoa eramatea bakarrik”, esan dute Korrikaren antolatzaileek. Elgetan ere, ibilbide ofizialetik kanpo geratu direnez, Herri Korrika egingo dute.

Gipuzkoan lehen aldiz sartu ostean, Arabara itzuliko da Korrika. Hain zuzen ere, gainerako lurraldeetan egingo du ia hurrengo aste osoa, eta apirilaren 7an (osteguna), gauerdia iristear denean, itzuliko da berriro. Hau da, Korrikaren azken txanpara arte itxaron beharko dute Gipuzkoako herri gehienek lasterka egiteko. Bigarren sarrera hori kostaldetik egingo du, Mutrikutik, eta Urola Kostara joango da handik, ilunpean. Itxaronaldia arintzeko, Zumaian, adibidez, afaria egingo dute, eta zanpantzarrak ere ateratzekoak dira korrika egitera.

Gauaren xarma

Korrika gauez igarotzeak izaten du eragina jende kopuruan, eta eragileek errazago erosten dituzte kilometroak egunez pasatuz gero. Baina, aldi berean, xarma puntu bat ere izaten dute gaueko lasterkaldi horiek. “Hunkigarria eta pozgarria ere izaten da, 03:00ak edo 04:00ak izan, eta ikustea hala ere jendea ateratzen dela”, azaldu dute Zarauzko AEK-ko kideek. Ordurik egokiena ez izanda ere —04:26rako iragarrita dago—, jende askok parte hartzea espero dute. Era berean, kilometroa erosten dutenek nahiago izaten dute herri barruan egokitzea beren zatia, baina herriz herriko tarteak ere bete behar izaten dira. “Guk zozketa egiten dugu kilometro bakoitza nori egokituko zaion jakiteko”.

Gaur hamabost igaroko da Korrika Beterriko eta Tolosaldeko hainbat herritatik ere. Altzon, herrigunetik pasatuko da, 1989tik lehen aldiz. Eta aurten Kilometroak jaia Ibarran izango denez, jaiaren koordinatzaileek emango dute lekukoa herri horretan.

Goierritik igaro, eta berriz ere atera egingo da Gipuzkoatik. Azkenaurreko eguna Nafarroan eta Lapurdin egingo du, eta azken orduak, atzera ere Gipuzkoan. Igandean, apirilaren 10ean, 00:53an hartuko dute lekukoa Irunen. Ziur asko, pasadizo bitxi bat baino gehiago utziko ditu aurtengo ekitaldiak ere, bat-batean sortuko direnak, baina jakinak ere badira beste batzuk. Esaterako, Oiartzualdeko Korrika arduradunek iragarri dute Pasaian traineruan eramango dutela lekukoa arraunlariek Donibanetik Albaolara.

Azken ekitaldia, Donostian

Donostiara 07:30 aldera iritsiko da Korrika, eta Gipuzkoako hiriburuan egingo ditu azken kilometroak. Azken metroak, berriz, Bulebarrean egingo ditu. Behin amaitutakoan, jaiak jarraitu egingo du arratsaldean ere. Hainbat gune prestatuko dituzte, eta, antolatzaileen esanetan, adin guztietako herritarrentzako jarduerak izango dira, hala nola kontzertuak, musika kalean, bertsolariak, aurtengo Korrikan omenduak izan diren Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen emanaldia… COVID-19aren eraginez hilabeteetan desagertuta egon ondoren, herri bazkariak ere izango dira, Trinitate plazan —aurrez erosi behar da txartela—.

Nabarmendu dute “Donostiatik sortutako egitaraua” izango dela azken egunekoa. Besteak beste, Ongi Etorri Eskolara proiektukoekin, Piratekin, SOS Arrazakeria elkartekoekin eta beste hainbatekin aritu dira elkarlanean. Korrika baliatuko dute Gipuzkoako gazte sortzaileen sarea aurkezteko ere. “Egun horretan jai erraldoi bat izango dugu, baina biharamunean, hurrengo hilabeteetan eta hurrengo urteetan, zer? Nahi genuen arrastoa utziko zuen ekitaldi bat izatea, euskararen inguruan lanean ari diren dinamika horiei begira”, esan dute amaierako ekitaldi hori antolatzen ari direnek.

Leave a Reply

Your email address will not be published.