Irati Aizpurua: “Ohituretatik dator askotan indarkeria obstetrikoa”

Irati Aizpurua: “Ohituretatik dator askotan indarkeria obstetrikoa”

Miren Garate

Indarkeria obstetrikoaz hitzaldia emango du Irati Aizpurua Alkezar abokatuak (Donostia, 1987), asteazkenean, 18:30ean, Azpeitiko Emakumeen Txokoan. Indarkeria obstetrikoa kontzeptuaz eta haren atzean dagoenaz hitz egiteaz gain, Aizpuruak ikuspegi juridikotik ere helduko dio gaiari.

Espainiako Gobernuak sexu eta ugalketa osasunari buruzko legearen barruan jaso nahi du indarkeria obstetrikoa. Beste toki batzuetan juridikoki onartuta al dago indarkeria mota hori?

Espainiako Estatuan, emakumeen aurkako indarkeriaz hitz egiten denean, oso kontzeptu mugatua izaten da oraindik; normalean, bikotekideak edo bikotekide ohi batek egiten duenean hartzen da indarkeriatzat. Nazioarteko testuetan, ordea, zabalagoa da indarkeria matxistaren kontzeptua. Katalunian, adibidez, 2020ko indarkeria matxistaren aurkako legean jaso dute espresuki indarkeria obstetrikoa, eta emakumeen aurkako indarkeria forma bat dela esaten da, indarkeria fisikoa, psikikoa edo sexuala bezala. Nazio Batuen Erakundeak ere txosten bat egin zuen 2019an, eta ulertzen du emakumeen aurkako indarkeria mota bat dela, eta, ondorioz, giza eskubideen aurkako praktika bat.

Espainiako lege horren harira, Medikuen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusia izan da indarkeria obstetrikoa kontzeptuaren aurka agertu denetako bat. Zergatik?

Indarkeria obstetrikoaren barruan, ez da indarkeria fisikoa bakarrik sartzen; erditzearen inguruan ematen den inguruabar guztia hartu behar da kontuan: tratua, babes emozionala… Indarkeria obstetrikoa, azken batean, norbaitek egiten du, eta indarkeria obstetrikoa aitortzea osasun arloko langileak kriminalizatzea dela esaten du kontseilu horrek. Alabaina, protokoloetatik eta ohituretatik dator askotan indarkeria obstetrikoa: badaude ginekologoak-eta esaten dutenak ‘nik egin dut, baina ez nintzen kontziente’. Batzuetan, planteatu ere ez da egiten egon daitezkeela egiteko beste modu batzuk.

Oraindik ere gai ezezaguna al da?

Bai. Horregatik dira interesgarriak hitzaldiak eta halakoak, joan behar garelako kontzientzia hartzen atzean dagoenaz. Indarkeria obstetrikoa ez da orain asmatutako zerbait, hor dago, sistemaren parte da, eta jendeari erremintak eman behar zaizkio nork bere esparruan aurre egiteko eta prebenitzeko. Indarkeria obstetrikoaren kontzeptua erabiltzen dugun profesionalon asmoa ez da izaten ‘mediku honek hau egin du’ esatea, alegia, banaka-banaka seinalatzea, baizik eta esan nahi dugu sistemaren gauza bat dela indarkeria eta aurre egin behar diogula. Profesionalei prestakuntza eman behar zaie, erditzeko bestelako modu batzuk badaudela erakutsi, gaiari buruzko ikerketak egin… Hori izango da indarkeria obstetrikoa saihesteko bidea.

Zer egin dezake indarkeria obstetrikoa jasan duen emakume batek?

Kasuan-kasuan ikusi behar da, jasandakoaren arabera. Baina aukeretako bat da, eta, gainera, errazena, osasun zentroan kexa bat jartzea. Ia beti egoten da egokia izan ez den traturen bat. Denok hasiko bagina idazten noiz ez gaituzten ondo tratatu, ez diguten informaziorik eman, gure baimenik gabe egin dituzten gauzak…, aldaketak azkarrago etorriko liratekeela uste dut. Hortik aurrera, guk jarritako kexari osasun zentroak eman dion erantzunarekin ez bagaude ados, Arartekora ere jo dezakegu, adibidez.

Eta epaitegietara noiz jotzen da?

Normalean, nahiko lesio fisiko edo psikologiko larriak egon direnean jotzen da epaitegietara. Izan ere, hemen osasun zentro baten kontra ezin da demanda bat sartu indarkeria obstetrikoagatik, juridikoki ez dagoelako jasota indarkeria hori. Kasu bakoitza modu indibidualizatuan aztertu behar da,horren arabera erreparazio bat lortzeko biderik egokiena zein izan daitekeen erabakitzeko. Batzuetan ez da gomendatzen prozedura judiziala irekitzea, baina badira beste hainbat kexa edo erreklamazio jartzeko bideak ere.

Zaila izan ohi da indarkeria obstetrikoa egon dela erakustea?

Prozesu luzeak izaten dira. Epaitegietara jotzea erabakiz gero, nik gomendatzen dut oso espezializatuta dagoen abokatu batekin joateko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.