Gazte-gaztetatik datorkio Loinaz Jauregiri (Beasain, 1962) interpretazio munduan aritzeko grina. Umea zela, Egan taldean aritu zen abeslari. “Ez oraingo Eganekin, Saldiasek-eta, haien taldea sortu baino lehen edo garai bertsuan Egan izeneko rock talde bat sortu zuten Beasainen Erguin anaiek”. 9 bat urte zituen artean, eta bi urte inguruz aritu ziren kantari. Umetako abentura hura ataka bihurtu zitzaion 18 urterekin. “Hemen orduan ez zegoen ezer. Ez telebistarik, ez antzerkirako tradiziorik… Karrera bat ikasi edo Madrilera interpretazioa ikastera joan, hori zen zalantza. Beharbada ez nintzen oso ausarta, baina inguruko giroak ere ez zuen laguntzen pauso hori ematen”. Ikasle ona zenez eta “gauza seguruagoa” zenez, Zuzenbidea ikastera joan zen egun bizitoki duen lekura, Donostiara.
Unibertsitatean zebilela, Euskal Telebista jarri zen martxan, eta Eusko Jaurlaritza ikastaroak antolatzen hasi zen jendea prestatzeko. “Artean hemen ez zegoen ez aurkezlerik eta ez ezer! Bikoizketako ikastaro batean hasi nintzen. Jendea ja behar zuten, eta hala hasi ginen”. Hasierako urte haietan bikoizle lanetan aritu zen, eta, horretan zebilela, telebistarako proba batzuk egon ziren; aurkeztu zen, eta Poli eta Loinaz haurrentzako programa egiteko aukeratu zuten. Espainiako telebistako bi kateek soilik emititzen zituzten orduan umeentzako programak, eta euskaraz zegoen gabezia hori bete zuen saioak. “18:00ak aldera hasten zen, eta pare bat ordu izaten ziren. Arratsaldeko programazioa aurkeztea eta Poli eta bion artean esketxak egitea zen gure zeregina”.
Primerako bi urte
Telebistaren hasiera zen; Miramongo estudioa estreinatu berria zen, eta ilusio izugarria zegoen alde guztietan. “Onak, primerako oroitzapenak ditut. Guk oso talde polita geneukan”. Poli mugitzen eta hari ahotsa jartzen beste beasaindar bat aritzen zen, Jaione Intsausti. “Berealdiko konpenetrazioa genuen bion artean. Ni eserita egoten nintzen; bera azpian panpinarekin, eta begiratuarekin ematen genion antza elkarri”. Bihurria izatea zen Poliren egitekoa, eta hura lasaitzea Jauregirena. “Polirekin hasi eta hilabetera beste pertsonaia bat sartu zen, eta, azkenean, sekulako familia sortu genuen: Txikitxo, Piper… Set txiki batean hasi ginen, eta Poliren gelan bukatu genuen, sekulako dekoratuarekin”. Saio arrakastatsua zen.
Toti Martinez de Lezea zen saioaren zuzendaria. “Sekulako gaitasuna zeukan sortzeko. Arratsalde-gau batean hamar gidoi idazteko gai zen, eta niri 08:00etarako ekartzen zizkidan makillaje gelara. Panpinak, berriz, senarraren eta bien artean egin zituzten”. Lan produkzioa “ikaragarria” zela du gogoan: “Goiz batean hamar programa grabatzeko gai ginen”. Horrez gain, bolada batean saio berezi bat ere egin zuten asteburuetan. Bi urte luze pasa iraun zuen saioak, 1986tik eta 1988ra bitartean. “Telebistan oso gauza arraroak gertatzen dira. Guk bagenekien saioak arrakasta zeukala, bai umeen artean eta baita nerabeen artean ere”. Halaxe bukatu zen Poli eta Loinaz-en ibilia.
Proiektu propioa
Hainbat telesailetan ere aritu zen gerora; magazin bat ere gidatu zuen, baina haren lana bikoizlearena izan da batez ere. “Bikoiztu ditut gauza asko, eta horietako askorekin gogoratu ere ez naiz egiten. Bikoizketari esker nahiko ondo bizi izan naiz urte askoan”. Duela lau urte arte, orduan jarri baitzuen Kiko Jauregi anaiarekin batera Binahi enpresa, Donostiako Egia auzoan. “Bikoizleak formatzeko sortu genuen, hemen ez baitago horretan erakusten duen eskolarik. Gero, publizitaterako eta filmetarako casting-ak egiten hasi ginen. Kiko arduratzen da formazioaz, eta ni beste atalaz. Casting-ak egiteak gogobetetzen nau gehien, sormen lana ere badelako”. Kamera aurreko interpretazioa eta kantu modernoa ere irakasten dituzte.
Euskal Herrian errodatu diren azken film gehienetako (Bi anai, Arriya, 80 egunean…) hautaprobak Jauregik gidatu ditu, eta figuranteen arloa ere hark eraman du. Lau mila laguneko datu basea du ordenagailuan. Sektorearen egoerarekin, ordea, kezkatuta dago. “ETBn fikziozko gauza gutxi egiten ari dira, eta bikoizketan ere lana erdira jaitsi da”. Kamera atzean segitzen du lanean Jauregik, aurrean egoteko aukerari aterik itxi gabe.