Erik Salazar
Aldaketa ufadak nabari dira Gipuzkoako Elizan. Jose Ignacio Munillak iazko abenduan iragarri zuen Donostiako gotzain izateari utziko ziola, eta, hamabi urteko agintaldi gorabeheratsuaren ostean, azken urteotan irekitako hainbat zauri sendatu nahian ari da, oraindik ere, Donostiako elizbarrutia.
Munillak kargua utzi eta Donostiako ondorengo gotzaina aukeratu arteko behin-behineko egoeran —Munilla Orihuela-Alacanteko (Herrialde Katalanak) gotzaina izango da aurrerantzean—, oraingoz ez dira asko animatu Elizaren izenean hitz egitera. Batzuek, nahiago dute isiltasunean mantentzea. Beste batzuk, berriz, prest daude iritzia emateko, anonimotasunean betiere.
Hitz egiteko prest daudenetako bat Javier Hernaez pasai antxotarra da. Orain gutxi amaitu zuen bere ibilbidea; Altzako (Donostia) elizako parrokia izan da haren azken lantokia. Egoera “kanpotik” bizi du gaur egun. Ebanjelioa doktrinari gailendu behar zaiola defendatu du Hernaezek: “Zergatik hitz egin behar dugu homosexualitateaz bekatua izango balitz bezala? Aski da! Pertsonak dira bizitzaren erdigunea”
Andoni Lizarribar Oiartzualdeko apaizak —haren kasuan, asmatutakoak dira izen-abizenak— argi utzi du ez duela zaratarik sortu nahi. Gipuzkoan aldaketa garaia izaki, “sen onaren aldeko jarrerak” gailendu behar duela uste du. Haren esanetan, elizbarrutitik harago, lan handia egiten da egunero: “Herriko parrokietan, komentuetan, etxeetan eta familietan ezkutuko lan ikaragarria egiten da egunero”. Donostiako hurrengo gotzainak “entzuteko ahalmena” izan beharko lukeela uste du Lizarribarrek. “Gaur egunera arte faltan izan dugu hori”.
Herrira gerturatu beharra
Tokian tokiko parrokien autonomiaren aldekoa izanik, Gipuzkoako elizbarrutia gizartetik aldendu egin dela uste du Hernaezek: “Gipuzkoako kleroa beti egon izan da herritik oso gertu. Garai bateko apezpikuak askoz bihozberagoak ziren”. Azken urteotan hainbat praktika aldatu egin direla nabarmendu du Donostiako Altza auzoko apaiz ohiak: “Lehen, pertsona ahulak babestea izaten zen gure helburua; ez zen inolako epairik egiten”. Lizarribarren antzera, hark ere “jendeari entzuteko” eskatu dio Donostiako gotzain berriari.
Iritzi berekoa da Gurutze Hoyos elizemakumea. Elizbarrutiko buruaren aldaketa “emakumeen presentziari buruz hausnarketa egiteko abagune egokia” izan daitekeela uste du: “Parte hartzea bultzatu beharra dago; Elizaren egiturak irekia izan behar du”. Alemaniako Elizaren ereduari jarraitzea “ezinbestekotzat” du Hoyosek: “Han erabiltzen dituzten bideak eta formak askoz demokratikoagoak dira”.
Lurraldeko fededunek “itxaropentsu” ikusten dute Gipuzkoako Elizan irekitzear den aro berria. Ander Mitxelena ohituta dago Elizan hainbat arlotan laguntzera, eta gotzain berriaren helburu nagusia “Gipuzkoako Eliza batzea” izango dela uste du. Elizbarruti aurrerakoi baten aldekoa da hura, eta gogorarazi du Gipuzkoako Eliza beti izan dela “erreferentea” gai askotan: “Donostiako elizbarrutiak inoiz ez dio jarraitu izan Espainiako Elizak markatu izan duen bide berari”. “Bide aurrerakoira bueltatzea” albiste ona izango litzatekeela uste du Mitxelenak.
Ondorengoari batasun eske
Gipuzkoako Eliza ea fededunengandik aldendu egin den galdetuta, zalantzak ditu Mitxelenak: “Argi dago bi bideak erabat aldendu zirela. Gizartea Elizarekin oso kritikoa da gaur egun. Gure kasuan, Gipuzkoako Elizak azken boladan hartu duen jarrera oso kontserbadorea izan dela aitortu behar da”. Haren ustez, Elizak “gertutasuna” erakutsi behar zuenean, “urruntasuna” azaldu izan du.
Gipuzkoako Elizak hurrengo urteetan aurre egin beharko dien erronkei buruz galdetuta, Mitxelenak ez du zalantzarik izan: batasuna nahi duela dio. “Lehenik eta behin, orain zatituta dagoen Eliza hori batu egin behar du gotzain berriak. Gero, gerokoak”. Gipuzkoako apezpiku berriaren aukeraketa lehenengo pausoa besterik ez da izango Elizaren etorkizuna gorpuzten hasteko.
Leave a Reply