Estigma gainditzeko beharra

Estigma gainditzeko beharra

Erik Salazar

Hiesarekin bizitzea ez da erraza izan. Urte askoan estigmatzat izan du gizartearen zati handi batek. Martxoan AEBetatik etorri zen albiste batek bereziki poztu ditu gaitz hori pairatzen duten gaixo gipuzkoarrak; izan ere, lehendabiziko aldiz, hiesa zeukan emakume bat sendatu egin dute, zelula amen tratamendu baten ostean. Munduan hiesa sendatu dioten hirugarren pertsona da, ikerlarien arabera.

Oiartzungo Harri Beltza elkartean urteak daramatzate gaixotasun horrekin kutsatu diren eriei laguntza ematen. Elkarteko kide Joseba Errekalde oiartzuarrak aski ondo ezagutzen du afera, eta, haren ustez, medikuntzan aurrerapauso handiak izan dira, baina ez nahikoak: “Arlo horretan asko aurreratu dute, baina ez gara heldu gaixotasunari erabat aurre egitera”.

1994an sortu zuten Oiartzungo elkartea, bi helburu nagusirekin: lehenengoa, hiesarekin kutsatu diren pertsonei edozein motatako laguntza eskaintzea, eta, bigarrena, gizartea kontzientziatzea. Garai hartako helburuak indarrean daude oraindik ere, Errekalderen ustez. Oraindik ere “estigma” aipatzen du gainditu beharreko arazo nagusi gisa. Elkartean “tantaka” jasotzen dute jendea, laguntza eske, eta horietako asko elkartera beldurrez gerturatzen direla esan du Errekaldek. “Testaren emaitza positiboa bada, kolpe psikologiko izugarria jasotzen du pertsona horrek”.

Lehenengo gerturatze hori gogorregia ez izateko, harrera pertsonalizatua eskaintzen dute elkartean. Errekaldek azaldu duenez, “gaixotasunaren eta hilkortasunaren mamua ezabatzea” da harrera horren helburu nagusia. “Osakidetzak lan egiteko duen moduarekin eta gurean ditugun medikuekin baliabideak ditugu birusa kontrolatzeko”.

Egoera “normalizatu” beharra dagoela adierazi du Oiartzungo aktibistak: “‘Nork maitatuko nau? Zer pentsatuko du jendeak?’: galdera eta beldur horiek amaitu behar ditugu”. Hiesa duten pertsonen estigma oraindik oso zabalduta dago gizartean, Errekalderen iritziz, eta adibide argia eman du: “Zenbat pertsona topatu dituzu beren izen-abizenekin hitz egiteko prest? Gutxi, ziurrenik”.

Medikuntzarekin, baikor

Errekaldek aspaldi jakinarazi zuen publikoki hiesa daukala, eta herrikide eta lagun duen batek ere, Joseba Zabaletak, hala egitea erabaki du duela gutxi. Zabaletak orain dela hamazazpi urte jakin zuen hiesa zuela. Errekalde bezala, hura ere baikor agertu da medikuntzan egin dituzten azken aurrerapenekin: “Medikuntzari esker, gaur egungo tratamenduak ez dira hain bortitzak”.

Zabaletak bat egin du Errekalderen hausnarketa gehienekin. Hark ere uste du estigma oso errotuta dagoela gizartean oraindik ere, eta kezkatuta ageri da eri askok gaixotasuna bakardadean bizi izaten dutelako: “Isilean bizitzen den gaixotasuna da hiesa”.

Zabaletak azaldu du gizartean “diskriminazio kasuak” gertatzen direla oraindik ere, “eta erakundeetatik iristen ziren hainbat bidegabekeria gehitu behar zitzaizkion arbuio horri”. Zabaletak adibide esanguratsu bat jarri du mahai gainean: “Lehen, hiesa zeukana ezin zen izan suhiltzaile, ertzain edo udaltzain. Hiesa edukitzeagatik oposizioetatik kanpo geratzen zen”.

Gaixotasunak “zama handia” eragiten duela onartu du Zabaletak. Haren esanetan, gaur egun “oso zaila” da transfusio baten bitartez kutsatzea. Errekaldek bat egin du Zabaletaren argudioarekin: “Aurreko hamarkadetan ohikoa zen hiesarekin transfusioen bidez gaixotzea. Ezin dugu ahaztu drogek ere gogor astindu zutela gure ingurua. Xiringak partekatzen zituztenean, birusak bazuen gorputzean sartzeko bide bat”. Hori guztia atzean utzi ostean, kutsatze gehienak “babesik gabeko sexu harremanen bitartez” gertatzen direla ohartarazi dute biek.

Harri Beltza elkartean egiten dituzten laguntza taldeen aldekoa da Zabaleta: “Oso testigantza gogorrak entzuten ditugu. Zikin sentitzen dira elkartera inguratzen diren asko, eta bikotekidea kutsatzeko beldur izaten dira. Shock egoeran egoten dira, baina terapiak on egiten du beti”.

Erakundeei begira

Erakundeen zeregina ezinbestekotzat jo du Zabaletak: “Genero indarkeriarekin eta LGTBI kolektiboaren eskubideekin bezala, landu beharreko gaia da hiesarena ere; erakundeen parte hartze aktiboa bultzatu behar da”. Harri Beltzak ohiko jarduerak antolatzen jarraitzen du bitartean. Besteak beste, dagoeneko prestatzen hasi dira udan Oiartzungo San Esteban elizan antolatzen duten kontzertua.

Denbora pasatu ahala, badirudi pixkanaka-pixkanaka txikitzen ari dela gizartean oraindik ere errotuta dagoen estigma. Hori sinistu nahi dute, behintzat, bi oiartzuarrek: “Gaur bi pertsonak hitz egin dugu, eta etorkizunean gehiago izango dira”. Hamarkada askotako lanari segida emateko gogotsu daude biak ala biak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.