Miren Garate
Badira 35 urte Urolako trenak azken bidaia egin zuela. Inoiz entzun izan da zerbitzua berriz martxan jartzeko aukeraren bat bazegoela, baina, gaur-gaurkoz, erabat baztertuta dago proiektu hori. Autobus zerbitzuak lotzen ditu Zumarragako ospitalea eta Zumaiako tren geltokia; eta bizikletentzat dago egokitua bere garaian trenbidea izan zenaren zatirik handiena. Lau kilometro eskas falta dira Zumarraga eta Zumaia lotzeko, laurak Zestoako lurretan. Gipuzkoako Foru Aldundiak iragarri du datorren urte hasieran direla hastekoak lanekin. Kontuan hartuta Legazpiko Mirandaola auzotik Zumarragarainoko bidegorria ere eginda dagoela, lau kilometro horiek egindakoan 40 kilometro baino gehiago egongo dira egokituta bizikletentzat.
Hain zuzen ere, Zestoako Iraeta auzotik Zumaiako Narrondo auzora arteko zatia falta da. Hau da, Zumarragatik Iraetaraino gainerako ibilgailuekin topo egin gabe joan daiteke, Urolako trenak erabiltzen zuen bidetik. Iraetan, ordea, errepidera atera behar da derrigorrez; lau kilometro egin, eta Narrondon Zumaiako erdigunera doan bidegorriarekin bat egiten da.
Aspalditik eskatu izan dute Zestoako eta Zumaiako herritarrek azpiegitura hori amaitzeko. Mobilizazio jendetsuak ere egin izan dituzte aldarrikapen horren bueltan, batik bat Arroa Beheko auzotarren ekimenez. Seiehun biztanle inguruko auzoa da hura, Zestoako handiena, eta, nahiz eta Zestoako udalerriko lurretan egon, gertuago du Zumaiako erdigunea, eta harako joera handia dute bizilagunek.
2020ko eta 2021eko aurrekontuetan ere sartu zuen Gipuzkoako Diputazioko Mugikortasun Sailak bide berdearen lanetarako diru sail bat —hala esaten zaie trenbidearen ibilbidetik doazen bizikletentzako eta oinezkoentzako bideei—. Alde batetik, COVID-19aren pandemiak eragin du atzerapena; bestetik, Rafaela Romero Mugikortasun eta Lurralde Antolaketa diputatuak azaldu du ez zutela lortzen gaia “desblokeatzea” Eusko Jaurlaritzarekin.
Azkenean, azpiegituraren gaineko eskumena duten erakunde guztiek joan den asteko Eusko Trenbide Sarearen (ETS) kontseiluan onartu zuten akordioa, eta laster sinatuko dute. Romeroren esanetan, “funtsezko aldaketa bat” dago hitzartutako dokumentuan: “Aurreko akordioan, Arroa Beheko tunela ez zen berregokitzen, eta tunelaren ondotik pasatzen zen bide berdea. Orain, ordea, tunel hori irekitzea onartu du Jaurlaritzak”. 520 metro luze da, eta Iraetan dagoen laurogei metroko beste tunel bat ere egokituko du. “Guretzat oso pozgarria da erabaki hori”.
Bi milioi eurotik gorako inbertsioa egingo dute tunelak konpontzeko: horietatik 450.000 euro aldundiko Mugikortasun Sailak jarriko ditu, eta gainerakoa, Jaurlaritzak. Era berean, tren plataformaren jabeak, ETSk, lurren lagapena egingo dio aldundiari, bide berdearen gainerako zatiaren lizitazioa egin dezan.
Zestoako Udalak ere hartu du parte azpiegituraren finantzaketan. GI-631 errepidearen ezker-eskuin geratzen dira Arroa Beheko etxeak eta lehengo trenbidea; segurtasunez gurutzatu ahal izateko, semaforoak eta abar jarri ditu udalak. Mikel Arregi alkatearen esanetan, legegintzaldi hasieran adostu zuten aldundiarekin lan horien kostua beren gain hartzea, eta 200.000 euroko inbertsioa egin dute. 2020an amaitu zuten egokitzapena.
Nahi baino beranduago
Behin ados jartzea lortuta, “luzamendu gehiagorik ez izateko konpromisoa” hartu dutela esan du Romerok. “Arroa Beheko lehengo tren geltokiaren eta Narrondoren arteko zatia ez da trenbide plataformarena, eta hori bereizi egingo dugu proiektutik, lehenbailehen hasteko. 2023 hasierarako ekin nahi diegu lanei”. Zenbat iraungo duten ez dakiela esan du, baina, tunelak beste zatian daudenez, lehen parte horrek konplexutasun txikiagoa duela zehaztu du.
Zestoako alkate Arregik esan du “pozik” hartu dutela aldundiaren eta Jaurlaritzaren arteko akordioa. “Aspaldiko eskaera da. Azpeititik Zestoara arteko zatia 2014 inguruan egin zuten, eta ordutik geldirik egon da kontua. Orain, ea lehenbailehen hasten diren falta diren zatiko lanekin”. Azpiegitura horren garrantzia nabarmendu du Arregik. “631 errepideak trafiko handia du, Zestoatik Zumaiara jende asko joaten da, eta garraio jasangarriaren aldeko azpiegitura izango da bide berdea. Trantsizio ekologikoaren alde egin nahi badugu, bada garaia lanak amaitzeko”.
Hala ere, nabarmendu du inguruko herritarrentzat bakarrik ez, eskualde osoarentzat dela garrantzitsua zati hori amaitzea: “Bailara osoa lotzen du, Urola bailara, hau da, Gipuzkoako erdiko bailara, eta guretzat behintzat horrek garrantzi estrategikoa dauka”. Azaldu du bi natur parke ere lotuko dituela bideak: Aratz-Aizkorri parkea eta kostako geoparkea. Era berean, alkatearen esanetan, beste onura batzuk ere izango ditu; esate baterako, turismo jasangarriari begira. “Kosta jendez gainezka egoten da udan, eta handik zortzi kilometrora, barrualdean, egundoko lasaitasuna izaten dugu. Lurralde orekaren ikuspegitik ere garrantzitsua da bidea amaitzea”.
Arregiren iritziz, ekonomikoki ere “oso konpentsatuta” dago proiektua, eta zehaztu du konplexutasuna ere ez dela beste mundukoa. “Gaur egun, belarrak hartuta dago trenbidea, baina zati batean plataforma ere ikusten da oraindik, eta trenaren posteek ere hor jarraitzen dute. Tunelak irekitzea da zailena, baina hori ere ez da beste munduko ezer. Proiektuak ez du konplikazio handirik”. Gogoratu duenez, bide berde horretan bertan beste zati batzuk egitea askoz zailagoa eta garestiagoa zen. Zumarraga eta Azkoitia arteko zatia, esate baterako, duela urte batzuk egin zuten. Hamahiru zubi eta tunel zeuden ibilbidean. “Eta denak ireki zituzten. Hemengo lau kilometroak askoz xumeago izanda ez amaitzeak eragin izan du herritarren harridura eta haserrea”.
Arregik bezala, azpiegiturak ekarriko dituen onurak nabarmendu ditu Romero foru diputatuak ere. “Nire ustez, Gipuzkoako bide berderik politena da, baina, turismo eta aisialdi alorretan erakargarria izateaz gain, bizikleten eta oinezkoen mugikortasunerako erraztasunik handienak dituen bide berdea ere bada”.
Europako funtsak
Bide berdeei lotuta, Romerok kontatu du aldundiak beste bi proiektu nagusi dituela gaur egun esku artean. Urnieta eta Lasarte-Oria arteko zatia da horietako bat, Plazaolako bide berdeari dagokiona. “Hor, tuneletako batean txanpiñoien haztegi bat dago, eta jabeekin akordioa egin behar da beste leku batera eramateko”. Beste bide berdea Vasco-Navarro trenbideari dagokio. “Araba, Nafarroa eta Gipuzkoa lotuko lituzke horrek, eta hamar milioi euroko aurrekontua izango lukeela kalkulatu zuten. Exekuzio proiektua eginda dago, baina, konplexuagoa denez, babes ekonomiko handiagoa behar du”.
Turismo jasangarrirako Europako funtsetara aurkeztuko ditu hirurak aldundiak. Izan ere, Romerorentzat, kanpo faktoreak ere ezin dira ahaztu. Azaldu duenez, pandemiak eragina izan zuen azpiegituren proiektuetan, eta, ondoren, hornigaiak lortzeko zailtasunak izan dituzte, garraiolarien greba eta Ukrainako gerra direla eta. “Halakoak ikusita, Europako funtsak jasotzeak lasaitasun handiagoa ematen digu”.
Leave a Reply