Etxean, datu okerragoak

Bergara.

Uemako kide diren Gipuzkoako herrien artean, hirutan jaso dira elkarrizketen erdiak baino gutxiago euskaraz: Ibarran, Mendaron eta Bergaran. “Bergarako euskara gaitasuna kontuan hartuta, emaitza positiboa iruditu zaigu, berez, Bergarak duen gaitasunarekin espero litekeen erabileraz gainetik baitago”, esan du Estepan Plazaola Bergarako Udaleko euskara zerbitzuburuak. Besteak beste, 2017tik lau puntuko gorakada izan dutela azaldu du.

Plazaolaren esanetan, kontuan hartzekoa da euskararen ezagutzak herrian izan duen bilakaera. “XX. mendeko azken hogei urteetan, zazpi puntu egin zuen gora euskaldunen portzentajeak: nolabaiteko berreskuratze bizi samar batean geunden”. Alabaina, mende aldaketak euskara gaitasunean ere aldaketa ekarri zuen. “2001etik 2016ra, euskaldunen portzentajeak zertxobait behera egin zuen. Logikoa da gaitasuna geratzen bada, erabilera ere geratzea”.

Adin tarteei erreparatuz gero, Bergaran 65 urtetik gorakoak dira euskaraz gutxien egiten dutenak (%31). “1960ko hamarkadako migrazioaren eraginez etorritakoek orain 65 urtetik gora dituzte. Bere horretan, ona da adinekoak izatea gutxien erabiltzen dutenak”.

Era berean, Plazaolak azaldu du migrazioaren fenomenoa, adibidez, kale erabileran ez dela erabat islatzen. “Kaleko presentzia oso lotuta egoten da kontsumoarekin, eta migratzaileek presentzia txikiagoa izaten dute; haurrek eta gazteek, aldiz, handiagoa”. Eustaten arabera, etxeko erabilera %40 ingurukoa da Bergaran, “eta hor ez, ez da bilakaera positiborik izan aspaldiko urteetan”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.