Josune Zarandona
Goierriko Aizkorpe bailaran Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) 1. eta 2. mailetako ikasleen artean kirol jarduera sustatzeko asmoz, Zatoz Kirolera egitasmoa jarriko dute martxan bihar, Seguran. Zegamako, Idiazabalgo, Segurako, Mutiloako eta Zeraingo udalek sustatutako egitasmoa da —horiek osatzen dute Aizkorpe bailara—, behin eskola kirola amaituta, herri txikienetan gazteek kirol jarduerak egiteko dituzten mugek sortutako kezkatik abiatuta. Mikel Iturriotz Idiazabalgo Udaleko kirol orientatzaileak esan duenez, “proba pilotua” izango da, baina, “ondo” ateratzen bada, epe ertainera “gazte horientzako kirol eskaintza sistematizatuago eta zabalago bat” sortzea da helburua.
Lehen Hezkuntzako 6. mailan amaitzen da eskola kirola, eta, ondorioz, DBHko 1. mailara salto egiten duten ikasleek ez dute aukerarik izaten eskola kirolean jarraitzeko. Aizkorpe bailarako gazteen kasuan, gainera, behin Lehen Hezkuntza amaituta, herri handiagoetara lekualdatu behar izaten dute ikasketak jarraitu ahal izateko, eta “aldaketa asko” direla aitortu du Iturriotzek.
Adin horretatik aurrera, herri txiki horietan kirol jardueren eskaintza “asko” murrizten dela gaineratu du. “Herri txikietan ez da bideragarria nesken eta mutilen futbol talde bana edukitzea, edo saskibaloikoa edo eskubaloikoa edukitzea… Hori, kirol hegemonikoei dagokienez. Beste kirol batzuekin are zailagoa da”, azaldu du Iturriotzek. Aizkorpe bailarako gazte batek, saskibaloian jokatu nahi badu, adibidez, Beasainera joan beharra dauka, eta horrek “zailtasunak” sortzen dituela azpimarratu du Iturriotzek, “garraioari edo gurasoen inplikazioari” dagokionez, adibidez.
Aizkorpe bailarako herrietan, txikiak izanagatik, kirola egiteko azpiegiturak egon badaude. “Herri hauek, daukaten tamainarako, kirol azpiegitura egokiak dituzte. Futbol zelaia, pilotalekua eta gimnasioa dituzte Idiazabalen, esaterako. Zegaman, gimnasio bat dago. Azpiegiturena baino gehiago, kirol jarduera antolatua egiteko dagoen eskaintza falta da arazoa”, argitu du kirol orientatzaileak. Generoari ere erreparatu nahi izan dio; izan ere, haren hitzetan, mutilek “zailtasunak” izaten dituzte, eta nesken kasuan “are zailagoa” izaten da.
Aurrekariak, Idiazabalen
Baina harago ere joan da Iturriotz: “Edozein tokitan, eskola kirola edo tokian tokiko proiektu jakin batzuk salbuetsita, kirol hegemonikoen eskaintzara mugatzen da kirol jarduera antolatua. Beste kirol batzuk edo era ludikoago batean egin daitezkeen jarduerak oso mugatuak izaten dira toki gehienetan”. Horregatik, Zatoz Kirolera egitasmoa “gazteek bestela egiterik izango ez luketen jarduerak egiteko” probestu nahi izan dute. Orientazioa, boleibola edo eskalada izango dira egitasmo berriko hiru proposamenak.
Aurtengoa “proba pilotua” delako mugatu dute proposamena hiru jarduera zehatzetara. Bihar, orientazio proba egingo dute, Seguran; maiatzaren 14an, boleibol topaketa izango da, Idiazabalen; eta, azkenik, ekainaren 11n, eskalada eta mendi jarduerak, Zegaman. Normalean egiten ez dituzten kirolak aukeratu dituzte, ohiko jardueretatik ezberdintzen direnak, eta, Iturriotzen iritziz, “baita beste balio batzuk eskain ditzaketenak ere”. Iaz, Idiazabalen bertan, mendi bizikletako eta eskaladako saio bana egin zuten, baina mota horretako saioak herri bakarrean egiteak “mugak” dituela ikusi zuten. Horregatik, aurten, jarduera horiek bailara osora zabaltzea erabaki dute, “aukerak biderkatzeko eta udalen elkarlana sustatzeko”.
Biharko saioa hizketagai hartuta, Seguran badirela Gipuzkoako Orientazio Taldekoek egindako mapak jakinarazi du Iturriotzek. “Gure asmoa da mapa horiek erabiliz taldekako jarduera bat egitea”, zehaztu du. Jarduera guztiak doakoak dira eta herri batetik bestera joateko autobusak erabiliko dituzte. “Autobus zerbitzu hori ere doakoa izango da, udal bakoitzak hartuko baititu bere gain bere herriko gazteen joan-etorriek sortutako gastuak”.
Kirol ohiturak sortuz
Aizkorpe bailaran egitasmoaren inguruko kartelak zabaltzen ari dira pixkanaka, eta Zegamako, Idiazabalgo, Segurako, Mutiloako eta Zeraingo udalen webguneetan ere ikusgai dago informazio guztia. Karteletan dagoen QR kodea eskaneatuta eman daiteke izena, “jarduera bakarrerako, bitarako eta hiruretarako, galdetegi berbera erabilita”, zehaztu du Iturriotzek.
Zatoz Kirolera egitasmo berriarekin sustatu nahi dituzten jarduerak “kirola egitetik harago” doaz, Iturriotzen hitzetan. Haren iritziz, eliteko kirol sistema ez da “ez osasuntsua, ez ona”. Eta horregatik planteatu dituzte jarduerak “heziketa prozesu baten baitan”. Haien helburua da “etorkizunean ere gazte horiek kirola egiteko ohitura” izan dezatela.
Leave a Reply