Bizimodu baten transmisio iturri

Bizimodu baten transmisio iturri

Unai Zubeldia, Josune Zarandona, Jon Miranda

Duela urte batzuk, seiehun errota baino gehiago zeuden Gipuzkoan. Hala ageri da Antxon Agirre Sorondok 1988an argitaratu zuen Tratado de molinología lanean. Gipuzkoan, garai batean, garrantzitsuak izan ziren errotak ekonomia arloan, eta, gaur egun oinarri hori galduta daukaten arren, Gipuzkoako Erroten Eguna egingo dute etzi, lehen aldiz, errotei balioa emateko ondare elementu gisa. Ez da izango toki bakar bateko jaia, berrogei ekitaldi baino gehiago baitaude antolatuta; eta ez da izango egun bakarreko ekitaldia: ekintza gehienak etzi, igandean, egingo dituzten arren, tokian-tokian beste hainbat izango direlako maiatz amaierara arte.

Zenbait eskualdetan lanketa berezia egiten ari dira erroten inguruan, eta Zaldibia eta Zizurkil dira horietako bi. Zaldibian, Kanpain errotaren jabeak eta udala ari dira gaia lantzen; Zizurkilen, berriz, Hernandorena kultur elkartea.

ZALDIBIA. Errotak eraikitzeko “leku aproposa”

XX. mendean Gipuzkoan zeuden 661 errotetatik seiren bat baino gehiago, 115, Goierrin zeuden. Horietako asko desagertu badira ere, beste batzuek eutsi diote denboraren joanari, eta horietako batzuk gaur egun martxan ikusteko aukera ere badago. Gipuzkoako Erroten Egunaren harira, Goierriko hemezortzi errotak bat egin dute egitasmoarekin. Erroten inguruko egun handia etzi ospatuko duten arren, Goierrin hilabete guztian izango dira erakusketak, bisita gidatuak, ikastaroak…

Garai batean, Zaldibian bederatzi bat errota izan zituzten. Hala, lantalde bat abiarazi dute herriaren historiaren parte diren eraikin horien inguruko informazioa jasotzeko eta balioa emateko. Eztitxu Mujika Zaldibiako alkateak adierazi duenez, “herriaren kokapenagatik eta errekaren gertutasunagatik”, Zaldibia “leku aproposa” izan zen errotak eraikitzeko.

Gipuzkoako Erroten Egunaren berri izan baino lehenago hasi ziren Zaldibian herriko erroten inguruko informazioa biltzeko lanean. Kanpain errotaren jabeen eta udalaren arteko hartu-emana dago lanketa horren jatorrian. Errota berriz martxan jarri ahal izateko konponketa lanak egin behar zituztela eta, Kanpain errotaren jabeek 2020an laguntza eskatu zioten udalari. Udalak laguntzeko borondatea agertu zuen, baina eskaera bat egin zuen trukean: egingo zuten lanketa horrek herrian isla izan zezala. Alkateak zehaztutakoaren arabera, iazko ekainean sinatutako hitzarmenean jasota geratu zen “urtean bitan, gutxienez”, herriari errotako ateak irekiko dizkiotela eta herritarrei errota martxan ikusteko aukera eskainiko dietela.

Konponketak, auzolanean

Errotaren konponketa lanetarako, Zaldibiako Udala harremanetan jarri zen Aramako Ibares errotako biloba Mikel Cobosekin. Cobosen gidaritzapean, auzolanean konpondu zuten errota, iazko urrian eta azaroan. “Herriko sei gazte aritu ziren laguntzen, borondate hutsez”, esan du alkateak. Lehen pauso horiek emanda, herriko historiaren zati hori arakatzen jarraitzeko asmoa dute Zaldibian. Horretarako eta ate irekien jardunaldiak gidatzeko, bederatzi laguneko talde bat sortu zuten urtea hastearekin batera: “Helburua da egungo herritarrek herriko historiaren parte bat auzolanean berreskuratzea, gero berriz herriari itzultzeko”, azaldu du alkateak. Zaldibiako Udalak herritarrei eskatu die erroten inguruan informazioa edukiz gero talde horren esku jar dezatela.

Maiatzaren 15ean, berriz, Gipuzkoako Erroten Egunaren aitzakian, erroten inguruko bi ekitaldi antolatu dituzte Zaldibian. 10:30ean, herriko plazatik irtenda, herriko hiru errotaren inguruko ibilaldi bat izango dute. Kanpain errotan amaituko da ibilaldia, eta, amaieran, errota martxan ikusteko aukera izango da. Arratsaldean, errota martxan jarriko dute berriz, bostetan. Edozein argibidetarako, eskura dago 943-16 03 38 telefono zenbakia.

ZIZURKIL. Akezkoerrota, “ondare ikusgarria”
AKEZKOERROTA

Maiatza Saltsan ekinaldiaren barruan eta Gipuzkoako Erroten Egunarekin bat eginez, Zizurkilgo Akezkoerrota lanean jarriko dute bihar. Errota horrek 1963an utzi zituen industria lanak, eta, 1980ra arte martxan jarri bazuten ere, geldirik eman ditu azken urteak, “ez-erabilgarri”. Hernandorena kultur elkartearen ekimenez, konpondu egin dituzte Akezkoerrotak behar bezala funtzionatzeko zeuzkan hainbat arazo, eta prest dago martxan jartzeko. Bihar, herritarrek aukera izango dute errota martxan ikusteko; 10:30etik aurrera bisita gidatuak egingo dituzte. Eguna osatzeko, umeentzako talo tailerra eta erromeria izango dira, Joxe Arregi plazan.

Hernandorena kultur elkarteak urteak daramatza herriko ondarea bistaratzeko lanean, eta lehenagotik ere begiz jota zeukan Akezkoerrota. Julian Arrastoa elkarteko lehendakariak azaldu duenez, Gipuzkoako Erroten Eguna egiteko asmotan zirela jakitean pentsatu zuten aspaldiko zor bat kitatzeko aukera izango zutela, eta herrian duten “ondare zoragarri horri” balio bat eman ziezaioketela. Asmo horrekin jo zuten Arizmendi familiarengana, errota berreskuratzeko aukeraren inguruan galdezka. “Asko eskertzen diegu haien etxean sartzeko aukera eman izana. Oso ondo jarrita daukate; Akezkoerrota ondare ikusgarria da, eta merezi du ikustea”.

33.000 erreal kuarto

Arizmenditarrak dira errotaren jabeak XIX. mendearen hasieratik. Urte hartan Zizurkilgo kontzejuak enkantean saldu behar izan zuen Akezkoerrota. Hernandorena elkarteak salmenta eta erosketa sinatu zituzteneko agiria topatu du artxiboan. Jose Manuel Arizmendi Apabolazak erosi zuen errota, 33.000 erreal kuarto ordainduta, 1810eko martxoaren 10ean, igande batean, bazkalondoan, herriko plazan egindako enkantean. Hala ere, lehenagokoak dira Akezkoerrotaren inguruko lehen aipamenak. Azken urtebetean Zizurkilgo kultur elkarteak laguntzaile izan ditu Aranzadi zientzia elkarteko etnografia saileko Javi Castro eta Yoseba Alonso, eta haiek topatu dute Zizurkilgo errotaren lehen aipamen dokumentatua. 1595ekoa da, eta urte hartan errotako pretsan egin beharreko obren zehaztasunak ematen ditu.

Etxea errota moduan diseinatu zuten, eta jatorrizko egiturak bere hartan dirau oraindik: ia laurehun metro luze den hornikuntza kanala, antapara eta irteera estoldako arkuak. Jatorrizkoa hautsita zegoelako, errotak zuen nibel mahaia beste batekin ordezkatu behar izan dute orain, eta, horretarako, Zaldibian egin bezala, Aramako Ibares errotako Cobos aita-semeen laguntza izan dute Hernandorenakoek. “Haiek arduratu dira lana egiteaz, eta guk lagundu besterik ez dugu egin”, esan du Arrastoak. Martxoan egin zituzten konponketak, eta errota abiatzeko moduan utzi dute.

Akezkoerrotaren egokitzapen lanak aitzakiatzat hartuta, Hernandorenak Sustraiak izeneko argitalpenaren 30. zenbakian bildu ditu azken hilabeteetan egin duten lanketa guztia eta bildutako dokumentazioa. Besteak beste, jakin dute XVII. mendean Andatza mendiko iparraldean zeuden harrobietatik ekartzen zituztela errotarriak eta haiek pikatzeko lanean aritu izan zela, behin baino gehiagotan, Asteasuko Pedro Jose Elizegi Pello Errota bertsolari ezaguna. Bitxikerien artean topatu dute nola 1785ean 32 erreal pagatu zitzaizkion apaizari errota konjuratu zezan, orduko errotariak iratxoek hartuta zeukatela pentsatu eta ihes egin ondoren.

Gainerako errotak

Herrian martxan izan ziren gainerako erroten informazioa ere jaso du Hernandorenak: Orakaiztegiko errota, Alkanizkoa, Loidierrota, Adunibarkoa eta Atxulondokoa. Maiatzaren 22an, mendi ibilaldi gidatua egingo dute Zizurkilen, errota haien arrastoak bisitatzeko.

“Ikasitakoaren berri emateko prest gaude, eta herriko ikastetxeetan eta euskara ikasteko taldeetan emango ditugu azalpenak egunotan”, esan du Arrastoak. Akezkoerrotako nagusiek, oraingoz, biharko bakarrik hartu dute errota martxan jartzeko konpromisoa, eta, beraz, Hernandorena elkarteko kideek aukera aprobetxatzeko deia egin dute. Bi errotarri pare dituzte, eta horietako bakarra jarriko dute martxan. Bestea desmuntatuta erakutsiko dute, jendeak errotaren funtzionamendua hobeto uler dezan. Hamabost laguneko taldeetan, ordu erdiko bisitak egingo dituzte bihar, Errota Egunean.

Leave a Reply

Your email address will not be published.