Kilometroak pilatuz, euskal presoak gogoan

Kilometroak pilatuz, euskal presoak gogoan

Unai Zubeldia

Urriaren 8an amaituko da Sarek duela bi urte hasitako egitasmoa. Izan Bidea dinamikaren barruan, 3.127.326 kilometro egiteko helburua jarri zuen euskal presoen eskubideen aldeko mugimenduak, Euskal Herrian dauden biztanleak adina kilometro, alegia; bizikidetzaren, bakearen eta euskal presoen eskubideen urraketari amaiera ematearen alde pilatu nahi ditu Sarek hiru milioi kilometro baino gehiago. “Egun hori buruan, pauso asko falta zaizkigu oraindik; bi milioi kilometro eskas eman ditugu”, ohartarazi du Nahikari Iturbe Sareren Gipuzkoako koordinatzaileak. Hain zuzen ere, horregatik antolatu dituzte biharko tokian tokiko hainbat ekitaldi; Gipuzkoan, Oriokoa izango da nagusia.

Iazko maiatzaren 8an Euskal Herri osoko 650 tontorretatik eskatu zuten euskal preso eta iheslariak “etxeratzeko”. “Bestelako dinamika bat abiarazi nahi genuen aurten. Pandemiaren ondoren, badirudi orain bat-batean egin behar dugula azken bi urteotan egin ez dugun guztia. Baina ez zen erraza ekitaldi bakar bat antolatzea, eta horregatik erabaki genuen kilometroak pilatzeko dinamika hori hainbat eskualdetara zabaltzea”. Aretxabaletan, esaterako, Urkulu urtegiaren inguruan pilatuko dituzte kilometroak; Donostian, Igeldora martxa egingo dute; Errenterian, giza katea antolatu dute…

Ekitaldi guztien oinarrian euskal presoak daudela gogorarazi du Iturbek: “Batzuei iruditzen zaie jada konponduta dagoela euskal presoen auzia, baina arazo asko daude oraindik”. Sareren Gipuzkoako koordinatzaileak onartu du litekeena dela urruntze politikaren amaiera gertu egotea. “Gaur-gaurkoz, 189 euskal preso daude, eta horietatik guztietatik 74 dira gipuzkoarrak. 189 preso horietatik 85, Espainiako edo Frantziako estatuetako espetxeetan daude; gerturatze guztiak, beraz, ez dituzte gauzatu oraindik”.

Baldintzapeko askatasuna

Euskal presoen auzian graduen progresioak sortzen dio kezka handia Iturberi: “Euskal presoek hor daukate inbutu edo oztoporik handiena”. Sareren Gipuzkoako koordinatzaileak zehaztu du bigarren graduan daudela euskal preso guztiak: “Inor ez dago lehen graduan edo isolamenduan, baina, dagoeneko, hirugarren graduan edo baldintzapeko askatasunean egon beharko lukete gehienek, eta ez da hala gertatzen”. Oztoporik handiena Madrilen dagoela azpimarratu du Iturbek: “Euskal Herrian graduen progresio hori baimendu arren, fiskalak helegitea jar dezake, eta Espainiako Auzitegi Nazionalak atzera egin gero. Hori gertatzen ari da”. Iturbek errealitate horren ondoan jarri ditu, besteak beste, larri gaixo dauden presoak —hamabost, Sareren arabera—. “Pandemiak ere ez du lagundu batere. Kanpoan kostatu egin zaigu aldaketak gauzatzea, eta pentsa zer izan den barrukoa. Bisitak berreskuratzea ere zaila izan zen, berrogeialdiak egin behar izaten zituzten… Zaila izan da espetxeetan COVID egoera kudeatzea”.

Iturbek “nolabaiteko erlaxazioa” nabari du euskal presoen auziaren inguruan: “Badirudi dena hobetzen eta amaitzen ari dela, baina salbuespenezko egoera urruntzeek bakarrik ez dutela sortzen ikusaraztea dagokigu orain”.

Hori guztia kontuan hartuta, Sareko kideak bihar herriz herriko dinamiketan parte hartzera animatu ditu herritarrak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.