Miren Garate
Banaketa enpresa handiek egiten dieten lehia, Internet bidezko salmenten hazkundea, lokalen salmenta eta alokairu prezio garestiak, argindarraren faktura gero eta handiagoak eta beste hainbat faktore dituzte kontra denda txikiek. Eragozpen horiek guztiak gainditu eta bideragarri izanda ere, badira itxi beharra izaten dutenak. Arrazoia: jabe asko erretiro adinera ari dira heltzen, eta inor ez dago prest haien lekukoa hartzeko. “Oso ezkorra naiz, ez da erreleborik ikusten”, ohartarazi du Amador Biteri Gipuzkoako dendak biltzen dituen Dendartean elkarteko lehendakariak.
Euskal Merkataritzaren 2020ko barometroaren arabera, Gipuzkoan, negozio txikiak kudeatzen dituzten pertsonen batez besteko adina 52,4 urte da. Urtez urte doa zahartzen kopurua; hamar urte lehenago, esaterako, 46,4 urte zen batez besteko hori. 34 urtetik beherako kudeatzaileak, berriz, %5,5 inguru bakarrik dira. Esanguratsua da langile gehienek sektorean daramaten urte kopuru handia ere: ia erdiek (%48,9) hogei urte baino gehiagoko antzinatasuna dute pilatua.
Biterik nabarmendu du sektorea ez dela “interesgarria” gazteentzat. “Lan asko, konplikazio asko, ordu asko, eta etekin gutxi”, laburbildu du. Kontatu du dendarien seme-alabei galdetuz gero zer izan nahi duten nagusitan, “‘edozer, zure lanean aritzea izan ezik'” erantzuten dutela. Eta etxekoek jarraitzea zaila bada, are zailagoa etxetik kanpoko baten batek heltzea lekukoari. “Norbaitek komertzio berri bat hartzeko, gaur egun, bokazio handia behar du”. Uste du gerora etor daitezkeela merkatari berriak, teknologia berriekin eta abarrekin, baina luze gabe panorama beltza dagoela dio.
Izan ere, Dendartean-eko lehendakariaren arabera, komertzio txikiko lana oso sakrifikatua da; besteak beste, ordu asko eskaini behar zaizkiolako —larunbatak barne—, kontziliaziorako aukera handirik ez duelako uzten —%86,6k zatitutako lanaldia dute—, izugarrizko lehia dagoelako, era askotako lanak egitea tokatzen delako… “Ahalegin handia eskatzen du sektoreak, eta trukean, etekina oso txikia da. Lana egin, eta gutxienez emaitzak ikusiz gero… Baina ez da hala”.
Kexu da, “trabak” ere gero eta gehiago direla iruditzen zaiolako. Eta kezkatuta ere bai. “Herri askotan izan gara, eta Ticket Bairen eraginez itxi egingo dutela esan diguten guztiek ixten badute, ederki gaude”. Gipuzkoako Foru Aldundiak lurraldeko negozioen fakturazioa zaintzeko ezarri nahi duen sistema da Ticket Bai. Zerga ihesa eragoztea da helburua, eta aurtengo azarorako derrigorrezkoa izango da. Ez daude ados Dendartean-en, eta horren erakusle dira aste hauetan hainbat eta hainbat dendatako erakusleihoetan itsatsita ageri diren Ticket Bairen aurkako kartelak.
Belaunaldi aldaketarako lehendik dauden zailtasunez gain, sistema horrekin beste “zailtasun ikaragarri bat” gehituko dela esan du Biterik. Haren hitzetan, sistema horrek mendekotasun bat sortzen du informatikari eta programatzaileekiko. “Beste gastu bat eta dependentzia bat da ezagutzen ez duzun zerbaitetan. Ordaindu behar dituzu programak, baina ez dakizu ondo ari zaren, ez duzulako gaia kontrolatzen. Eta ikusten ari gara teknologia enpresak horretaz ari direla aprobetxatzen, kuota altuak jarriz”.
Dendartean-en ustez, diputazioak “laxoago” izan behar zuen epeetan, prestakuntza handiagoa eman behar zuen, eta gehiago inplikatu behar zuen. “Ezin da baloia bota eta gu moldatzeko esan”. Badaude salbuespen batzuk, eta, tartean, 60 urtetik gorakoek ez dute sistema ezarri beharrik izango —langileren bat baldin badute, orduan bai—. “Ez dugu esaten jarri behar ez denik, abantaila batzuk ere badituelako, baina denbora gehiago behar zen. Egin duten bezala eginda, kaosa ari dira eragiten eta eragingo dute”.
Dendartean-eko lehendakariak erakunde publikoak eta abarrak ere ez ditu saltokietako errelebo faltaz kezkatuta ikusten. “Udalei beldurrik handiena ematen die janari dendak ixteak; batik bat, herri txikietan. Inori ez zaio alde zaharra dendarik gabe geratzea gustatzen, baina zerga ikuspegitik garrantzirik ez dugunez, ia ezer ez garenez ari irabazten, ez dugu garrantzirik”.
Elkarte gisa, azaldu du jende berria erakartzeko zailtasunei aurre egiteko funtsik ez dutela, erakundeen esku dagoela diru hori, baina zenbait eskaera baditu Dendartean-ek. “Erreleboa egoteko, beharrezkoa iruditzen zaigu denda hartu nahi duen hori gutxienez urtebetean kontratatzeko laguntzak egotea”.
Hiriburuan, antzeko egoera
Gipuzkoako egoerarekin alderatuta, gauzak ez dira asko aldatzen Donostian ere. 2020ko barometroaren arabera, hiriburuko establezimenduek batez beste 39 urte dituzte, eta kudeatzaileen batez besteko adina 51,6 urte da. Errelebo faltak kezka eragiten diela onartu du Iñigo Garcia San Sebastian Shopseko kudeatzaileak ere. “Komertzio askok izango dute arazoa”.
Besteak beste, pertsonen ekipamendurako saltokiek izango dituztela erreleboa aurkitzeko arazoak uste du Garciak. “Urte askoan, auzoetan, bezero batzuk izan dituzte, baina orain bezero horiek zahartzen ari dira, eta jende gazteak ez du saltoki horietan erosteko hainbesteko ohiturarik, kate handietan eta abarretan erosten dute. Horiek zaila izango dute erreleboa aurkitzea”.
Azaldu du gazteek ikusten dutela lan asko eskatzen duela dendak. “Lehen, familiaren komertzioan jarraitzea lan irtenbidetzat ikusten zuten gazteek; orain, ordea, ez”. Hala ere, unibertsitate ikasketak egin eta komertzio sektorera jotzen dutenak ere badirela dio. “Eta kasu horietan, askoz ere komertzio teknikoagoa eta kualifikatuagoa lortzen da, digitalizazioa asko baloratzen da orain, eta, alde horretatik, gazteak aurreko belaunaldiak baino askoz prestatuago daude”.
Biterik ez bezala, Garciak ez du uste Ticket Bai sistema ezartzeko obligazioak denda askoren itxiera ekarriko duenik. “Inondik inora, ez. Sistema hori da diputazioaren eskakizunetara egokitzeko eman beharreko beste pauso bat, beste urrats bat komertzioaren digitalizazioan, baina ez du itxierarik ekarriko”.
Leave a Reply