Maite Alustiza
Objektu pisutsuak jaurtitzeko erabiltzen zen garai batean katapulta. Objektu handiak artista gazteengatik ordezkatu ditu Katapulta egitasmoak, eta martxan jarri du musika eta arte eszenikoen zirkuitua Gipuzkoatik. Lurralde osoan 80 emanaldi, tokiko hamasei musika talde, nazioarteko hamabi talde, eta arte eszenikoetako zortzi konpainia ikusteko aukera izango da urte osoan.
Artista erdiprofesionalak aukeratu dituzte, hau da, profesional izatera iristeko proiekzioa dutenak. Katapultagarri hitza erabili du Imanol Goñez Alconek, Katapulta plataformako kideetako batek. “Ez da jende amateurra, dagoeneko maila bat daukan jendea da, eta aurretik lan asko egin ez duena. Lan guztia egin baduzu eta ez baduzu lortu ia ezer, guk ezer gutxi egin dezakegu”. Bat dator plataformako Idoia Aizkorreta Urkizu: “Artista gazteak dira, ahalik eta profesionalenak, eskarmentua dutenak”.
Artista gazteei babesa ematearekin batera, “berriro dinamismoa” eman nahi diote herrialdeari, Goñezek dioenez: “Kontzertuen aldetik-eta nahiko geldi dago, orain dela 15-20 urterekin alderatuta. Uste dut batik bat belaunaldi berriengatik dela. Gazteei orain kosta egiten zaie arteari irekitzea; egiten dutenek pasio handiz egiten dute, baina gainontzekoek bestelako jakin-nahiak dituzte”. Dioenez, kontzertu motaren araberakoa da, baina normalean publikoa 30 urtetik gorakoa izaten da. “Hogei urteko gazteak ez dakigu non sartzen diren. Hori ere bada gure helburua sortzaile gazteak aukeratuta”.
Zirkuitua osatzeko, Katapulta plataforma elkarlanean aritu da Gipuzkoako Diputazioarekin, Kutxa Kulturrekin eta Donostiako Jazzaldiarekin. Jazzaldiak lau banda aukeratu ditu, Kutxa Kulturrek sei, diputazioak beste sei, eta Katapultak beste horrenbeste. “Saiatu gara 30 urtetik beherakoak izaten, baina musikan konturatu gara ez direla asko izan, edo batzuek agian ez zutela mailarik, edo ikusi dugu batzuetan hobe zela hurrengo urtera itxarotea diskoa aterako dutelako eta komeni zaielako”. Arte eszenikoetan ere, gehiengoa 30 urtetik gorakoa aurkeztu da; atal horretan zortzi talde aukeratu ditu plataformak. Hala ere, aukeratuak izan edo ez, deialdira aurkeztu diren taldeak artxiboan gordeko dituzte, eta tartean aukerarik sortzen bada talderen batek nonbait jotzeko-edo, hori erabiliko dute.
Katapulta zirkuituaren barruan, bi ataletan antolatu dute programa. Batetik, Gaztemaniak zirkuitua dago. Urteak daramatza martxan, eta profesionala da. Aurten hamabi kontzertu izango dira. “Gehiengoa nazioarteko artistak dira, eta horiei hasierako talde bezala gehituko zaizkie beste zirkuituko artistak. Modu bat da talde profesional bat ikustera doan jendeak ere ikus dezan hasten ari den taldea”. Bestetik, zirkuitu erdiprofesionalean, bandak eta arte eszenikoetako taldeak daude. “Hiru saio egingo ditu bakoitzak. Musikan, bikoteka joko dute, bi kontzertu elkarrekin, eta beste bat talde profesionalarekin”.
Kontzertuen egutegia zehaztu gabe dute oraindik. Taldeekin hitz egiten ari dira ea noiz dauden okupatuta eta noiz ez, eta aretoekin ere berdin: “Areto askok udarara arteko programazioa egina dute. Apur bat berandu hasi gara, eta ziurrenik saio gehienak uda eta gero izango dira, irailetik aurrera”.
Euskaldunak ingelesez
Hizkuntzari dagokionean, oreka bilatzen saiatu dira, baina konturatu dira talde gehienek ingelesez abesten dutela. “Talde euskaldunak dira, baina ingelesez kantatzen dutenak”. Eszenikoetan, batzuek mistoa egiten dute, baina gehiengoa gazteleraz ariko da, edo hizkuntzarik gabe.
Espazioek ere eragina izan dute aukeraketa egiterakoan. “Adibidez, dantza proposamenak zeuden, baina eszenatoki jakinak behar zituzten, eta ezinezkoa da. Horregatik zentratu gara gehiago bakarrizketetan, mikroteatroan, performancetan, magian…”. Dagoeneko programatzen zuten espazioak hautatu dituzte, horiek ere bultzatzeko. “Helburua da artistak bultzatzea, baina baita espazioak ere. Apustua egingo dutenak, ekipo bat izango dutenak, publizitatea egingo dutenak… azken finean, dena emango dutenak”. Era berean, “Gipuzkoa sakonean” sartu nahi izan dute: Arrasate, Oñati, Azkoitia, Azpeitia…
Lurraldeko toki ezberdinetan jo ahal izatea aukera ezin hobea da Izarorentzat. Izaro Andres Zelaieta da taldeko abeslaria, eta zirkuiturako aukeratutako artistetako bat. “Errekonozimendu bat da batetik; esatea zure lana interesatzen dela eta gehiago ezagutzera ematea nahi dutela, losintxa bat da guretzat. Bestetik, kontzertu gehiago emateko aukera oso ona da; eurek antolatuta guk lan hori kendu egiten dugu, gainera, beste taldeekin elkartzen gaituzte…”.
22 urte ditu, eta orain dela urtebete hasi zen bakarlari moduan. Bakarrik jotzen zebilela Oriol Flores ezagutu zuen, eta Iker Lauroba gero. “Horrela hasi ginen nire abestiak janzten. Hortik aurrera zazpi bat kontzertu eman ditugu taldean, oso oso pozik gaude”. Euskaraz, gazteleraz eta ingelesez abesten dute, eta martxan dute finantzaketa kolektiboko kanpaina bat, diskoa pagatu ahal izateko —izaromusika.com—. “Irailean irtengo da diskoa, eta lau egunetan %50 lortu dugu. Katapulta bezalakoek asko laguntzen dute hedabideetan bisibilitatea izateko ere”.
Gauza kuriosoa gertatu zaio: diskoa atera aurretik, jendeak abestiak kontzertuetan ikasi ditu. “Hori oso polita iruditzen zait, ikusten joan dira nola aldatu diren abestiak bakarrik jotzetik taldean jotzera eta gero diskoan egongo den horretara. Inbutu bat egin behar izan dut diskoan 12+1 abesti bakarrik sartzeko”.
Orain arte egindako bidean zortea izan duela dio. “Ez dakit dena zortea den, baina zati handi bat bai. Toki askotatik deitzen didate eta kontzertu dezenterako, baina beste maila batean, toki txikiagoetan, tabernetan-eta. Finantziazio gabekoak dira asko, eta egia esan, dirua galtzen duzu”. Baina, orokorrean, oso zaila ikusten du kontzertuak lortzea: “Deika eta deika ibil zaitezke, eta jendeak ez du esfortzurik egin nahi ez finantziazio aldetik, ez ekipoaren aldetik… Konpromiso hori lortzea oso garrantzitsua da”.
Goñezek zioenaren ildotik, Izarok ere entzule gazteen falta sumatzen du: “Talde txiki asko daude, baina gazteak ez dira ateratzen. Ni gaztea naiz eta nire publiko ia dena ere ia 30 urtetik gorakoa da. Zortea dut nahiko jende gazte ere badagoelako, baina falta da atentzio bat publiko horren partetik. Falta dira gehienbat talde euskaldunak, ahal dutenak publiko hori gozatu”. Aurrera begira, kontzertuak ematen jarraitu eta profesionalizatzea gustatuko litzaioke.
Katapulta plataforma
Katapulta plataforma 2011n hasi zen egosten, eta 2013tik dabil martxan. Buenawista Prolleckziom’s irabazi asmorik gabeko elkartetik dator ideia. 1988tik ari dira lanean, Donostiako Buenavista auzoan, punk-rock eszenaren barruan. “Musikariez gain beste gauza batzuk ere bagara: argazkilariak, arkitektoak… Horregatik, artista asko ezagutzen ditugu, eta hortik sortu zen ideia. Ikusi genuen zenbat denbora galtzen den boloak bilatzen, eta beharrezkoa zela horretan babestuko zintuen zerbait egitea”. Arlo ugaritan dabilen jendea izanik, bestelako euskarriak ere erabiltzen dituzte artistak promozionatzeko, Aizkorretak azaldu duenez: “Bideo bat egin diegu artistei, euren lana erakutsiz. Konturatu gara lana erakusteko modurik onena bideo bat dela”.
Plataformaren asmoa da sortzaile mota ezberdinak babestea. “Besteengandik bereizten gaituena da guk bilatu egiten ditugula artistak, normalean gu joaten gara eta beraiekin zerbait egiten dugu”. Katapulta plataformaz gain, Buenawistan Musika Gela ere badute. Intxaurrondon eta Egian dauden entsegu lokalak dira, Donostia Kulturarenak, baina eurek kudeatzen dituzte.
Leave a Reply