Maite Alustiza
Amsterdamgo Udalak argi adierazi du: ez ditu hainbeste turista nahi. 800.000 biztanleko hiria da, eta urtean 17 milioi bisitari hartzen ditu. Kanpaina bat dauka martxan, eta, besteak beste, Amsterdamdik gertu dauden herrietan ostatu hartzera animatu ditu turistak. Ekinbide horri erreferentzia egin dio Eduardo de la Fuente hirigintza adituak, Donostiarekin alderaketa egiteko orduan: “Hemen zein politikarik esango du ‘goazen atzera egitea hobeto bizitzeko’? Ez da ohikoa. Haztea ez da beti aurrera egitea”. Amsterdamgo kanpaina aitzakiatzat hartuta, Donostian erabili diren hainbat eslogan baliatu ditu De la Fuentek Parte Zaharreko zarataz hitz egiteko: “Zarataren arazoaren aurrean, eslogan hau erabiltzen dute: ‘Eskertuko dizugu tonua jaisten baduzu’. Aldiz, modu irekian, 2016ko kultur hiriburutzan, hitz bakarra: ‘Ongi etorri!’. Ezingo litzateke zaratarenean ‘Errespetatu!’ erabili eta 2016an ‘dezente pozten gara zuen etorreraz’?”.
De la Fuenterekin batera, Donostiako Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak mahai inguruan batu ditu Iñaki Gurrutxaga Donostiako Udaleko EAJko ordezkaria, Marta Barandiaran osasun arloko aditua eta Javi Rodriguez eta Leticia Molina —Bilbo eta Iruñeko alde zaharretako auzo elkarteetako ordezkariak—. San Telmo museoan elkartu dira alde zaharretako zaratez eta irtenbide posibleez hitz egiteko.
Urteekin aldaketak izan diren arren, Donostiako Parte Zaharrean errealitatea bera dela dio De la Fuentek: deserosotasuna egunerokoan. Arazoak are gehiago dira uda partean: “Jende oldea izugarria da; bizi kalitatea galdu dugu. Marra gorria pasatu da, eta ez gara ari hobeto bizitzen, okerrago baizik”.
1989. urte ingurune saturatutzat jo zuten Donostiako Parte Zaharra, eta, Iñaki Gurrutxaga udaleko EAJ ordezkariak azaldu duenez, harrezkero ez dute lizentzia berririk eman, eta ezin da inguru horretan taberna berririk ireki. “Horrek ez du esan nahi zaratarik ez dagoenik, baina neurria malgutuko balitz, askoz ere taberna gehiago egongo lirateke”. Parte Zaharrean Bizi elkartea, ordea, ez dator bat baieztapen horrekin. Eustateko datuak erabiliz dioenez, 29 biztanleko establezimendu bat dago egun, eta saturatutzat jo zenean, 166 pertsonako establezimendu bat aipatzen zen. De la Fuente ere ez dago ados: “Frogatu dezaket gehiago daudela. Berdin zait bidea, baina askoz gehiago daude. 2005ean udalak egiten zituen egin behar ez zituen gauzak. Baimentzen diren gauza asko daude”.
Azken hamarkadetan izandako aldaketei begiratu bat emateko, 1994ra egin du salto De la Fuentek: “Parte Zaharreko errehabilitazio plana bukatzen ari ginen. Orduan, saneamendua nazkagarria zen; etxeak ez ziren margotzen… 1998an dena aldatu zen. Turista uholdea iritsi zen, eta dinamika hori ez da gelditu gaur arte”. Dioenez, 1990-2000 urteetan, honako hauek ziren arazo nagusiak: jendea kalean egoteak sortzen zuen zarata, pixak, hondakinak… “Orain, ostatu gehiegi daude; etxe turistikoak etxebizitzen merkatu dira, eta alokatzeko hartzen dituzte”.
Araudi kontuak
Udaleko ordezkariak ere ostatuen ugaritzearekin dagoen arazoa aipatu du, eta duela hamabost bat egun jaso zuten epaia azaldu du: “Ostatuak irekitzeko udalak daukan arautegiak dio ezin direla ostatuak jarri azpian etxebizitza duten lekuetan; soilik lehen solairuan jar daitezke, beraz. Baina epaiak kontrakoa dio, Parte Zaharrak plan berezi bat duela”. Hori dela eta, plan berezian aldaketa bat martxan jarri du udalak, “mugak jartzeko”. Gurrutxagak dio kontziente direla Parte Zaharrean turista asko pilatzen dela, eta, horren aurrean, estrategia bat landu nahi dute: etortzen den turista hirian gehiago banatzea, beste tresna batzuen bidez. “Adibidez, plana alda daiteke, eta, tabernekin bezala, beste gauzekiko ere saturatua dagoela adierazi; horrela, ostatuak-eta beste toki batera eraman ahalko lirateke”.
Komertzioari dagokienez, turistentzako dendek saltoki tradizionalak “ezereztu” egiten dituztela salatu du De la Fuentek. Alde horretatik, udalak “arduraz” ikusten du Donostia bi eremutan banatuta egotea: “Merkataritza mundua erdialdean dago, eta ostalaritza eta horri lotutakoa batez ere Parte Zaharrean. Beste elementu batzuk sortu behar dira turismoa hirian zehar zabaltzeko”.
Parte Zaharreko zarataz iaz egindako ikerketan, hainbat neurri proposatzen zituzten, eta, Gurrutxagak dioenez, udala horietako batzuk hartzen ari da. “Lehen aipatutako kanpaina da horietako bat. Uste dugu emaitzak ekarri dituela, baina ez da neurri nahikoa”. Horiez gain, ikerketak honako hauek aipatzen ditu: edaria kalera ateratzeko joera kontrolatzea, terrazetan elementu fisikoak jartzea zarataren inpaktua gutxitzeko, kalea garbitzeak sortzen duen zarata gutxitzea, eraikinen isolamendua…
Tabernetan eta horien kanpoan sortzen den zarataz gain, garbitzeko zerbitzuarena aipatu du mahai ingurura bertaratu den entzule batek. Gurrutxagak azaldu duenez, zaila da denbora gutxian kaleak ondo jartzea. “Santomasetan begiratzen duzu goizeko seietan nola dauden kaleak, eta zortzietan nola dauden, eta eskertzekoa da. Onartzen dizut kasu askotan zarata eginez lortzen dela. Beiraren bilketaren kamioiak sekulako zarata egiten du, eta hor badago zeregina”.
Zarata eta osasuna
Zaratak osasunean eragin ditzakeen kalteei erreparatu die Marta Barandiaran osasun arloko profesionalak. Osasunaren Mundu Erakundeak emandako azalpena jarri du abiapuntu: “Osasuna ez da gaixotasunik eza bakarrik, baizik eta ongizate mental, fisiko eta soziala. Zaratak bizi kalitatean eragiten du, gure jarduerak eragozten ditu, kontzentrazioa oztopatzen du, loa…”. Baina nola eragiten du zaratak gaixotasuna? Piramide batekin irudikatuko du: “Piramidearen azpian ondoeza dago; hori jende askok jasaten du, tentsioa igotzen da, taupadak igotzen dira, kolesterola…Horiek arrisku faktoreak dira, eta faktore horiek izanda, gaixotasuna sortzen da: loaren asaldura eta gaixotasun kardiobaskularrak.
Loaren asaldura errusiar panpinekin alderatu du: “Zaratatik gaixotasuna dator, horietako bat loaren asaldura da, eta asaldurak gaixotasunak sortzen ditu”. Barandiaranek dioenez, loa behar biologiko bat da, eta epe luzean lo ez eginda asalduak gertatzen dira: jarrera nahasmendua, lan etekinak murriztea, nekea, kontzentrazio arazoak, depresioa, antsietatea, loditasuna… “Azkenik, hilkortasuna igo egiten da”.
Baina, zer zarata maila behar da osasunean kalteak eragiteko? Ideia bat egiteko: moskitoaren zaratak 20 dezibelio ditu. “0-30 artean ez dago eraginik; 30-40 artean badu eragina, baina gutxi; 40-55 artean kalteak sortzen ditu, eta jende askok bere bizimodua moldatu behar du horri aurre egiteko; eta 55tik aurrera, arriskutsuak dira”. Barandiaranek dioenez, “talde ahulenak” haurrak, jende heldua, haurdun daudenak, gaixoak eta txandatan lanean dabiltzanak dira.
Osasunaren Mundu Erakundeak gaueko zarataren muga 40 dezibeliotan jarria du. “Donostiako Parte Zaharrean askotan 65etik gora dabil. Izan beharko litzatekeenaren kontra doa: arratsaldean, zaratak jaisten joan beharko luke, eta are gehiago gauean”.
Bilbo eta Iruñeko kasuak
Donostiako egoeraz gain, Bilboko eta Iruñekoak ere aztertu dituzte. Bilboko Bihotzean auzo elkarteko kide da Javi Rodriguez. 21 urte daramatza Alde Zaharrean bizitzen, eta “legerik gabeko toki baten moduan” gogoratzen du hara bizitzera joan zenean, ostegunetik larunbatera, batik bat. “Ezin zen auzoan bizi”. 2003an elkartu ziren, eta udal garbiketaren zaratari lotuta Estrasburgok emandako sententzia bat hartu zuten oinarri. “Sententziak zioen kalteak ez zirela bakarrik materialak, baizik eta immaterialak, zaratak, usainak eta abar. 2006ra arte borroka egin genuen, eta lortu genuen kale zurruta Alde Zaharretik kentzea”. Egun arazoa ostalaritzak ekartzen die, krisi garaian komertzioak utzitako lokal asko okupatu baititu. Merkatariekin kanpaina bat hasi zuten iaz, eta udalarekin bildu ziren. “Udalak esan zigun plan berezi batez erregulatu daitekeela ostalaritza. Orain arte ipuin bat kontatu ziguten, baina zirrikitua topatu dugu, eta aprobetxatu egingo dugu”.
Iruñean, bi arazo nagusi dituzte, Morenok azaldu duenez: ostalaritza eta gaueko aktibitatea. Dioenez, Alde Zaharra saturatuta zegoen ostalaritza lizentziekin, baina krisia iristean, kendu egin zen muga: hainbat lizentzia eman zituzten “tranpa txikiak” eginez. Aldaketa ikusten du egungo udal gobernuarekin: “Lehen, ez ikusiarena egiten zen araudiarekin. Oraingoek etenaldi bat ezarri zuten: eskatuta baina eman gabe zeuden lizentziak geldiarazi zituzten; plan bat lantzen ari dira eragileekin…”. Bost elkarte dabiltza alde zaharreko auzotarren eskubideen alde; festa batzordea, adibidez, praktika onen protokoloa lantzen ari da. Bizilagunen elkarteak hainbat ekintza antolatu ditu: “Araudian sinisten dugu, baina baita heziketan ere”.
Leave a Reply