“Oso motz jokatu dute mundu erruralari begiratzeko orduan”

J. Miranda

Asteasu eta Obaba barrutik ezagutzeko proposamena egin du Bernardo Atxagak (Asteasu, 1951) Muskerraren Bidean.

Hernio azpiko toki hau munduan bakana dela diozu. Zergatik?

Bereziak dira munduko toki guztiak. Ez dago berezitasunik gabekorik. Alde bakarra, sakonera da. Esan nahi dut: zenbat eta bizitza gehiago toki batean, orduan eta sakonera gehiago. Noiztik bizitza Hernio azpi horretan? Paleolitikotik, agian. Beraz, historia asko, gertaera asko, gizaki asko. Nevadako desertua, berriz, hutsik egon da milioika urtez. Fantasmak bizi dira han, beste inor ez.

Non eta nola agertu da Asteasu zure literatur ibilbidean?

Haurtzaroa izan delako nire gaietako bat, horregatik Asteasu. Hamalau urte arte han bizi izan nintzen. Haurtzaro osoa.

Beste tokiek ez bezalako balio poetikoa duela uste duzu?

Hala izan du niretzat, eta oraindik ere hala du. Baina, jakina, ez da bakarrik paisaia baten gorabehera. Denbora ere bada. Ni 1951n jaio nintzen. Horrek eragin handia izan du nigan. XX. mendearen bigarren zatia izan da nire aberri nagusia.

Gainerako euskaldunek ulertu al dute Hernio ingurua?

Euskaldunen artean ere ez daude bi pertsona berdin, eta zaila zait erantzutea. Nolanahi den, Euskal Herrian izan diren ideologia nagusiak oso motz jokatu dute mundu erruralari begiratzeko orduan, halaxe alde zeudenak nola aurka zeudenak. Baina, apurka apurka, ari gara irudi on bat osatzen. Gabriel Arestik, Manuel Lekuonak, Antonio Zabalak… horiek eta beste gutxi batzuk lagundu zioten gure munduko toki honi.

Tranpazulo ezizena duzue asteasuarrok.

Une historiko bati dagokio. Garai batean apustu asko egiten ziren Asteasuko partean, inon baino gehiago. Eta apustuetan, jakina, tranpa. Badakizu zergatik horrenbeste apustu? Ba, diru pixka bat zegoelako, batez ere Goibailarako burdin meatzeengatik.

Leave a Reply

Your email address will not be published.