Mahaian nahi dute aldundia

Mahaian nahi dute aldundia

Miren Garate

Bost urte dira Gipuzkoako zahar etxeetako lan gatazka hasi zela, eta, azken bi urteetan, bildu ere ez dira egin sindikatuak eta patronala. Apirilean berrekin zieten negoziazioei, langileen ordezkariek eskatuta, eta bi bilera egin dituzte orain arte. Gaur dira berriz elkartzekoak. Halako egoera bat desblokeatzeko giltza Gipuzkoako Foru Aldundiak duela uste dute ELAk eta LABek; horregatik, hari ere eskatu zioten negoziazio mahaira joateko. Arduragabekeria iruditu zaie ez parte hartzea erabaki izana.

Maialen Aranburu ELAko Gizarte Ekintzako arduradunak gogoratu du ehuneko handi batean titulartasun publikoa duen zerbitzua dela zahar etxeetakoa, nahiz eta enpresa pribatuen esku dagoen kudeaketa. Pandemia bat tartean egon denean, eta “gertatutakoak gertatuta”, garrantzitsua iruditzen zaio patronala interpelatzea, baina, batik bat, aldundia interpelatzea. “Bada garaia aldundiak bere gain hartzeko dagokion ardura”.

Iritzi bera du Eñaut Alvarez LAB sindikatuko arlo soziokomunitarioko Gipuzkoako arduradunak. “Irtenbide baten bilaketan, zuzeneko parte hartzea izan behar du aldundiak”. Luzera begira, gainera, bestelako neurri batzuk ere hartu beharko direla nabarmendu du. “Ezinbestekoa da langileen antolakuntza, eta, orain, neurri batzuk hartu behar ditugu, baina behin-behineko hobekuntzetatik harago, publifikazioa da gatazka honi behin betiko irtenbidea emateko modua”.

Ratioak aldatzeko eskaera

Besteak beste, sindikatuen aldarrikapen nagusietako bat ratioak hobetzea da, eta azaldu dute aldundiarekin zuzenean hitz egin beharreko gai bat dela hori, ez delako lan hitzarmenaren bidez arautzen. Puntu horri dagokionez, Alvarezek dio Maite Peña Gizarte Politikako foru diputatuak aipatu izan dituen datuak ez direla zuzenak. “Hiru erabiltzaileko langile bat dagoela esan izan du, baina batzuetan langile bakoitzak hamabost erabiltzaile ere zaindu behar izaten ditu”.

ELA (%60ko ordezkaritza) eta LAB (%19) ez ezik, CCOO Euskadi (%10) eta Euskadiko UGT (%8) ere badaude negoziazio mahaian; enpresen ordezkaritza, berriz, Adegi, Garen, Matia eta Larenek osatzen dute. Gaurko bilerara proposamen zehatzak eramateko eskatu diete ELAk eta LABek. “Eta ekartzen ez badu, gu aurrerantzean ez gara joango negoziazio mahai horretara. Benetan negoziatu behar ez badugu, ez gara fikzio bat elikatzen eta kanpora begira negoziazio bat dagoela irudikatzen arituko”, esan du ELAko kide Aranburuk.

Bost urteotan, hasieran egindako eskaerak iraungi ere egin direla azaldu du. Esate baterako, soldatetan, 2021era arteko igoerak proposatu zituzten. Aranbururen esanetan, ELA prest dago eskaera horiek eguneratzeko. “Benetan borondatea baldin badu, ariketa berbera egiteko eskatzen diogu patronalari, orain arteko bi bileretara ez baitu proposamenik ekarri”. Hark ere esan du patronalak gaur egiten duena “gakoa” izango dela aurrera begira. “Negoziazio kolektiboan parte hartu behar badu, proposamenak ekarri behar ditu. Bestela, negoziazio prozesua blokeatzeko jarrera bat duela ulertuko dugu”.

Negoziazio mahai horretara eramango dituzten eskaeretako batzuen berri ere eman dute bi sindikatuek. ELAk, adibidez, soldata igoerez gain, beste hainbat puntu landu nahi ditu: antzinatasunari, jaiegunetako plusei, jardunaldi murrizketei, atsedenaldi ordainduei, berdintasun planei eta abarrei lotutako hobekuntzak eskatuko ditu. “Sektore erabat feminizatua da, eta partzialtasun handia dago; soldatak berez txikiak izanda, horrek guztiak prekaritate egoera handia dakar”.

Orain arte lan hitzarmenetan sartu ez den puntu bat ere negoziatu nahi du ELAk. Antsietate kasu ugari daude langileen artean, eta Aranbururi beharrezkoa iruditzen zaio COVIDari lotutako erreparazio emozionalaren gaia ere lantzea. “Pandemian bizi izandakoa oso gogorra izan da. Langileekin jorratzen ari gara nola sartu erreparazio emozionalerako neurriak, baina beharrezkoa iruditzen zaigu”.

LABek herrialde mailako sektoreko hitzarmen bat nahi du, soldata eskaletan gaur egun dauden aldeak desagertu ahal izateko. “Guretzat, presazkoa da lan baldintzak berdintzea eta hobetzea. Egoitza kudeatzen duenaren arabera, aldeak daude lan berbera egiten duten langileen artean, eta hori gertatzen da ez dagoelako herrialdeko hitzarmenik”. Hobekuntza ekonomikoetatik harago, hobekuntza sozialak ere eztabaidatzea ezinbestekoa dela dio Alvarezek, hala nola kontziliazioari lotutako neurriak, berdintasun planak… “Hainbesteko ahalegina egin duten langileek aitortza sozial eta ekonomikoa merezi dute, eta orain da lan hori aitortzeko momentua”.

Denei eragiten dien gaia

Alvarezek nahiz Aranburuk nabarmendu dute zahar etxeetako lan gatazkak gizarte osoari eragiten diola, ez langileei bakarrik. “Zaindua izateko eskubidea urratzen da, eta hori bermatzea dagokigu guri”, esan du Alvarezek. Aranburuk gaineratu du gaur egun jendeak ez duela zahar etxeetan lan egin nahi, baldintzak “oso txarrak” direlako. “Oraintxe, egoera hain gogorra izanda, ordezkapenak ere ezin dira egin, ez dagoelako jenderik. Bizitzen ari garen egoera oso gogorra da, eta horren azken ardura aldundiarena da”.

Gaurko bileraren aurretik, atzo bi sindikatuek grebara deitu zituzten langileak, eta bakoitza bere aldetik mobilizatu zen. ELAren kasuan, adibidez, 258. greba eguna izan zen.

Leave a Reply

Your email address will not be published.