Desagertzear den arrastoa

Desagertzear den arrastoa

Ane Olaizola

Badago jendea zigiluen edota komikien bildumak egiten dituena; nik harresiak biltzen ditut”. Hala aurkeztu du bere burua Aitor Gonzalezek (Portugalete, Bizkaia, 1973), bere azken liburuaz hizketan hasita. Fisikoki ez bada ere, paperean bildu ditu horrenbeste erakartzen duten harresiak, eta jendaurrean jarri, Murallas de Guipúzcoa (Gipuzkoako harresiak) liburuaren bidez.

Aurretik, Bizkaiko harresiei buruzko hamar liburuki kaleratuak ditu Gonzalezek, eta Gipuzkoakoen inguruko lan monografikoa ondu du orain. Egileak azpimarratu duenez, harresiek lotura zuzena izan dute udalerrien garapen urbanistikoarekin, eta, hirigintzari buruzko jakin-minak bultzatuta, bi urtean aritu da lurraldeko harresien eta horien arrastoen inguruko informazioaren bila: “Harresien inguruko lanak oso sakabanatuta daude, eta bilaketa lan handia egin behar izan dut informazio hori guztia liburuki bakarrean biltzeko”. Harresiak dauden edo zeuden herrietara joan, liburu zaharrak eskuratu, artxiboetara jo, landa lana egin… “Lan neketsua izan da”, azpimarratu du egileak. Egindako ahaleginak, ordea, 640 orriko corpusa hartu du; horietatik 323, argazkiz osatuta: “Nik tokian bertan ateratakoak dira asko, eta argazki zaharrekin uztartu dut lana. Esaterako, Donostia osoa harresituta agertzen den argazki bat ageri da. Ez da oso ezaguna, baina bai zirraragarria”.

Harresi asko, abandonatuta

Gonzalezen esanetan, Gipuzkoan harresien “arrasto asko” daude, baina ikusgai daudenak “dozena bat inguru” dira, eta gehienak abandonatuta daude: “Badaude salbuespenak, baina ia guztiak egoera eskasean daude; asko, hondamendi egoeran”. Hain zuzen, haren arabera, Gipuzkoako harresien %90 “galduta” daude egun: “Murru gehienak XIX. mendean desagertu ziren, eta, paradoxikoa badirudi ere, gerrengatik baino gehiago, hiriaren garapen urbanistikoaren ondorioz galdu ziren; izan ere, harresiek hiria zabaltzea eragozten zuten”.

Gipuzkoan, Hondarribiko harresia da ezagunena, baina beste bi azpimarratu ditu liburuaren egileak: Donostiakoa da bat. Gonzalezek jakinarazi duenez, 125 metro luze den horma-atal bat zutik dago oraindik hiriko portuan. Lurpean dagoen aparkaleku batean, berriz, berrehun metroko harresi bat bisita daitekeela ere adierazi du. Bestalde, Leintz Gatzagako murrua aipatu du: “Luzera handiko zatiak kontserbatzen dituzte han, eta zutik ditu lau ate”.

ELGOIBAR, BEKOTORRE ATEA

Argitaratu berri duen liburuan Gipuzkoako harresien “ikuspegi orokorra” emateaz gain, horiei buruzko “informazio berria” kaleratu duela azpimarratu du egileak; hainbat herritan, gainera, beste hipotesi batzuk erantsi dizkiete harresien ibilbideei: “Usurbilen eta Urretxun, esaterako, harresiak ofizialki trazatuta daude, baina horiei hainbat aldaketa egin dizkiet”. Halakoetan, harresi baten bide tradizionala “erratuta” dagoela ondoriozta daitekeela esan du Gonzalezek, “artxiboko ikerketa, kanpo lana eta argazkiak oinarri izanda; irudiak oso baliagarriak dira, Alde Zaharra non hasten eta bukatzen den zehazten laguntzen dutelako. Hiru oinarri horiek ardatz izanda proposatu ditut bide berriak udalerri horietan”.

Aitor Gonzalezen ustez, “garrantzitsua” da harresien gaia, baina, haren iritziz, historialarientzat, oro har, “bigarren mailakoa” da. Gipuzkoako harresien argazkia osatuta, berriz, ondorioztatu du “beharrezkoa” dela gizartea egoeraz ohartaraztea. “Murruak ahaztuta dauzkagu”. Horregatik, ondare hori zaharberritzeko deia egin du.

Errelebo eske

“Bizkaiko eta Gipuzkoako bildumetako informazioa baliagarria izan daiteke biharko historialarientzat”. Hala azpimarratu du Gonzalezek. Hori bai, “nekatu” egin dela ohartarazi du: “2001. urtetik nabil harrien atzetik; hogei urte daramatzat ikertzen. Gainera, argitaratutako lan guztiak nik neuk finantzatutakoak izan dira, eta nire poltsikoak muga bat du. Atseden hartzeko eta beste norbaitek lekukoa hartzeko garaia da”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.