Erik Salazar
Mugikortasuna erronka handia da erakundeentzat. Norberaren autoa gutxiago erabiltzea eta garraio publikoa indartzea da, agintarien hitzetan, haien xedea. Hain zuzen ere, Bidasoa eskualdean, hortik abiatuta sortu dute Smartmob proiektua. Irun, Hondarribia eta Hendaia inguruan, mugikortasunari dagokionez, aurrerapauso nabarmenak eman dituzte azken urteotan. Horren erakusgarri, duela hiru aste, Bidasoa-Txingudi Partzuergoak eskualdeko mugikortasunaren webgune berria aurkeztu zuen, Smartmob proiektuaren barruan.
Izan ere, esku artean dituzten datuen arabera, Hondarribia, Hendaia eta Irun arteko joan-etorrien %90 autoz egiten dituzte herritarrek. Datu hori aintzat hartuta, erakundeetako ordezkariek sumatu zuten herritarrek ez zutela mugikortasun eskaintzari buruzko ezagutza handirik. “Ezjakintasun hori bukatzeko”, inguru horretako garraio sarearen mapa bateratua sortu dute.
Garraio publikoaren eskaintza, aparkalekuen zerrenda, bidegorrien aukera eta oinezkoentzako bideak, eskaripeko garraioa, intereseko lekuak, dokumentuak, Smartmob proiektuari buruzko informazio gehigarria eta ibilbideak kalkulatzeko aukera topatuko dituzte interesdunek gune berri horretan.
Bidasoatik harago doa, gainera, garatu berri duten proiektua, Juan Luis Silanes Hondarribiko Mugikortasun zinegotziaren esanetan: “Garraio sarearen eskeman, Donibane Lohizunera [Lapurdi] edo Donostiara doazen lineak ere agertzen dira”. Juan Mari Altuna Hondarribiko alkateordeak, berriz, “ezinbestekotzat” jo du erakundeen “lankidetza, herritarrei ahalik eta zerbitzurik egokiena” eskaintzeko.
Iritzi berekoak dira Hendaiako hautetsiak. “Ipar Euskal Herrian bizi direnak eta bisitariak autoa hartu gabe errazago mugitzea da helburua”: hala adierazi du Ganix Grabieres Garapen Iraunkorrerako zinegotziak. Kotte Ezenarro Hendaiako auzapezak Smartmoben tankerako proiektuen ikuspegi “berri, iraunkor eta adimentsua” nabarmendu du.
Irungo Udalean ere baikor baloratu dute joan-etorrietan eragiteko lortutako adostasuna. “2016ko bideari” eusten ari direla azaldu du Jose Antonio Santano alkateak: “Urte hartan Hegobus jarri genuen martxan Hendaia eta Irun lotzeko”. Alta, udalerrietako tokian tokiko berezitasunak kontuan hartzea beharrezkoa dela uste du Altuna Hondarribiko alkateordeak, eta adibide argi gisa jarri du Hondarribia eta Hendaia itsasontzi bidez ere lotuta daudela.
Bidasoan garatutako proiektuek interesa piztu dute beste udalerri batzuetan ere. Horren erakusgarri, astelehenean aurkeztu zuten Smartmob proiektua Hendaian, eta Bidasotik kanpoko erakunde askotako ordezkariak joan ziren bertara, Eneko Goia Donostiako alkatea edo Baionako eta Donibane Lohizuneko hainbat hautetsi, esaterako. Denek bat egin zuten Europan indarra hartzen ari den egitasmoarekin.
Oposizioaren interesa
Bidasoko mugikortasun kontuak ez dira udal gobernuen interesekoak soilik. Oraintxe oposizioan dauden taldeek ere interes handiz erreparatu diete azken asteotako berritasunei. Xabier Iridoi Irungo EAJren bozeramaileak ontzat jo ditu Bidasoa eskualdean egindako urratsak, eta instituzio berrien inplikazioa nabarmendu du: “Aldundia eta Ipar Euskal Herriko erakundeak proiektuan sartu dira bete-betean; gaiak dimentsio handiagoa izango du orain”.
Irunek Donostia-Baiona eurohiriaren proiektuan duen garrantzia azpimarratu du Iridoik, eta, mugikortasunaren ikuspegitik harago, albiste ontzat hartu ditu eskualde horretan egindako lanketak: “Erronka garrantzitsua dugu: mugikortasunaz harago, Txingudiko badiako euskal herritarrak elkarrengana hurbiltzea izan behar dugu helburu”.
Leave a Reply