Aitziber Arzallus
“Familia batera adimen desgaitasuna duen ume bat iristen denean, gauza asko mugitzen dira. Gauza asko mugitzen zaizkie ume horren gurasoei, baina baita haren anai-arrebei ere”. Hala dio Irune Book (Azpeitia, 1979). Badaki zertaz ari den, adimen urritasuna duen anaia bat baitu, bera baino gazteagoa. Oraindik ere ondo gogoan ditu haurtzaroan izandako sentipenak, nahiz eta urteek ematen duten perspektibarekin ordukoak beste modu batera ikusteko gai den orain. “Ezin ulertuak, lotsak, zeloak… Umetan ohiko sentipenak izaten dira adimen urritasuna dutenen anai-arrebongan, eta baita gerora gaizki sentitzea ere umetan horiek sentitu genituelako. Horretaz guztiaz, ordea, sekula ez dugu geure artean hitz egin, ez dugulako aukerarik izan. Gurasoek askotan kontatu izan dizkiete elkarri beren esperientziak; zergatik ez egin gauza bera anai-arrebon artean?”.
Horiek horrela, adimen urritasuna duten pertsonen anai-arrebentzako lehen topaketak antolatu ditu Atzegik, elkar ezagutzeko eta bizipenak partekatzeko. Maiatzaren 25ean Eibarren egin zuten horietako bat, atzo Azpeitian zuten bestea, eta datorren asteazkenean, ekainaren 8an, Donostian egingo dute hurrengoa. Villa Mari eraikinean (Nafarroa etorbidea, 35) izango da, Atzegik Donostian dituen egoitzetako batean, 18:30ean. Izena eman nahi dutenek 943-42 39 42 telefono zenbakira dei dezakete, edo atzegizale@atzegi.eus helbidera idatzi. Dena dela, aurrez izenik ematen ez dutenek ere parte hartzeko aukera izango dutela zehaztu du Book.
Adimen urritasuna duten pertsonen anai-arrebak biltzeko leku bat dira topaketa horiek. “Gauza informal bat izango da, ez hitzaldi, ikastaro edo tailer bat. Nahi duguna da mokadutxo baten bueltan elkar ezagutzeko eta elkarrekin egoteko guneak izatea, batzuek ez baitugu elkar ezagutu ere egiten. Helburuetako bat da elkarrekin bizipenak partekatzea, bakoitzak bere erara bizitzen dituen arren, denok ere kontu komun asko daukagulako”. Anai-arreben figura hori indartzea da beste helburuetako bat. “Hori ere beharrezkoa iruditzen baitzaigu”. Atzegin ez ezik, antzeko beste elkarte batzuetan joera hori indarra hartzen ari dela nabarmendu du Book.
Etorkizunarekin kezkatuta
Anai-arreben figura indartzeko behar horren atzean beste kontu bat ere badela esan du azpeitiarrak. “Senideoi, guraso zein anai-arreboi, kezka handia eragiten digu etorkizunak: gure gurasoak zahartzen ari dira, eta haiek joaten direnean zer gertatuko da gure anai-arrebekin?”. Booren hitzetan, batzuek senti dezakete ez daukatela zertan beren bizitza hipotekatu urritasuna duen anaia edo arreba zaintzearren. “Beste batzuek, berriz, ez dute hori obligazio moduan ikusten, beren bizitzaren parte natural bat balitz bezala baizik. Gainera, badaude horretan lagun zaitzaketen elkarteak, fundazioak edo bestelako laguntzak eta babesa”. Horretaz guztiaz hitz egitea, eta sentipenak eta informazioa elkarrekin partekatzea ere “oso aberasgarria eta beharrezkoa” iruditzen zaio Boori, eta uste du horretarako ere balioko dutela topaketek. Hori bai, azpimarratu du “anai-arreba perfektuaren rola” aldarrikatzeko inolako asmorik ez dutela, “aukera guztiak direlako balekoak eta guztiz errespetagarriak”.
Horrenbestez, anai-arreba guztiei topaketetan parte hartzeko deia egin die Book. Oraingoz, hiru saio antolatu dituzte, horietako bakoitzera eskualde horretako anai-arrebak joateko asmoz. Dena dela, eurena hasiera besterik ez dela nabarmendu du, eta izango direla aukera gehiago.
Maiatzaren 25ean Eibarren egin zuten lehendabiziko topaketan Debabarreneko 11 anai-arrebak parte hartu zuten. Saio haren antolatzaileekin hitz egiteko aukera izan du Book, izan zituzten inpresioak jasotzeko, eta azpeitiarrak nabarmendu du “oso gustura” daudela eta topaketaren inguruan “oso balioespen positiboa” egin dutela. “Bi anaia izan ziren beren esperientziaz hitz egitera ausartzen aurrenak, eta, haien ostean, gehiago animatu ziren”.
Parte hartzaileak, pozik
Booren arabera, oso aho zapore onarekin gelditu ziren parte hartzaileak. “Esate baterako, ahizpa batek zioen lehendabiziko aldiz ulertua sentitu zela. Kontatu zuen adimen urritasuna duen ahizpa hazi ahala, zalantza eta galdera asko sortzen zitzaizkiola, harremanen ingurukoak, bakarrik bizitzera joatearen ingurukoak, eta abar. Saiatzen zela kuadrillako lagunekin-eta zalantza horiek argitzen, eta lagunak ere saiatzen zirela berari aholkuak ematen, baina ez zirela gai egoera ulertzeko, hori bizi ez duenarentzat ezinezkoa delako”. Eibarko topaketan, ordea, bestelako sentipena izan zuen ahizpa horrek.
Eibarko topaketan parte hartu zutenak berriz geratzekotan direla azpimarratu du Book, eguna, oraindik, zehaztu ez duten arren.
Leave a Reply