Berriki, ekainaren 9an, Markel Olano Gipuzkoako Foru Aldundiko ahaldun nagusiak eta Jabier Larrañaga Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak agerraldia egin zuten Donostian, Basotik fundazioa aurkezteko. Arantxa Ariztimuño Mendietako eta Natura Inguruneko zuzendari nagusia ere bertan zen, antza, hitza hartu ez bazuen ere.
Fundazio hau aldundiaren %100eko partaidetzarekin jaio da, 2 milioi euroko aurrekontuarekin. Aldundiak dio egitasmo honetarako gizarte eragileak kontuan hartu dituela; lur jabeak eta enpresak, noski, ekologistak eta natur kontserbazionistak ez gaude-eta euren agendan.
Agerraldian esandakoaren arabera: “Fundazioa basoen kudeaketa integralaz arduratuko da: landaketaz, garbiketaz, eraldaketaz, eta egur eta produktuen merkaturatzeaz“. Argi dago, bada, ez direla basoez ari, zuhaitz landaketez baizik. Ez dute, gainera, ezkutatzen; Larrañagaren hitzetan, “abandonatutako edo gestiorik gabeko basoen kopurua egun %16koa da eta errealitate hori frenatu“ nahi dute; naturalizatzen ari diren basoak egurrerako landaketa bihurtu, alegia.
Fundazioa lur jabe pribatuen baso sailak kudeatzeko intentzioarekin sortu dute. Egun, 95.000 hektarea daude haien eskuetan, eta jabe horiek (ustiategiak) ia 10.000 izatera iristen dira. Lehen sektorean bizi den hondamendiaren isla, jabeen %20k baino ez dituzte 50 urte baino gutxiago; erreleborik ez duen sektorea da, administrazioa hiltzen uzten ari dena, gutxi batzuen mesedetan. Izan ere, argi dago errezeta berria: jabego horren kudeaketa esku publikoetan —esan nahi baita, enpresenetan— utzi.
Hauxe kontu honek eragiten duen lehen galdera: nekazaritza sindikatuek begi onez ikusten dute hau? Administrazioaren zerbitzari eta subsidiarioak bihurtzea da gaur egun baserritarren, abeltzainen, artzainen eta lur jabeen helburua?
Bigarren galderak ez du garrantzi txikiagoa: jakinda aldundiak baldintzatzen duela baso politika diru laguntzen bidetik, zilegi da dirua banatzen duen administrazioa izatea diru hori jasoko dutenen kudeatzailea? Merkatu libreko ekonomia ereduan, ez al da lehia askearen kontrakoa?
Markel Olanok ekimena justifikatzeko balorazio politikoa egin zuen. Aldundiak ohitura bihurtu duen eran, hasieratik bukaerara, hiztegiaren erabilera interesatu eta okerrarekin herritarrak nahasteko borondatea erakutsi zuen. Gipuzkoan basoen azalera %61ekoa dela esan zuen, dakienean azalera horien gehiengoa (gaixorik dauden) zuhaitz landaketek osatzen dutela. Basoak garrantzitsuak direla esan zuen, “ingurumen ikuspegitik, biodibertsitatearen ikuspegitik, paisaiaren eta lehen sektorearen ikuspegitik, baserritarren ekonomiaren ikuspegitik…“ eta “klima aldaketaren kontrako borrokan CO2-a xurgatzeko tresna egokia” direla.
Hala da, baina basoak, ez zuhaitz landaketak. Gurean bezala, monolaborantzan oinarritutako kudeaketa intentsiboa egiten denean, onura horiek guztiak ingurumen kalte bihurtzen dira, Eusko Jaurlaritzak erakusten dituen biodibertsitateari buruzko txostenek eta Espainiako Ministerioak neurtzen dituen lur galeren adierazleek erakusten duten bezala.
Larrañagaren hitzetan, Basotik fundazioak, egun, baso jabeei zaila zaien kudeaketa erraztuko die (azala behar du gero, tramitazio konplexua ezartzearen ardura duenak zailtasun hori baliatzea bere mesedetarako!). Jabe gehienek azalera txikia dutenez, azalera horiek kontzentratuta kudeatuko ditu aldundiak, eta horrek berak, kudeaketa kolektiboak, errentagarritasun handiagoa emango omen du. Ustiategien industrializazioa: nola esnearekin, hala haragiarekin, orain egurrarekin. Basoak berreskuratzeak ez du horrelakorik eskatzen.
Aldundiak jauzi kualitatiboa egin nahi omen du fundazio honekin, eta egin du, baina ez “baso iraunkor eta jasangarriaren bidean”, Olanok esan bezala. Fundazio hau natur kontserbazioaren eta biodibertsitatearen kontrako jauzi kualitatiboa da, beste urrats bat hondamendirantz.
Leave a Reply