Lana, jaien eskutik

Lana, jaien eskutik

Miren Garate

“Gasolinaren prezioa bikoiztu egin zaigu, eta argia, lau aldiz garestitu”

Juan Pablo Sanz Atracciones Sanzeko arduraduna

Bi arlotan egiten dute lan Legazpiko Atracciones Sanz enpresan: alde batetik, ekitaldietan, puzgarri eta abarrekin; bestetik, barrakak dituzte. Arlo batean eta bestean joera ezberdinak igartzen dituztela esan du Juan Pablo Sanz enpresako arduradunak: aurkia ekitaldiak dira, eta ifrentzua, barrakak.

Haren esanetan, iritsi ezinda ari dira ekitaldietan. “Beti egin izan dugu lan ondo, baina ez aurten adina. Geure burua eskaini ez dugun herrietatik ere ari zaizkigu deika. Enpresa garrantzitsuentzat lan egin izan dugu, eta hori berme moduan-edo ikusten dute udalek”. Barraketako egoera, ordea, “defendatzen” terminoarekin laburbildu du. “Helduen atrakzioekin ondo ari gara, baina txikienekin ez; eskerrak ekitaldiei”. Horren atzean arrazoi bat dagoela uste du: “Ez dago umerik”.

Aurreko bi urteetan lanerako oso aukera gutxi izan zuten, udalek ez zietelako baimenik ematen herrietara joateko. Eta hori konpondu denean, beste faktore batek sortzen die buruko mina: gasolinaren eta argindarraren prezioak. “Udalek ez dituzte ulertu nahi gauzak, eta ez dakigu nola amaitu behar duen honek”.

Sanzek azaldu du gastuak izugarri igo zaizkiela, baina igoera hori ezin izaten dutela aplikatu tiobiboetako fitxetan; izan ere, baldintzetan mugatu egin ohi dute prezioa udalek: bi euroren bueltan askotan, eta 1,50 euroan ere bai batzuetan. “Orain dela hiruzpalau urte bezala ari gara kobratzen, baina gasolinaren prezioa bikoiztu egin zaigu, eta argia lau aldiz garestitu da. Lan erreformarekin, norbait kontratatzen dugun egun bakoitzeko 27 euro gehiago ordaindu behar dugu. Langileak finko egin behar ditugula esaten digute, nahiz eta urtean hamar egunerako bakarrik izan lana…”.

Aurreko bi urteen arrastoa ere ez du ahazteko Sanzek. “Izugarria izan zen”. Hasieran aurreztua zutenarekin iraun zutela esan du, baina denborak aurrera egin ahala “irribarrea galduz” joan zirela. Ulergaitza egin zaio udalek atrakzio enpresekin izan duten jokabidea. “Aire zabaleko jarduerak sustatu behar zirela esaten zuten, baina guk ezin genuen lanik egin; aldiz, beste edozer egin zitekeen: zinemara joan, jatetxeetara…”.

Kontatu du geldirik egon diren bitartean berdin-berdin ordaindu behar izan dituztela beren 21 ibilgailuen azterketa teknikoak eta aseguruak; baita atrakzioak gordetzeko duten pabiloiaren ondasun higiezinen gaineko zerga ere. “Erretiroa hartzeko urte batzuk falta zitzaizkien guztiek utzi egin dute, eta hasiberriek ere bai”, dio Atracciones Sanzeko arduradunak. Atrakzio enpresak baino are okerrago egon direnak ere badaudela esan du. “Atrakzioen ekoizleek porrot egin dute. Lanik egin ezinik, zeinek erosiko ditu milioi bat euro balio duten gailuak?”.

GOXOA FOOD TRUCK

“Urteekin, nire tokia egin dut, eta orain errazagoa da dena”

Sidi Mohamed Azaoui Goxoa janari furgonetaren jabea

Beste zenbait tokirekin alderatuta, Euskal Herrian ez dago street food edo kaleko janarirako kultura handirik, Sidi Mohamed Azaouiren ustez, nahiz eta “pixkanaka-pixkanaka” aldaketa bat igartzen duen. Iaz hasi zen hura herriz herri, Goxoa janari furgonetarekin. Aitortu du “pazientzia pixka bat” eskatzen duen lana dela. “Pazientzia, psikologia… Hasiera ez zen erraza izan. Gauez lan egiten duzunean, jakin egin behar da gauzak nola eraman”. Hala ere, esan du oso pozik dagoela lanbidean. “Urteekin, nire tokia egin dut, eta orain errazagoa da dena”.

Uda oparoa aurreikusten du. “Parrandarako gogoa dago, eta uste dut inoiz baino gehiago balioesten duela jendeak gure lana”. Azaouiren esanetan, ahalegin handia egin dute hasieratik gremioarekiko zeuden uste batzuk aldatzeko: “Edozer salduko bagenu bezala ikusi izan gaituzte; baina ez: nik kalitatezko produktuak erabiltzen ditut, edozein ekitalditarako modukoak. Jatetxe mugikor bat gara”. Askotariko produktuak prestatzen ditu: hanburgesak, ogitartekoak, fajitak, falafelak… Barazkijaleentzako eskaintzan hutsune bat zegoela ikusita, haientzako produktuak ere sartu ditu menuan.

Uda oparoa izango dela uste duen arren, oraindik ez daki zehatz-mehatz zer herritan egongo den. Joango diren herri guztietan eskatu behar izaten dituzte baimenak aurrez, eta esan du tramite horiek “izugarrizko lana” eskatzen dutela. Herri batzuk hasi dira urteko jai guztietarako zozketa bat egiten. “Nire ustez, hori da egokiena, urte hasieratik dakizulako non egongo zaren. Herri batzuetan, hemendik bi astera dira jaiak, eta oraindik ez dakigu herri horietan lan egin ahal izango dugun”.

Ostalaritzako beste negozio batzuek bezala, langileak aurkitzeko zailtasunak izaten dituela jakinarazi du Azaouik. “Nahi izaten dut euskaraz dakien gazte jendea izatea nirekin lanean, baina oso zaila da langileak aurkitzea”.

Zailak izan dira aurreko bi urteak ere. “Lanerako toki finkorik ez dugunez, ez zegoen laguntzarik salmenta ibiltarian aritzen garenontzat. Eta guk ere ordaintzen ditugu zergak, inork baino gehiago, joaten garen herri bakoitzean ordaindu behar izaten dugulako espazio publikoa okupatzeagatik”.

Pandemia garaian, egoera luzerako zihoala ikusita, lokal bat hartu behar izan zuen Beasainen, eta eramateko produktuen saltoki bat ireki zuen —jarraitzen du oraindik ere—. “Laguntzarik ez genuen, eta, gainera, udalek ez ziguten lanerako lizentziarik ematen, aire zabaleko negozioak izan arren. Zergatik? Ulergarriak ez diren gauzak egin dituzte”.

USTEKABE TXARANGA

“Diskoa ateratzeko helburuak jarraitzeko indarra eman zigun”

Beñat Etxabe Ustekabe txarangako tronboi jotzailea

Aurtengo otsaileko emanaldi bat bereziki gogoan du Beñat Etxabe Eibarko Ustekabe txarangako tronboi jotzaileak. Zestoan izan zen. COVID-19ari aurre egiteko murrizketa neurrietako batzuk aste horretan bertan geratu ziren bertan behera. “Jende pila bat atera zen txarangaren atzetik kalean; festa giro handia sortu zen, eta orain ere hala izaten da: jendeak festaren falta sumatzen zuen, eta gogoz dago”.

Esan du azken bizpahiru hilabeteetan lan asko ari direla egiten: bizpahiru emanaldi asteburu bakoitzean. Sanjoanen eraginez, agenda betea dute datorren asterako ere: lau emanaldi dituzte sei egunean. Handik aurrera, berriz, herririk gehientsuenetan izango dira festak, eta orduan hasiko da sasoirik oparoena musikarientzat. “Bi urteko atsedenaren ostean, lan asko egitea tokatuko zaigu”.

Hamazazpi kide dira Ustekabe txarangan, eta Gipuzkoan eta Bizkaian ibili ohi dira, batez ere. Etxabek esan du normalean arratsaldez izaten dituztela emanaldiak, txikiteo garaian. “Gaur hemen eta bihar han ibiltze hori gogorra da, baina gustura egiten dugunez…”.

Neguan ere ateratzen zaizkie saio batzuk tarteka, baina gutxiago. “Askoz lasaiago ibiltzen gara neguan; elkartzen jarraitzen dugu, ordea, musika mailari eusteko eta udan joko ditugun abestiak prestatzeko”. Eibarkoak, Elgoibarkoak, Zestoakoak eta Gasteizkoak dira Ustekabe txarangako kideak.

Pandemia garaian egokitu zen taldearen hogeigarren urteurrena —22 urte egin ditu aurten—, eta, ospatzeko kalez kale ibiltzerik izan ez bazuten ere, aurkitu zuten helduleku bat: Eibarko kantak diskoa atera zuten iaz, herriko abestiak berreskuratzen eta berritzen dituen lan bat. “Oraintxe entseguak egiteko aukera genuen, eta oraintxe etxean egon behar genuen. Nahikoa lan izan genuen, baina diskoa ateratzeko helburu horrek jarraitzeko indarra eman zigun”.

Bi urteko egoera nahasi horrek alde on bat ere izan duela esan du Etxabek: “Musikariok elkartzen jarraitu dugu, eta musikalki hobeak gara orain”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.