Miren Garate
Errenteriako Arramendi pasealekuan babestutako alokairuan bizi dira berrogei familia. Jaureguizar enpresarenak dira etxe horiek, eta hamabost urtez erregimen horri eusteko konpromisoa hartu zuen Eusko Jaurlaritzarekin. Amaitu da epea, eta enpresak saldu egin nahi ditu etxeak; alokairuan bizi diren familiei eskaini dizkie, babestutako prezioan —168.000 euro inguru handienak eta 148.000 euro inguru bi gelakoak—; batzuk prest daude, baina beste askok, egoeragatik, ez dute hipoteka bat lortzeko aukerarik.
Bizilagunen kezka ulertzen duela dio enpresak, baina saldu egin nahi ditu etxeak, eta, haren esanetan, administrazio publikoei dagokie alokairu sozialei lotutako irtenbideak aurkitzea. Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzari eta Errenteriako Udalari ere eskaini dizkie etxeak, baina haiek ere uko egin diote erosteari. Hala ere, Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak esan du negoziatzen jarraitzen dutela eta mahai gainean badagoela proposamen bat.
Gipuzkoan herri gehiagotan ere badaude antzeko etxeak; hau da, lurra eta eraikina enpresa pribatuenak izan arren administrazioarekin hitzarmen bat egin ostean alokairu sozialera bideratutakoak: besteak beste, Mutrikun, Irunen eta Donostian.
Kezkatuta
Jaureguizarren etxeetan bizi diren bizilagunetako hiru dira Toñi Minguez, Marian Pedrosa eta Soraya Etxeberria: lehen biek hamabost urte daramatzate etxe horietan alokairuan, eta Etxeberriak, zortzi. Etxebideren zerrendetatik sartu ziren. Bat datoz hirurak: ez dute etxea erosteko aukerarik, eta, handik alde egin behar izanez gero, merkatuko ohiko prezioetan dagoen alokairu bat ordaintzeko aukerarik ere ez.
59 urte ditu Minguezek, eta 63 haren senarrak. “Etorri ginenean, orain baino askoz hobeto geunden: senarrak lan egiten zuen, nik ere bai…”. Oraindik ere lanean ari da Minguez, garbiketan, nahiz eta orain bajan dagoen. Azken hamabi urteetan soldata izoztuta daukala dio. Senarrak, berriz, tumore txar bat du, eta, zenbait ebakuntza egin ostean, osasunez pattal dabil. Esan du adin eta egoera horrekin ezin dutela hipotekarik eskatu. “632 euro ordaintzen ditugu alokairuan. 800 eurotik gora ere ordaindu izan ditugu; gastuak kontuan hartuta, mila euro inguru”.
Alokairuan daramatzaten urte guztiak kontuan hartuta, 100.000 eurotik ondo gora ordaindu dituztela kalkulatu du. “Eta guk ordaindu behar izan ditugu etxepeko gastuak, ondasun higiezinen gaineko zerga [OHZ], sukaldea ez beste guztia guk jarritakoa da, etxeak oso egoera onean mantendu ditugu…”.
Horregatik guztiagatik, enpresaren jarrera benetan mingarria iruditzen zaio: “Nire kontratua maiatzaren 18an amaitu zen, eta 30erako alde egin behar nuela esan zidaten. Hamabost urte hauetan inoiz ez diogu utzi ordaintzeari”. Minguezen esanetan, Jaureguizarrek esaten die etxe asko daudela merkatuan. “Bada, ni nekatu naiz begiratzeaz. 800-900 euro azpitik ez dago ezer Errenterian, eta jan ere egin behar dugu”. Bi burofax jaso ditu, eta telefonoz ere deitu diote. “Mehatxu egin zidaten, eta esan zidaten pozik egon behar nuela ez zidatelako etxetik joanarazteko agindurik eta ertzainik bidali”.
Baina uste du litekeena dela egun hori gertu egotea. “Etsigarria da, ez baitakigu bihar zer gertatuko den. Inoiz ez nuen pentsatuko egoera honetan egongo nintzenik. Gainera, enpresak irabaziak ditu, eta etxe hauek praktikoki guk ordaindu ditugu alokairuan egon garen urteetan”.
“Bihozkada onik” ez duela esan du Pedrosak ere. 58 urte ditu, eta bakarrik bizi da. Adin horrekin hipoteka bat lortzea oso zaila dela dio. “Etxe honetan sartu nintzenetik, nire egoera ez da asko aldatu: orduan, merkatua zegoen bezala egonda, ezin nuen mailegu bat lortu, eta orain ere ez”. Esan du enpresak ez diela inoiz jakinarazi zertarako asmoa zuen hamabost urteak pasatutakoan.
Gaur egun, 350 euro inguru ordaintzen du alokairua, eta urte amaieran beste 300 euro inguru OHZ. “600 eurotik gora ordaintzen ere aritu naiz, behar baino askoz gehiago, nire nominaren portzentaia kontuan hartuta”. Esan du enpresak bestelako portaera okerrak ere izan dituela bizilagunekin. “Bizpahiru urtean, aseguruaren kontingentea ere ordaindu behar izan genuen, nahiz eta hori ez dagokien maizterrei”.
Telefonoz deitu ziotenean, orain pare bat aste, aipatu zioten uztailean utzi behar duela etxea. Esan du etxe horretatik alde egin behar izanez gero ez dakiela zer egingo duen. “Urte hauetan hemen egon garenez, alokairu sozialeko etxeen eskaeran ere antzinatasuna galtzen dugu, eta Etxebideko zerrendan azkenak izango gara. Beltz ikusten dut kontua, baina ez nago amore emateko prest”.
Etxeberriak, berriz, lau seme-alaba adingabe ditu, eta haren senarrak ezintasun bat du. “Esan ziguten hamabost urteak pasatzen zirenean Eusko Jaurlaritzak familia bakoitzaren egoera begiratuko zuela”. Ekainaren 18an amaitu zitzaien kontratua, eta alokairua ordaintzen jarraituko dutela dio. “Ez ordaintzeagatik bidaltzea, tira, baina gure kasuan bidaliko gaituzte ezin dugulako etxea erosi”. Etxeberriaren esanetan, ezin dute beste etxe batean 800-900 euro inguruko alokairurik ordaindu, eta hipotekarik ere ez liekete emango bankuek. Oso kezkatuta daudela dio. “Senarra gaixo, lau ume, nora joan behar dugu?”.
Konpromisoak “beteta”
Bizilagunen kezkarekin “guztiz bat” datozela esan dute Jaureguizarreko arduradunek. “Guretzat, beste ezeren gainetik, bereziki sentibera den gai humano eta sozial bat da hau, eta duela hilabete batzuetatik ari gara horri erantzun nahian, ahal dugun neurrian”. Alabaina, haien ustez, etxebizitza politiken arduradun diren heinean, administrazio publikoei dagokie alokairu sozialeko arazoei “irtenbide errealista bat” aurkitzea.
Testuinguruari lotuta, Jaureguizarrekoen esanetan, kontuan hartzekoa da 2002an, enpresak Errenteriako lurrak erosi zituenean, etxebizitzen babes ofizialeko kalifikazioa aldi batekoa zela. “Hilabete bakar batzuk geroago, kalifikazio hori behin betiko bihurtu zuten, eta horrek eragina izan zuen konpainiak zituen inbertsioaren itzulkin aurreikuspenetan”. Hala ere, hasierako konpromisoa “zorrotz” bete, eta nabarmendu dute hamabost urtez babestutako alokairuan izan dituztela etxeak. “Epe hori pasatuta, bizilagunen kezka erabat partekatuz, ekimen pribatutik bideragarri ikusten ditugun aukera bakarrak proposatu ditugu”.
Azaldu dute, besteak beste, Errenteriako Udalari eta Eusko Jaurlaritzari eskaini dietela etxeak erosteko aukera, haiek babestutako alokairuekin jarraitu ahal izateko, eta, era berean, alokairu sozialera bideratutako titulartasun publikoko etxebizitzen parkea handitzeko aukera emateko. “Gu irtenbide errealista batera irekita gaude; ondo baino hobeto ulertzen ditugu bizilagunen egonezina eta urduritasuna, baina administrazio publikoek aurkitu behar dute irtenbidea”.
Etxebizitza Sailak iazko abenduan emandako agindu baten arabera —6319 agindua—, Jaureguizarrek etxebizitza bakoitzeko 15.000 euroko laguntza jasotzeko aukera du, trukean beste hamar urtez mantenduz gero alokairu sozialak. Irtenbide egokitzat ikusten dute hori bizilagunek; ez, ordea, enpresak. “15.000 euroko laguntza horiek oso urrun daude administrazioei dagokien erantzukizuna gure gain hartzeak ekarriko ligukeen ahalegin ekonomikoa konpentsatzetik”.
Irtenbidea zein izan daitekeen galdetuta, familia askoren egoera ekonomikoa kontuan hartuta, enpresako ordezkariek diote “alokairu sozialaren esparruan” aurkitu behar dela. “Alokairu mota hori administrazio publikoei soilik dagokie, eta ekinbide pribatuaren irismenetik eta aukeretatik kanpo dago”.
“Laguntzeko prest”
Maiatzean bildu ziren azkenengo aldiz Jaureguizarreko, Jaurlaritzako Etxebizitza Saileko eta Errenteriako Udaleko ordezkariak. “Etxebizitza politika Jaurlaritzari dagokio; guk ezin ditugu etxe horiek erosi. Hitzarmena ere Jaureguizarrek eta Etxebizitza Sailak egindakoa da, baina Errenteriako Udala konponbidearen parte izango da, eta hartu beharreko neurriak hartuko ditu”, esan du Aizpea Otaegi alkateak.
Udalak ez du gaizki ikusten orain alokairuan bizi diren eta erosteko ahalmena duten bizilagunek etxeak erostea: “Errespetatzen dugu enpresaren saltzeko eskubidea. Horregatik, erosteko ahalmenik edo nahirik ez dutenei laguntzeko prest gaudela planteatu dugu bileretan”.
Otaegik azaldu duenez, hiru aldeak bildu izan direnean, enpresak esan izan du Jaurlaritzak abenduan alokairu soziala hamar urte luzatzearen truke onartutako 15.000 euroko laguntza ez zaiola aski, bizilagunen errenta mailak txikiak direlako. Hau da, diru sarreren proportzioan ordaintzen dute maizterrek; batez beste, 310 euro inguru. “Bileretan, Jaureguizarrek atera beharreko errentagarritasunaren muga bat ezarri dugu: %4koa; alegia, salmenta prezioaren %4 jasotzea enpresak alokairuaren bidez”.
Egin dituzten kalkuluen arabera, etxe handien kasuan, hilean 560 euro izango litzateke portzentaje hori, eta 490 euro bi gelakoen kasuan. “Eusko Jaurlaritzak emandako 15.000 euroekin, Jaureguizar ez litzateke iritsiko kopuru horietara, eta gu prest gaude falta den dirua jartzeko; hau da, batez besteko 310 euroetatik falta den zati hori osatzeko”. Horri esker, bizilagunek oraingo etxeetan jarraitzeko modua izango luketela nabarmendu du Otaegi alkateak, batzuek etxea erosita, eta besteek orain arte bezala, alokairuan.
Azken bileran tarte bat uztekotan geratu ziren, Jaureguizarrek etxe horien salerosketak bideratzeko. Azkenean, enpresak zenbat etxe salduko dituen jakiten dutenean eta alokairuan zenbat eta zer egoeratan dauden familiak geratuko diren jakiten dutenean kalkulatu ahal izango du Errenteriako Udalak %4ra arteko zati horiek osatzeko zer gastu egin beharko lukeen. “Bitartean, laguntza hori nola artikulatuko dugun zehazten ari gara, erreminta seguru eta eraginkor bat sortzeko, udal batek inoiz ez baitu izan halako mekanismorik”. Negoziatzen jarraitzen dutenez, baikor dagoela esan du Otaegik. Bizilagunekin ere astelehenean dira biltzekoak, azalpenak emateko.
Leave a Reply