Taldean lehiatzearen xarma, eta zailtasunak

Taldean lehiatzearen xarma, eta zailtasunak

Loinaz Agirre

Mendiko lasterketa luzeen festa izango da gaurtik igandera bitartean Beasainen. Arrastaka mendi taldeak antolatuta, 11. Ehunmiliak ultratraila (168 km), Goierriko Bi Handiak traila (88 km) eta Marimurumendi maratoia (42 km) jokatuko dira. 1.275 korrikalari ariko dira; eta bakoitza bere erronka, ilusio, helburu, desio, beldur, kezka, amets eta abarrak dituela irtengo da Loinazko San Martin plazatik.

Xabi Irazustabarrenak (Zaldibia, 1979), Ekaitz Lekuek (Ormaiztegi, 1987) eta Josu Otegik (Ordizia, 1978) elkarrekin sentituko eta gaindituko dituzte sentipen horiek guztiak. Ikazkinak taldea osatu, eta Gipuzkoako mendietan barrena egin beharko dituzte 168 kilometro —11.000 metroko desnibel metatua—, Ehunmiliak ultratrailean, taldekako lehian. Gaur, 18:00etan abiatu, eta 48 orduko muga izango dute abentura osatzeko.

Lekue ormaiztegiarrak 2016an egin zuen Ehunmiliak ultratraila lehen aldiz, eta “taldeka aritzeak atentzioa ematen” zion, “bere zailtasunak eta bere xarma” zeuzkala ikusten baitzuen. Horrela, Otegi ordiziarrarekin hitz egin, eta hark berehala esan zuen hirugarrena nor izango zen: Irazustabarrena zaldibiarra, “esperientzia handia zeukalako eta tutore lana egiteko egokia zelako”. Otegik Goierriko Bi Handiak (88 km) egin zituen 2019an; “distantzia luzeagoa egiteko gai ote nintzen galdetzen nion neure buruari”.

Ehunmiliak sei-zazpi aldiz egindakoa da Irazustabarrena, esperientzia handikoa. “Haiek motibatuta zeuden, eta iazko udazkenean nirekin harremanetan jarri zirenean baiezkoa eman nien. Orduan ez neukan asmorik proba egiteko; hoztuta nengoen. Taldearena komentatu zidatenean, ondo iruditu zitzaidan. Disfrutatzeko beste modu bat da”, esan du Irazustabarrenak. 2018an, 60. minutuan eguraldiagatik bertan behera utzi zuten Ehunmiliak proba; orduan egin zuen zaldibiarrak taldekako ahalegina. “Hainbeste kilometro egiteko, atseginagoa edo eramangarriagoa izaten da inguruan norbait izatea”.

Kontrol postuetan batera

Hala ere, taldean aritzeak baditu zailtasunak. “Denetik dauka. Momentu onetan, ondo, baina, momentu zailetan, eramaten eta kudeatzen jakin behar da. Elkar ezagutzea garrantzitsua da”. Taldeka lehiatzeko baldintza bakarra da kontrol postuetatik hiru korrikalariak elkarrekin pasatzea. Bestalde, korrikalarietako bat erretiratuz gero, beste biek jarraitzeko aukera izango dute, banaka.

Prestatzaile fisiko edo nutrizionistarik gabe, euren kasa egin dituzte entrenamenduak, azaldu dutenez, “Xabik gidatuta”. Entrenamendu asko bakarka egin dituzte, baina bukaera aldera taldean ere bai; gauez, 12-13 ordukoak. Izan ere, Ehunmiliak ultra trailaren berezitasuna da gau batez, edo bitan, lasterka aritu behar izatea. Irazustabarrenaren esanetan, gauean egin dituzten entrenamenduak garrantzitsuak izan dira, psikologikoki prestatzeko. “Lasterketako 15. orduan, oraindik beste hainbeste geratzen da amaitzeko, eta burua ere entrenatu beharra dago. Gauak bere nekea dauka”.

Lehenengo korrikalaria bihar 16:20-18:00ak artean iritsiko da Beasaingo helmugara. Ikazkinak taldeko hirukoteak, denbora aldetik, helmugara heltzea beste helbururik ez du. “Eta bigarren gauari ahalik eta gutxien kentzea, bigarren gauean nekea doblea da eta. Hainbeste ordu lo egin gabe, dena hasten da huts egiten”.

Bihar, eguna argitzerako, 06:00ak eta 07:00ak bitartean, Tolosako anoa postu nagusira iristea aurreikusten dute. “Etzegaraten bezala, bertan lo egin daiteke, dutxatu, masajistak ere egoten dira, arropa aldatu…”. Estrategiarik ez dute, eta eguraldiak eta gorputzaldiek baldintzatutako unean uneko erabakiak hartu beharko dituzte. “Talde bezala nahiko motibatuta gaude, gogotsu, baina urduri ere bai. Kilometro asko dira, eta denetik gerta daiteke. Errespetuz hartu behar da beti Ehunmiliak”.

Eguraldiaren eragina

Eguraldiak “erraztu edo zaildu” egin dezake lasterketa. “Gauean freskatzen badu, eta euririk egiten ez badu… ondo; bero sargoriarekin, euriarekin edo lokatzarekin, berriz, asko zaildu daiteke. Erabaki asko hartu beharrean izango gara lasterketan. Pentsatuta eraman daitezke, baina egunean bertan hartu beharko dira hainbat erabaki”. Hankak, hauspoa eta burua erronkarako prestatu dituzten bezala, “tripak ere” entrenatu dituzte. “Tripetatik jende asko ibiltzen da gaizki, eta tripa ere entrenatu egin behar da. Organismo bakoitza desberdina da”.

Horretarako, hiruren esanetan, “entrenamenduetan egin behar dira esperimentuak; karrera egunean ez hasi esperimentuetan, gaizki atera daitezke eta”. Aurreko egunetan, karbohidrato gehiago jan dute —pasta eta arroza—. “Hidratazioa ere oso garrantzitsua da. Proba aurretik ere ur asko edan behar da”. Asteburuan ikusiko da Ikazkinak taldearen hilabeteetako lanaren emaitza.

Leave a Reply

Your email address will not be published.