Olaia Gerendiain
Hamarkada bat bete du Harremantxo Pasai Antxoko talde feministak. 2012ko ekainean, lau lagun elkartu ziren Pasaiako barruti horretako San Fermin jaien atarian, festen eta eraso sexisten inguruan hausnartzeko. “Eraso sexisten prebentzio modura, harremanen tailer misto bat egin genuen gaztetxean. Horrekin lotuta, ondoren, erasorik gabeko jaien aldeko kanpaina bat martxan jarri genuen”, egin du atzera begirakoa Ane Zubizarreta Gonzalez taldekideak. Hamar urtera, aurtengo jaiei begira ere prestatu dute protokolo bat, sekula baino osoagoa.
Zubizarretaren esanetan, “feminismotik elikatuz” joan dira emakume antxotarrak, ordu hartan abiada hartuta; hau da, jaiez gaindiko jarduera eta aldarriak kalera ateraz: “Agenda feminista geureganatzen”. Lau lagun izatetik, emakume sare sendo bat izatera pasatu dira, eta emakumeen eskubideen aldeko borroka egonkortu egin da taldea jaio zenetik. “Oro har, feminismoak beste aitortza bat du; posizio hobean dago gaur egun”. Jendarteak, orobat, barneratua duen borroka bat dela sinetsita dago Zubizarreta, “eta Antxon ere hori ikusi dugu”.
Azaletik haragoko saltoa
Gero eta jendetsuagoak dira mobilizazio eta salaketa publikoak, eta Harremantxo eragile erreferente bilakatu da pasaitarrentzat. Dena den, Zubizarretak esan du lan handia dutela aurretik, zalantza egin baitute askoren agerpen publiko horiek ez ote diren “politikoki zuzena” den horri erantzuteko saiakera hutsalak. Azaleko hizketaldietatik haragoko pausoak ematea jo du gakotzat: “Diskurtso orokorra jendartera iristen ari da, eta bat egiten dute harekin, baina errora joan gabe; hor lan handia dago”. Era berean, gogoratu du feminismoa ez dela emakumeen kontua bakarrik: “Gizonezkoek ere badute erantzukizuna”.
Iragan asteazkenean bota zuten Antxoko jaien txupinazoa, San Fermin jaien bezperan, eta aurten ere prestatu du protokolo bat talde feministak, gerta daitezkeen erasoak saihesteko asmoz, eta, gertatuz gero, horiei nola aurre egin jakiteko. Ingurura so eginda, baina, berrasmatzeko beharra ikusi dute, eta aurtengo ekintza planak LGTBI kolektiboaren kontrako oldartzeak ere hartu ditu, horien azkenaldiko gorakada medio.
Ospakizunak abiatu baino lehen banatu zuten pausoen eta irizpideen txostena. “Konturatu gara batzuetan beroan hartzen direla erantzunak [erasoei aurre egitekoan], eta erasoa egin zaiona bigarren mailan uzten da”. Horregatik jo dute funtsezkotzat aurretik protokoloa Pasai Antxoko tabernei eta txosna guneetako arduradunei aurkeztea, haiek ere hausnartzen saiatzeko.
Asebeteta daude Zubizarreta-eta azken urteotan gisa horretako protokoloek izan duten onarpenarekin, baina hark bi zehaztapen egin ditu hori esan ostean: batetik, nahiz eta jaietan nabariagoak izan, erasoak egunero gertatzen direla; eta, bestetik, protokoloa eginda izan arren, ez dutela erabili nahi. “Espero duguna da, benetan, protokoloa martxan jarri beharrik ez izatea. Ez dugu iritsi nahi halako egoera batera”.
Uste du batzuek, eguneroko errutina alde batera utzita, zenbait marra gorri ere etxean ahazten dituztela kalera ospatzera ateratzen direnean. “Atmosfera berezi bat sortzen da jaietan; hein batean, oso polita izan daiteke, desinhibitzeko, ongi pasatzeko, harremanak izateko… Baina batzuetan mugak ez dira argi ikusten, eta badirudi dena justifikatuta dagoela”. Hain zuzen ere, horregatik hautatu dute aurtengo leloa: Jaietan ere, denak ez du balio.
Besoko moreak
Jaietako kanpainarekin Harremantxok duen asmo bakarra ez da bizilagunen artean alarma piztea eta horiek kontzientzia hartzea, baizik eta prebentzio lan bat egitea. Indarkeriari aurrea hartzeko, beste estrategia bat ere abiarazi dute dagoeneko hasita dauden jaietan: Antxora joango denak besoko more bat ikusiko die jarrita hango hainbat emakumeri. Antxoko jaietako eragile Topaguneko kideen ideia izan zen ikur hori banatzea. “Batetik, erasoren bat salatu nahi duenak guregana jo ahal izateko; bestetik, norbaitek etxera laguntzerik nahi badu-edo, lasai eskatzeko”, dio Zubizarretak.
Pandemiak eragindako bi urteko etenaldi arautuaren ondoren, Zubizarretak esan du Harremantxok aurtengo sanferminetarako duen erronka nagusia dela “denok ongi pasatu ahal izatea”. “Gustura igarotzea jaiak, kalean elkartzea, partekatzea, eta denok disfrutatu ahal izatea”.
Leave a Reply