Josu Tolosa: “Enpresetan ez dago ziurtasunik, eta horrek geldituko du ekonomia”

M. Ortega Zubiate

Ekonomisten Euskal Elkargoko kolaboratzaile eta Aselagun aholkularitza enpresako merkataritza aholkularia da Josu Tolosa (Legazpi, 1968). Aholkularitzan esperientzia zabala du, eta, gaur egungo egoera aztertuta, aurreikusi du datorren urtera arte behintzat ekonomiak okerrera egiten jarraituko duela.

Zergatik egin dute horren modu bortitzean gora produktuen prezioek?

Ukrainako gerrak ekarri du igoera, baina lehendik ere igotzen hasita zegoen. Lehen, eskaerak geldirik zeuden, baina bat-batean merkatuak ireki ziren eta jende guztiak kontsumitu nahi zuen. Argi dago eskaera igo dela, baina eskaintza ez hainbeste. Gero, gerra hasi zenean, lehengo igoera horri gehitu zitzaion, eta orain jada ezin da gelditu; lehen esaten genuen koiunturala zela, baina orain ikusten da ezin dela kontrolatu hain erraz.

Zer egin beharko litzateke egoerari buelta emateko?

Aukera bakarra dago: banku zentralek diruari interesak igotzea, ekonomia geldiarazteko. Izan ere, prezioak igotzen badira, enpresa guztiek ere prezioak igo behar dituzte. Horrela, kontsumoak eta prezioek igotzen jarraituko dute, baina soldatek ez, eta arazo handiak izango ditugu, jendearen erosahalmena asko jaitsiko delako. Jendeak ezingo ditu maileguak eta erosketak ordaindu.

Zer-nolako egoerak ikusi dituzue zuen aholkularitzan?

Guk enpresa txikiekin egiten dugu lan; era horretakoak dira gehienak Gipuzkoan. Ikusi dugu 2021eko kontuen itxiera ona izan dela. Orain arazoa da kezka dagoela nola joango den eta beldurra zabaldu dela. Hori oso txarra da, eta inbertsioak edo kontratazioak geldiaraziko ditu.

Nola aurreikusten duzu etorkizuna?

Gehienek diote udaren ondoren arazoak areagotuko direla. Nire ustez, okerrena datorren urtea izango da; uda eta gero hasiko da, ziurrenik, baina aldaketa handiagoa izango da datorren urtean. Arazoak orokortzen eta gelditzen direnean bihurtzen da benetan problema, koiuntural izateari uzten dionean. Ni ziur nago interesak igo egingo direla aurten eta datorren urtean. Eta ekonomia berriz martxan jartzea kostatu egingo da, beti delako aldapa gora. Gure enpresetan ikusten ari gara: ez dago ziurtasunik, eta horrek geldituko du ekonomia hemendik aurrera. Oraindik nabaritzen da dirua badagoela, bi urtez ia dirurik gastatu gabe egon garelako. Arazoa izango da, ordea, prezioen igoera egonkortzean enpresak galerak izaten hasiko direla. Galerak badituzte, badakigu nortzuk izango diren ordaintzen lehenengoak: normalean, langileak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.