Imanol Saiz
Hendaiatik (Lapurdi) Hondarribira edo Irunera jotzen duten herritarrek Eurovelo dioten kartel batzuekin egingo dute topo. Duela urte batzuk jarri zituzten, eta azkenaldian horietako gero eta gehiago ikusten dira inguruko herrietan eta bide eta errepideetan. Europako hainbat herrialde lotzen dituen bidegorri sarearen norabidea zehazten dute kartel horiek; asko izan dira azken urteotan bide horren gabeziak identifikatu eta salatu dituzten herritarrak. Horien artean daude bizikletaren aldeko Bidasoko Balazta elkarteko kideak.
Gurean oso ezaguna ez den arren, Iñaki Astudillo Balazta elkarteko kide hondarribiarrak kontatu du aspaldiko proiektua dela Eurovelo. 1995. urtean abiatu zuten, eta, esan du, pixkanaka, Europa puntatik puntara zeharkatzen duen bizikleta ibilbidea osatzen aritu direla ordutik. 2020an bukatzea aurreikusia zuen Europak, baina azken urteetan “utzita eta abandonatuta” geratu den proiektua dela dio Astudillok, haserre.
Proiektuaren mapa ofizialei begirada bat emanez gero, Lapurditik Gipuzkoara salto egiten duen bideak oso geldialdi laburra egiten du lurraldean, Nafarroarako norabidea bakarrik hartzen baitu Eurovelok; hor identifikatu du Balaztak proiektuaren “lehen zentzugabekeria”. “Irun izanik Gipuzkoako hiririk handienetan bigarrena, Donostiarekin lotuta egon beharko luke. Oso kilometro gutxi daude, gainera, bi hirien artean”.
Proiektuaren barruan Donostiarako bidea jaso ez bada ere, Astudillok azaldu du Donostiarako noranzkoan, Gaintxurizketa inguruan, Euroveloren hainbat kartel ikus daitezkeela egun, eta Hondarribiko bidegorritik doazenak Donostiara zuzentzen dituztela. “Ofizialki bide hori ez dagoen arren, Hondarribitik Donostiara ere eramaten dituzte txirrindulariak, baina inongo bidegorririk edo txirrindularientzat egokitutako biderik gabe”. Esan du errepidetik jo behar izaten dutela txirrindulariek, arrisku handiko eremu batetik, gainera. “Erabateko zentzugabekeria bat da”.
Gaintxurizketako errepidea “mortala” dela nabarmendu du Balaztako kideak, istripu asko gertatzen diren eremua baita. Urtarrilean izandako ezbeharra gogorarazi du —txirrindulari bat hil zen—, eta azkena izan dadila eskatu du elkartearen izenean. “Ekidin daitezkeen heriotza eta istripuak dira”.
Astudillok erantsi du primeran legokeela Eurovelok Donostiarako bidea izatea: hori ere bada Balaztaren eskaeretako bat. Izan ere, Donejakue bidea zeharkatzeko asmoa duten asko dira bide desegoki hori hartzera behartzen dituztenak, haren esanetan. “Txirrindulari asko ikusi ditugu kartel horiek gidatuta joaten, eta asko galdu egiten dira. Horretarako bideak egin behar dira, ezin dira txirrindulariak arriskuan jarri. Nork diseinatu ditu bide hauek? Argi dago bizikleta erabiltzen ez duen norbaitek egin duela. Ez dute txirrindularien mentalitatea”.
Dagoena ere, gaizki
Irungo Behobia auzotik Nafarroara doan bide hori da, egun, Eurovelok Bidasoan egokitua duen bakarra. Hala ere, Iruñerako bide horretan ere hutsune asko identifikatu ditu Balaztak. Horietako bat aipatu du Astudillok: “Abenduko euriteetatik harriz betetako zati asko daude bide horretan, Behobiatik zortzi bat kilometrora. Ez dute garbitu ordutik, eta, ondorioz, txirrindulariak errepidean sartu behar izaten dira”.
Eurovelo proiektutik haratago, Hondarribiko bidegorri sareak ere kezka eragiten du taldean. Hark esan du Irun eta Hondarribia artean ez dagoela txirrindulari konexio “seguru eta logikorik”. “Hirurehun metro egiteko, kilometro eta erdi egitera behartzen gaituzte, aldapaz betetako bide batetik, gainera. Askok ez dute bizikleta erabiliko, Irunera joateko buelta handia egin behar delako”. Mendelu auzoan identifikatu dute arazo nagusia, aipatutako bide luzea egin nahi ez dutenek errepidera jo behar izaten baitute berriz ere. “Errepidea oso estua da; jendea beldur da hortik joateko. Oso eremu gatazkatsua da”.
Balaztak Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Irungo zein Hondarribiko udalei eskatu die arazo horiei erantzuteko. “Mugikortasun iraunkorra sustatzeko kanpaina erraldoiak egiten dituzte, baina gero ez da inbertsioa ikusten. Belgika, Alemania eta Danimarkarekin alderatuta, oso atzean gaude. Han bizikleta asko erabiltzen dute, ongi sustatu delako, interesa egon delako horretarako, ez hemen bezala”.
Bide batez, bizikleta erabiltzeko deia egiten du Astudillok, haren ustez, “funtsezkoa” baita etorkizunari begira ohitura eraginkorrak hartzea: “Osasun kontu bat da azken finean; hori da gakoa. Errepideak arintzeko balio du, ingurumena zaintzeko edota kirola egiteko. Onura asko dakartza bizikletan ibiltzeak”.
Leave a Reply