Danel Agirre
Eskuineko borobiltxoko erretratua kendu eta hutsunean hankartearen irudi bat paratuko banu, ez luke egitera noanak bezainbesteko atentziorik emango: izan ere, datorren paragrafoan nire diru-sarrerak xehatzera noa, zintzo.
Behin alokairua eta autonomoen kuota ordainduta, laurehun eta zortziehun euro artean geratzen zaizkit beste gastu guztietarako hilero, urte-sasoiaren arabera. Neguan aurreztea tokatzen zait, lan aldetik askoz makalagoa izan ohi den uda partean txalupa hondora ez dadin. Hau idazten nabilela berrehun euro batzen ez dituzten bi kontu-korronte daude nire izenean, bata Kutxabanken eta bestea Alemaniako GLSn. Ez daukat ez autorik, ez higiezinik, ez akziorik, ez pentsio-planik. Gurasoak baino luzeago biziz gero haien etxebizitzaren zati bat jasoko dudala errepikatu izan dit aspaldi amak —gurasoak Franco bezalakoak dira, guztia lotua dutela erakustea asko gustatzen zaie, xanpain apur bat edan dutenean batez ere—. Azken hori gerta dadin ez dago inongo presarik, argitu dezadan. Baina oso garbi daukat: nire belaunaldian hainbeste bezala, familiaren salbamendu-jaka gabe kaka eginda biziko nintzateke.
Irakasle edo foru aldundiko bulegari soldata baduzu eta zurekin alderatuta estu samar nabilela iruditu bazaizu, lasai, ez dizut dirurik eskatuko eta. Azpeitikoei inbidia emateko moduan bizi naiz, erraz eta eroso. Ezohiko striptease hori okurritu zait sosak erlijio bakar izanda, txanponen monoteismoan bizita, norberaren ekonomiaz askoz modu naturalagoan hitz egin beharko genukeela uste dudalako. Sekula ez dut ulertu plazara diru eske irtendakoan BERRIAko langileek zergatik ez duten aho beteka esaten, adibidez, mila euro eskas egiten dituztela hilero. Bulegoren batean norbaitek ordu laurdenez gorbata estuago sentitzea lortuko lukete behingoagatik akaso. Diru-sarrerez hitz egitea ez da “gustu txarrekoa”, batzuen eta besteen diru-sarreren artean tamainako leizeak daudenean.
Alkondaran itsatsitako pegatina batean gure ondasunak idatzita kalera irtengo bagina, mundu hau askoz ulerterrazagoa izango zen. Bilera eta negoziazioak askoz interesgarriagoak lirateke, esaterako. Seychelleetan offshore bat duen jeltzaleak ez luke pegatina hori eraman beharra onartuko, bistan denez. Edo ziria sartuko liguke, gaineratuko didazu. Eta ez zaizu arrazoirik falta, baina are goibelagoa da zapatuan hiru garagardo lasai hartzeko ez daukanak ere ez lukeela nahiko, auzo-lotsak jota. Zortziehun euro kostata egin, eta subkontzienteak alferra edo behar bezain argia ez dela esaten diolako. Zoriona arrakasta ekonomikoarekin parekatzen duen gizarte honek, eta haren profeta diren ekonomista, coach eta beste hainbat iruzurtik, bera bezalakoak susmagarritzat dituelako. Nik neuk galdetu izan diot neure buruari zerbait gaizki egiten ari naizen, pasa den urtetik hortz batean pitzadura bat edukita, fakturari beldurra diodalako dentistara ez naizelako oraindik joan.
Inor ez dela lan eginez aberastu dio obrako atsotitz zahar eta zuhurrak. Horregatik, kontu korrontean armiarma-sareak baino ez dauzkanak abantaila bat eduki behar luke: kontu korrontean armiarma-sareak baino ez dauzkala umiliazio gabe esan ahal izatea.
Leave a Reply