Onintza Lete Arrieta
Zarautz Balea igeriketa elkarteko kideek urteko asteburu garrantzitsuena dute hau; baita lanpetuena ere. Ez alferrik, igandean mende erdi bat beteko du Getaria-Zarautz itsas zeharkaldiak, eta, proba berezi horrez gain, beste bi ere antolatu dituzte, iaz bezala: Zarautz-Mollarri-Zarautz, bihar goizerako, eta umeen Getaria-Zarautz, igande goizerako.
3.200 igerilarik eman dute izena helduen bi probak batuta, eta horrek koordinazio lan handia eskatzen duela azpimarratu du Pablo Cazalis antolatzaile zarauztarrak. Aldi berean, ordea, “pozik” daudela esan du, kopuru horrek erakusten duelako probak arrakasta duela, eta 50. aldia izanik ekitaldi berezia izatea nahi dutelako. “Parte hartzaileen kopuru horrekin, ia guztia esanda dago; Zarautz bete egingo da, eta ea hori guztia egoki kudeatzen dugun, antolatzaileek eta jendeak esperientziaz gozatzen duten”.
Eguraldi iragarpenari begira egon dira azken egunetan, eta astearte eguerdian gustura zen Casaliz, igandean “itsasoa bare-bare” egongo dela dirudielako. Aurtengo zeharkaldia “denentzat festa” izatea nahi dute, “ediziorik politena”, eta beraiek ere prestatu dute sari banaketaren unerako ekintza berezi bat. Izan ere, itsas zeharkaldia 25 aldiz edo gehiagotan egin duten igerilariei omenaldi xumea egingo diete. 27 gizon-emakume dira balentria hori egina dutenak, eta 13:30 aldera oholtzara igoaraziko dituzte, bakoitzari oroigarri berezia emateko. “Gaur egun, txanoak latexezkoak izaten dira, baina garai batean kotoizkoak eta telazkoak izaten ziren, eta halako bana emango diegu plaka baten barruan sartuta”, aurreratu du Balea elkarteko kideak.
Omendu guztien artean, izen bat goraipatu du Cazalisek, eta ez da gutxiagorako, orain arteko edizio guztietan parte hartu baitu: Carlos Santana donostiarra, eta, okerrik ezean, igandean ere egingo du Getaria eta Zarautz artean dauden 2.850 metroak igerian. “Proba amaitzen badu, 50 aldietan parte hartutakoa izango da, eta oroigarri berezia emango diogu”, azaldu du Cazalisek.
Hiru proba bi egunetan
Pandemiaren aurretik, Balea igeriketa elkarteak Getaria-Zarautz proba soilik antolatzen zuen, baina gero, osasun eta parte hartze muga neurriak ondo bete ahal izateko, eskaintza handitu, eta ibilbide berri bat proposatu zuen: Zarautz-Mollarri-Zarautz. Proba nagusiaren bezperan egin izan da, larunbatean, eta aurten ere hala egingo dute. Igerilariek 5.000 metroko distantzia osatu beharko dute Zarauzko portutik abiatuta, eta amaitu ere, toki berean amaituko da proba, Zarauzko ekialdean dagoen Mollarrira joan-etorria eginez. Ibilbide hori egina dutenek nabarmendu izan dute erakargarria dela, “harkaitzetatik gertu egiten delako igeri”. 11:30ean hasiko da proba.
Igandean, berriz, umeen eta helduen Getaria-Zarautz itsas zeharkaldia izango da. Umeak izango dira proba egiten aurrenak. Txikienek 400 metro egingo dituzte moilatik irten eta hondartzara, 10:00etatik aurrera. Nagusiagoek distantzia bikoitza egingo dute, 800 metro; hondartzan bertan hasiko dira, eta hiruki formako ibilbidea egingo dute, 10:15ean hasita. Proba nagusiari dagokionez, 11:30ean hasiko da, Getariako portuan. 2.850 metro egingo dituzte igeri, eta Zarauzko hondartzan izango dute helmuga, Munoa plazaren parean.
Guztira 3.200 lagunek eman dute izena probetarako —315 partaidek eman dute biharko probarako—, eta jada itxita dago izena emateko epea.
Ohi bezala, parte hartzaileentzat autobus zerbitzu berezia jarriko dute antolatzaileek Zarautz eta Getaria artean, proba Getarian hasiko baita, baina Zarautzen amaitu. Gainera, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetatik ere zuzeneko autobusak egongo dira igande goizean, eta 09:00etan iritsiko dira Zarautzera, Munoa plaza parera.
Leave a Reply