Maite Alustiza
Gurasoak dira, aitona-amonak, izebak eta osabak. GuraSOS mugimenduan elkartu dira, helburu argi batekin: euren haurren osasuna babestea. Kezkatuta daude Zubietan egitekoak diren errauste plantak umeengan izan dezakeen eraginagatik. “Osasuna guztiz bermatuta ez dagoelako eta prebentzio eta babes printzipioetan oinarrituta”, plantaren asmoa alde batera uzteko eskatu dute. Joan den larunbatean aurkeztu zuten mugimendua, Lasarte-Orian, eta, epe laburrera, bi asmo nagusi dituzte: informazioa jaso eta zabaltzea, batetik, eta prestatu duten manifestuaren aldeko sinadurak biltzea, bestetik. Manifestuan senide bakoitzak konpromisoa hartzen du haur batekin: “Arrisku honetatik babestuko zaitut, maitea, zin dagizut”. Gipuzkoako Foru Aldundira eramango dituzte atxikimenduak.
“Kezkatzen gaitu isiltasunak, eta honelako azpiegiturak osasunean dituen eraginei buruz eztabaida gehiago ez egoteak”. Ez daukate “interes politiko eta ekonomikorik”, euren haurrak babestea baino ez. Honako hau da funtsean eskatzen dutena: gizartea eta haren ordezkariak ados jar daitezela hondakinen arazoari irtenbidea emateko, inoren osasuna arriskuan jarri gabe.
Euren kezken abiapuntua “errealitate ukaezin batean” dagoela diote: inork ez duela errauste planta bere herrian nahi. Gainera, inguruko herritarren osasuna arriskuan dagoela azaltzeko bi argudio dituzte. Batetik, Gipuzkoako Aldundiak Biodonostiarekin hitzartu duen azterlan epidemiologikoa —hiru azterketa egitea erabaki dute; errauste planta martxan jarri aurretik, errauste plantak martxan urtebete pasatu duenean, eta bost urte pasatu eta gero—. Mugimenduko kideen arabera, azterketa horren beharrak frogatzen du herritarrak arrisku baten aurrean daudela. Horrekin batera, salatu dute plantak gizakiengan izan dezakeen eragina “esperimentatzeko”, eurak eta euren haurrak “erabiltzeko” asmoa dutela.
GuraSOSek darabilen beste argudio bat Eusko Jaurlaritzak aurkeztu duen azterketa da. Kutsaduraren sakabanatze atmosferikoaren azterlanean onartzen da kaltetze eremua 30 kilometrokoa dela, hau da, instalazioaren kokapenetik hasita 15 kilometroko erradiokoa. Gurasoen mugimenduak eremu horretan dauden ikastetxeengan jarri du arreta: eragin mapa bat osatu du, erraustegiak zuzenean atmosferara igorritako partikulengatik kalte egin diezaiekeen ikastetxeekin. Horren arabera, berrehun hezkuntza zentro leudeke, baita Donostiako ospitale gunea eta Onkologikoa ere.
Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeak aurkeztutako ebidentzia zientifikoek ere kezkatzen dituzte. “Medikuek argi diote: fetuak, haurrak eta gaztetxoak dira, gaixo eta edadetuekin batera, erraustegien efektuen eragin nabarmenenak jasaten dituztenak”.
Ideologia ezberdineko lagunak batu dira mugimenduan, eta, aurrera begira, kide gehiagoren elkargune izan nahi du. Maiatzaren 21erako, esaterako, dibulgazio ekitaldi bat antolatzen ari dira Hernanin, Orona Ideon. Zientzialari eta medikuen eskutik, errauste plantek osasunean sor ditzaketen eraginei buruzko informazioa jasotzeko aukera eskaini nahi diete herritarrei. Familiez gain, hezkuntza komunitatea ere bidelagun izan nahi dute. Dei berezia egin diete eragin eremuan dauden ikastetxeei eta orokorrean Gipuzkoako zentro guztiei, manifestuarekin bat egin dezaten. Hezkuntza arloarekin ez ezik, osasun arloko profesionalekin ere elkarlanaren aritu nahi dute. Edozein herritarrek aukera du manifestua sinatzeko, www.gurasos.org webgunean.
Leave a Reply