Ateekin batera aukerak zabal daitezen

Ateekin batera aukerak zabal daitezen

Maite Alustiza

Kontserba potoak prest daude, baina hutsik. Prest daude hozkailuak, baina ez dute ezer hozten. Makinak muntatuta eta ekoizleak lanean hasteko gogoz. Hirurehun metro koadroko espazio batean daude denak, Zaldibiako Goizane zentroan. Nekazariek eta abeltzainek beren produktuak eraldatu ahal izateko gune kolektibo bat da, itxuraz erabiltzeko moduan dagoena, baina oraingoz geldirik. Hori ikusita, gunea zabaldu eta “lehenbailehen” martxan jartzeko eskatu diote hainbat baserritarrek Gipuzkoako Foru Aldundiari. “Diseinua eta inbertsioa eginak daude, eta orain kudeaketa plan bat egitea eta kudeaketa lanentzako pertsona bat kontratatzea besterik ez da falta”.

Eskaera hori bultzatu dutenetako hiru dira Josetxo Mendia (Zegama, 1966), Ander Kerejeta (Urretxu, 1984) eta Gorka Sasieta (Itsaso, 1977). Baratzezainak dira hirurak, eta uste dute halako toki bat izateak aukera handia emango liekeela baserritar txikiei: “Zerbitzu erakargarria da sagar zukuak eta marmeladak egiteko, barazkiak ontziratzeko, esnekiekin lan egiteko; probak egiteko, formaziorako, elkarrekin aritzeko…”. Baserri txiki eta dibertsifikatuak bultzatu nahi dituzte, baita salmenta zuzena ere. “Salmenta zuzenerako tresna oso ona da hau. Guk gure produktua ekoizten dugu, transformatzen dugu, eta hori saldu egiten dugu”. Kerejetak azaldu duenez, gainera, dibertsifikatzeak beste diru sarrera bat izatea ekarriko lieke, eta ez lirateke izango hain menpeko. “Uzta ez badator edo arazoren bat badago, orain askotan salduta gaude”.

Bere produktuak azoketan saldu ohi ditu Mendiak, eta baratzetik jasotakoa ontziratu ahal izateak abantaila ekarriko lioke: “Udan baratzeak kolpe batean ematen dizkigu hainbat produktu, eta salmenta gutxien daukazun garaia da; azoketan-eta jende gutxiago dabil, oporrak direla eta. Bestela ere, produktu horiek ontziratzen badituzu, aukera daukazu gero negu partean, baratzeak ematen ez duen garaian, eskaintza zabaldu ahal izateko”. Dioenez, gauza bera gertatzen da kontsumo taldeetan: “Beti saskia aza, zerba eta porruarekin jarri ordez, dibertsifikatu egin dezakezu”.

Aldarrikapena Goierriko baserritarrek bultzatu duten arren, argi dute ez dela eskualdeari soilik eragiten dion kontu bat: “Gipuzkoa osoarentzako interesgarria izan daiteke. Proiektu erreferentzial bihur daiteke Gipuzkoako gainerako eskualdeentzat ere”. Gainera, baserritarren arteko harremanetatik proiektu berriak sor daitezkeela uste du Kerejetak: “Adibidez, hemen ezti elkarte bat dago; ba, agian esnea ekoizten duen batekin egin dezakete produktu bat, edo batzuen artean marka bat sortu…”.

Kerejetak azaldu duenez, Gipuzkoako baserritarren artean hainbat inkesta egin dituzte, eta badakite Goierriz kanpokoek ere interesa agertu dutela eraldatze gunearekiko, bai gazteek eta baita helduagoek ere. Biolur elkartearen inkesta aipatu du Mendiak: “Inkesta egin zutenean eraldaketa gune batez hitz egiten ziguten, eta nik neuk ere lehen kolpean ez dakit zehazki eraldaketa zer den; baina gero hona etortzen zara, eta hau ikusten duzunean esaten duzu: ‘Ez dago eskubiderik, hau martxan jarri behar dugu'”. Hori lortzeko, sinadura bilketa bat jarri dute martxan Change.org-en, “presioa egiteko”. Horrez gain, proiektuaren berri eman nahi dute, eta, aldi berean, horren aldeko atxikimendua bilatuko dute Gipuzkoa mailan, bai elkarteena, kontsumo taldeena eta baita herritarrena ere.

Prozesua, “geldirik”

Eraldatze gunearen proiektua aurreko legealditik dator. Hasierako asmoa Gipuzkoan hiru transformazio gune jartzea zen: Zaldibian, Lezon eta Mutrikun. Azken biak ez ziren martxan jarri. “Lokal hau Zaldibiako Udalarena da, baina erabilera-eta Goimenek eramaten du, Goierriko Landa Garapen Elkarteak. Bere garaian hitzarmen bat egin zen diputazioarekin hau martxan jartzeko, eta orain bakarrik falta da hitza bete eta martxan jartzea. Kostu handiena egina dago”. Diotenez, iaztik geldirik dago prozesua. Sasietak azaldu du orain dela urtebete-edo deialdi bat egin zutela gunerako langile bat kontratatzeko, eta aukeraketa bat ere egin zela. “Azken momentuan geldiarazi egin zuten prozesua. Ordutik iritsi zaigu aztertu egin behar dutela, ez dutela garbi ikusten… baina kontua luzatzen doa”. Oraingoz ez dira aldundiko ordezkariekin harremanetan jarri, baina “sumatzen” dute diputazioak “ez daukala oso argi” lokalarekin zer egin.

Industrian bezala lehen sektorean ere ikerketa, garapena eta berrikuntza bultzatu behar direla argi du Kerejetak: “Produktuen eraldaketa egin eta hemen produktuak, elkarteak, dinamikak sor daitezke, lehen sektorea aurrera eramateko. Inoiz baino behar handiagoa dago, lehen sektoreak bultzada bat behar du; zahartzen ari da sektorea, jende berririk ez dago… Azkenean, ditugun formulak azokak edo kontsumo taldeak dira, eta horietatik aparte bide berriak ere jorratu nahi ditugu”.

Dibertsifikazioaz gain, horrelako gune bat izateak formazioa eta bermea emango liekeela uste du Mendiak: “Hau etxean egiten baduzu prekarioan egiten duzu, edo bestela sekulako inbertsioa egin beharko zenuke etxean hau aurrera eraman ahal izateko. Guk normalean ez daukagu horrelako kapazitaterik”. Kerejetak ezagutzen du etxean egiten duenik, baina bat dator: baldintzak kaskarrak dira. “Goierrin, adibidez, kultura handia dago sagar zuku pasteurizatua egiteko, baina nik ezagutzen dudan jende askok modu oso prekarioan egiten du”.

Kudeaketa publikoa

Eraldatze gunearen kudeaketa “ahalik eta publikoena” izan dadila eskatzen dute. Kerejetaren arabera, “diru publikoarekin egin dena ezin da interes batzuengatik esku pribatuetara joan”. Kudeaketa nolakoa izatea gustatuko litzaiokeen irudikatu du: “Pertsona bat egon dadila, txandak jartzen; bere laguntzarekin zuk zeuk egiten duzu lana, eta agian ontzi bakoitzarengatik zerbait ordaindu daiteke. Ulertzen dut zerbitzu hau ordaindu daitekeela. Beste batek agian esan dezake doakoa izan beharko lukeela”. Sasietak gaineratu duenez, denborak esango du zein den funtzionamendu egokiena: “Lehen asmoa da baserritar bakoitzak aukera izatea berak lan egiteko. Bestela, enpresa batek bezala funtzionatzen badu, produktua eraman eta berak eraldatzen badizu, kostuak asko igotzen dira”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.