E. Goenaga Lizaso
Donostiako erdigunetik 5 kilometrora eta Hernanitik 3,5era, Astigarraga sagardozaleen paradisua da. Sagardoetxea euskal sagardoaren museoa bertan dago, eta, hemeretzi sagardotegirekin, 300 biztanleko sagardotegi bat dute herrian. “Sagardoak mapan jarri gaitu, horretan ez dago dudarik. Hori eskertu eta zaindu behar dugu, eta zaintzen dugu. Baina Astigarraga sagardoa eta sagardotegiak baino gehiago ere bada”. Jesus Mari Santos jeltzaleak (Astigarraga, 1964) urtea egingo du ekainean alkate gisa, eta herriak dituen erronken harira hitz egin du Hitza-rekin.
Asko handitu da herria azken urteotan; 1990etik bikoiztu egin da populazioa. “44 falta zaizkigu 6.000 biztanlera iristeko”. Eta epe laburrean hazkunde handiagoa espero dute. Urumea inguruan 800-900 etxebizitza inguru eraikiko dira, eta horrek jende gehiago eramango du Astigarragan bizitzera. “Guk prestatu egin behar dugu jende hori etortzerako. Izan ere, horrek herrian behar batzuk sortzen ditu, zerbitzu gehiago eskaini behar zaizkie herritarrei, herritarren beharrak askoz ere handiagoak dira, eta horretara egokitu behar dugu”.
Santosek dioenez, udalaren erronka Astigarragan bizi denak bizimodua herrian egitea da; umeak bertan eskolatu, erosketak bertan egin, aisia herrian antolatu… “Astigarragara etortzen diren gehienak Donostiatik datoz, baina guk ez dugu lotarako herri bat bihurtu nahi. Astigarragan bizi dena astigartar izatea nahi dugu”. Ostiraletan merkatua antolatzea da ildo horretan emandako azken pausoetako bat. “Probako proiektu bat da. Ikusten ari gara nolako harrera duen. Lau astez egin da jada, eta ematen du ari dela martxa hartzen. Jendea hurbiltzen ari da, eta hori inportantea da guretzat”. Krisiaren eraginez, komertzio txiki asko itxi dira, eta galera horri nolabait erantzun nahi diote.
Herrian enplegua sortzeari begira ere lanean ari dira Astigarragako Udalean. “Hiru industrialde ditugu, eta laugarren poligonoa ari gara eraikitzen. Jendeak hemen lan egiten badu, errazagoa da bizimodua hemen egitea, eta horrek herria egituratzen laguntzen du”.
Kultur etxe berria
Kultur etxe berriaren eraikuntza ere aipatu du alkateak. Hurrengo urtean hasi nahi dituzte obrak. “Oraingo kultur etxea ez da udalaren eraikina, fundazio batena da, eta txikia gelditu zaigu. Badira hiru legegintzaldi gaia hor dagoela, eta guk martxan jarriko dugu. 3 milioi eurotik gorako aurrekontua izango du, eta proiektu handinahikoa izango da”. Kultur etxe berriak herriak dituen beharrak asetzeko adinako eskaintza eta tamaina izango duelakoan dago alkatea.
Herrigunearen garrantzia ahaztu gabe, auzoei behar duten arreta eskaintzea ere ezinbesteko jotzen du udalak. “Astigarragan pisu handiko auzoak ditugu, eta horietan ere inbertsioak eta lanketa egin beharra dago. Auzoetatik hori ari zaizkigu eskatzen, azken zortzi urteetan apenas egin baita ezer”. Horrez gain, herriko hainbat guneri balioa emateko ahaleginean ari dira. “Astigarraga herri polita da, eta oso txukun dago. Baina gure ingurunea, landa gunea, izugarri ederra da, eta horri balioa ematea ezinbestekoa da. Santiagomendin, adibidez, proiektu paisajistiko bat lantzen ari gara. Santiagomendi harribitxi bat da; ermitara igotzen zara eta ikuspegi zoragarria dago. Itsasoa ikusten da, Aiako Harria, Ernio… ni maiteminduta nago toki horrekin”.
Sagardotegiekin elkarlana
Alkateak behin baino gehiagotan esan du Astigarraga sagardoa baino gehiago dela. “Baina gaizki ariko ginateke sagardoak eta sagardotegiek guretzat duten balioa eta garrantzia gutxietsiko bagenu. Sagardoak herria eraikitzen lagundu du; jende askok ezagutzen badu Astigarraga, sagardoari esker ezagutzen du”. Ildo horretan, sagardotegiek udalaren laguntza dutela eta udalak laguntzen jarraitzeko eta elkarlanean jarduteko asmoa duela iragarri du Santosek. Aurten, adibidez, udalak sagardotegietarako autobus zerbitzuak jarri dituela eta eskaintza hori sagardotegiekin elkarlanean landu dutela nabarmendu du.
Baina batak ez du bestea kentzen. Eta sagardotegien eskaintzari muzin egin gabe, eta sagardoari merezi duen balioa aitortuz, Astigarragak herritarrei zein bisitariei zerbait gehiago eskaini nahi diela azpimarratu du alkateak. “Asko etortzen dira sagardotegiengatik, eta ongietorriak dira, baina guk gai izan behar dugu horiei Astigarragak duen guztia erakusteko”.
Hilabete honetan, esaterako, 3.000 bisitari inguru espero dituzte, Eternal Running lasterketan. “Lehen aldiz antolatuko dugu, eta itxaropentsu gaude. Hamar kilometroko ibilbide bat da, 80 oztoporekin, eta eskaintza berri bat da. Ikusiko dugu nola joaten den. Loiun izan ginen hango lasterketa ikusten, eta sekulako giroa sortu zen herrian. Gauza polita da, kirol eskaintza bat, herrira jendea ekarriko duena. Ikusiko dugu nola ateratzen den”.
Tren geltokia
Astigarragak duen gabezia handienetako bat tren geltokia dela dio alkateak. Izan ere, trenbidea pasatu pasatzen da Astigarragatik, baina Renfeko aldiriko trenak ez du egiten geldialdirik bertan, ez dago geltokirik. “Aspaldiko eskaera bat da geltokia egitea. Erabakia hartuta dago, proiektua egina dago, lur eremua ere berreskuratu da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak zein Eusko Jaurlaritzak emana dute oniritzia. Adif-ek egin beharko luke obra, eta hark ere onartua du”.
Urumea inguruan eraikiko diren etxebizitza berrien ondoan joango litzateke geltoki berria, eta geltokia egitearekin batera, udalaren asmoa trenbide gaineko pasabidea kentzea da. “Onena abiadura handiko trenaren obrekin batera egitea litzateke, eta hori lortzeko lanean ari gara. Biak batera eginez gero, asko merkatuko litzateke. Logikoa da”.
Tren geltokia egin artean, astigartarrek autobusa dute garraio publiko bakar gisa. “Nik uste dut nahiko ondo daudela maiztasunak, bai Donostiara eta bai Hernanira joateko”. Ospitaleetara zuzenean joaten zen A3 linearen ordezko bat topatzeko ere lanean ari direla dio Santosek. Linea horrek “oso erabiltzaile gutxi” zituela-eta, urte hasieran bertan behera gelditu zen. “Hernanira joan, eta handik beste autobus bat hartuta joan behar da orain ospitaleetara. Kontua da Hernanin hogei minutu inguru itxaron behar dela beste autobusa hartzeko, eta hori konpondu nahian gabiltza foru aldundiarekin”.
Herritarren beharrei ahal bezain ondo erantzutea eta herritarrek udala gertu sentitzea lehentasunen artean jartzen du Santosek. “Ildo horretan, gure programan herritarrei hitza emango geniela esan genuen, eta apirilean egin dugu atez ateko hondakin bilketari buruzko galdeketa. Oso polita izan zen, giro onean joan zen, eta oso gustura gaude parte hartzearekin. Baita emaitzarekin ere. Guk bosgarren edukiontzia jartzeko proposamena egin genuen, uste genuelako kopuru onak ematen dituela, eta herritarrentzat erosoagoa dela”. Bosgarren edukiontzia ahal bezain laster jarri nahi du udalak; ahal bada, uztailean, herriko festen aurretik.
Leave a Reply