Batzen duten hizkerak

Batzen duten hizkerak

Ane Mendizabal

Imajina al daiteke lagun edo familiako norbaiti zerbait ezkutuan esateko edo sekreturen bat kontatzeko hizkera sekretu bat sortzea? Bada, Euskal Herrian, eta baita hemendik kanpo ere, zapo, apo, sorgin edo zipili-zapala esaten zaion aspaldiko hizkera sekretua badago. Hitzekin, eta, zehazki, silabekin jolasten egiten den hizkera da. Hitz bat aukeratu, silabaka zatitu eta p hizkia gehitzen zaio, zatitutako silabaren bokalarekin batera. Adibidez, Nekane izena hartuta, NEpe KApa NEpe esango litzateke. Kontsonanteak daudenean, aldiz, aldatu egiten da. Iraitz izena hartuko balitz, silabetan zatitu, eta honela geratuko litzateke: Ipi RApa IpiTZ.

Duela urtebete eskas, Iker Hizkuntzalaritza Zentroak, euskara eta euskal testuen ikerketa egiten duen zentroak, hizkera sekretu horretaz jabetu, eta haren sorkuntza, bilakaera eta fonetika aztertzeko ikerketa hasi zuen, EHUrekin eta Nafarroako Unibertsitatearekin lankidetzan. Hizkera horri apaepe izena jarri zioten. BERRIA egunkarian hiztunak erakartzeko iragarki bat jarri zuten, eta dagoeneko Euskal Herriko hainbat tokitako hogei bat lagunen berri izan dute. Gehienak, helduak dira. Era berean, zenbait elkarrizketa grabatzeko aukera izan dute. Hala ere, hastapenetan dago ikerketa egun.

Nekane Martiarena Labandibar da (Oiartzun 1969) iragarkia ikusi eta Iker zentroarekin harremanetan jarri ziren horietako bat. “Kuriosoa izan da: herriko jendeak iragarkia ikusi, eta ikerketaren berri emateko deitu zidaten. Herrian jendeak badaki hitz egiteko gaitasuna dudala”.

Amonak irakatsia

Sorgin hizkera naturaltasunez eta abiadura bizian hitz egiteko gai diren bakarrenetakoa da Martiarena. “Automatikoki hitz egiten dut. Euskaraz hitz egingo banu bezala egiten dut. Ordu askoren praktika da”. Txikitan bere amonak erakutsi zion, eta, batik bat, harekin aritzen zen zipili-zapala hizkeran; amarekin ondoren, eta seme-alabekin gero. Amak eta umeek ere ondotxo hitz egiten dute zapo hizkuntzan. “Elkarrekin barre egiten dugu. Haientzat ere jolas bat da”.

Familiarekin hitz egiteaz gain, Oiartzungo Abaraxka Udal Ludotekan zein ikastoletan haurrei irakasten aritzen da urtero. Martiarenarentzat polita da hori, eta gaineratu du haurrek gustura ikasten dutela. Hala ere, teoria praktikan jartzeko eremu baten falta dagoela nabarmendu du. “Momentu bateko nobedadea izaten da, baina gero ahaztu egiten zaie”. Abaraxkak zenbait topaketa antolatu baditu ere, Martiarenak aitortu du ekinbideok ez direla nahikoak erraztasunez hitz egiteko. “Horrelako espazio baten falta dago”.

Nahiz eta Oiartzunen ere hiztun asko ez izan, hizkera sekretu hori mantentzea lortu dute. Arrazoiak askotarikoak izan daitezke. Batetik, baliteke Oiartzunen kontrabandistak zeuden garaian askok elkarren artean komunikatzeko hizkera hori erabili izana, edo ihoteetan —hau da, intxixu eta sorginen festan (Oiartzungo inauteriak)—, hizkera hori erabiltzeak hura mantentzen lagundu izana. Horrez gain, sekretu bat kontatzeko edo seme-alabek ez ulertzeko helburua zuen hizkuntza gisa erabiltzeak hizkuntzaren bizitza luzatu du. Dena den, Iker Hizkuntzalaritza Zentroaren ikerketa martxan dagoen arren, Martiarenak dio uste horiek guztiak ziurtatzeko goiz dela. Harentzat hizkera sekretua hizkuntza baliatuz egiten den jolas bat da; jendearekin brometan aritzeko, umeekin jolasteko, edo alabarekin sekretupean aritzeko aukera ematen duena.

Iker zentroko ikerlariek, Martiarena ez ezik, haren seme-alabak ere elkarrizketatu zituzten. Aurrerago ere harekin elkarlanean jarraituko dute hizkuntzalaritza zentroan, ez baitute topatu horren erraz hitz egiten duen beste inor. Oiartzuar emakumea prest dago etorkizunean behar duten guztian kolaboratzen jarraitzeko.

Sekretua ezagutarazten

Etorkizunari begira, hizkera ezagutaraztearekin batera, Nekane Martiarenak ez du uste jende gehiagok hitz egiteko balioko duenik, nahiz eta jendearen jakin-mina pizteko balio izan. Hala ere, uste du Iker Hizkuntzalaritza Zentroak hizkera aztertzeko eta iraganeko nondik norako guztiak ezagutzeko hartu duen konpromisoa garrantzitsua dela.

Ikerketaren bidez hizkera sekretuak sekretu izateari utziko badio ere, ondarea ezagutu, interpretatu eta gorde egin behar dela iritzi dio Martiarenak. Soziolinguistika Klusterraren arabera, hizkuntza edo kode bera erabiltzen dutenek harreman sarea sortzen dute, eta, hala, mundua ulertzeko modua partekatzen dute. Euskal Herrian zapo edo sorgin hizkera horren hiztun asko aurkitu izanak, bustidurekin bada ere, euskara maila polita eta hitz egiteko gaitasuna dagoela esan nahi du, eta klusterreko kideek uste dute hori inola ere ezin dela galdu.

Leave a Reply

Your email address will not be published.