Arkaitz Apalategi
Gipuzkoan, asko ugaritu dira zinema eta ikus-entzunezkoen arloko ekoizpenak azken urteotan, eta horrek, lurraldeko ekonomian eragin zuzena izateaz gain, turismoa ere bultzatu du. Ekoizpen horietan agertu diren hainbat eszenatoki film eta telesail zaleen erromes leku bihurtu dira, eta turismo arloko eragileek ere grabaketa horiek erabili dituzte erakusketak edo ibilbide gidatuak antolatzeko.
Donostia-Gipuzkoa Film Comission bulegoa ikus-entzunezko produkzio horiek bultzatzen saiatzen da, bai hiriburuan bai lurralde osoan. Marta Zabaleta teknikariak azaldu duenez, 2003tik aurrera, bulegoa ireki zutenetik, nabarmen igo da filmaketen kopurua. 2019. urtea, adibidez, “oso urte berezia” izan zela azaldu du Zabaletak, ia ehun filmaketa izan baitziren Gipuzkoan. 2020an, pandemiak “dena geldiarazi” zuen, baita ikus-entzunezkoen produkzioak ere, baina joan den urtean atzera ere buelta eman zitzaion egoerari. 56 ekoizpen izan zituzten guztira, eta haiek utzitako eragin ekonomikoa zazpi milioi eurotan zenbatu dute. Urte honi begira baikor agertu da; lehen seihilekoan egindako lanak ikusita, “aurtengoak oso itxura ona” duela esan du. Moriarti ekoiztetxearen Balentziaga eta Elkano eta Magallaes itsasgizonen historia biltzen duen Sin limites telesailak dira horietako batzuk.
Zabaletaren ustez, kopurua bakarrik ez, proiektu motari ere begiratu behar zaio. Alde horretatik, Woody Allenen Rifkin’s Festival filmaren eta Patria telesailaren garrantzia azpimarratu ditu, esate baterako. “Telesailen eta plataforma berrien bidez, banaketa bide berriak sortu dira, kontsumo ohiturak aldatzen ari dira, eta produktu horiek jende askorengana iristen dira. Hori ere asko nabaritu da”.
Ekoiztetxe horiek, Gipuzkoara etortzen direnean, batez ere bertako paisaien aniztasuna bilatzen dute. “Lurralde txikia izan arren, askotariko kokalekuak ditugu; hiri eta herriak, landa eremuak, hondartzak, mendia… Azkenean, filmatzeko oso kokaleku ezberdinak ditugu, distantzia txikiarekin, eta horrek asko errazten du ekoizpena”. Baina ez hori bakarrik: Donostia-Gipuzkoa Film Comission bulegoko teknikariaren ustez, Gipuzkoan dagoen ikus-entzunezkoen sektoreak eta profesionalen maila handiak ere zeresan handia dute horretan.
“Inpaktu nabarmena”
Grabaketa horiek lurraldearentzat duten eragin ekonomikoaren inguruan galdetuta, “inpaktu nabarmena” dutela uste du Zabaletak. “Eragin hori neurtzerako garaian bi faktore hartzen ditugu kontutan: alde batetik, inbertsio zuzena: ostatua, materiala alokatzea, kontratatzen dituzten langileak eta abar; eta, bestetik, zeharkako inpaktu ekonomikoa; hor sartuko litzateke turismoa, adibidez”.
Ekoiztetxeek filmatzeko leku bat edo beste aukeratzerako garaian, zeresan handia duten beste kontu bat da pizgarri fiskalena. Zabaletaren arabera, arlo horretan, “lehiakortasun handia” dago lurraldeen artean, eta inguruko lurralde batzuek “oso baldintza onak” eskaintzen dituzte. Gipuzkoarentzat zaila da hor lehiatzea, baina azken urteetan, pizgarri gehiago eskaintzen dizkiete ekoizpenei. “Aurten, pizgarri horiek Gipuzkoan pixka bat hobetu dira; gaur egun, sozietateen gaineko zergan %35eko kenkaria lortzen dute EAEn egindako ekoizpenek, eta %45ekoa euskarazko filmeen kasuan”. Haren ustez, zaila da kenkari horiek duten eragin zehatza datutan azaltzea, “baina garbi dago baldintza fiskal hauek garrantzitsuak direla ekoiztetxeentzat”.
Azken urteetako filmaketek turismoan izan duten eragina ikusteko, Zumaiakoa da adibiderik garbiena. Game of Thrones eta 8 apellidos vascos bezalako ekoizpenei esker, oso ezagunak egin dira Zumaiako flyscha, Itzurun hondartza eta San Telmo ermita. Turista asko joan dira leku horietara filmaketen lekuan argazkiak eta selfie-ak egitera.
Zumaiak Debarekin eta Mutrikurekin batera osatzen duen Euskal Kostaldeko Geoparkeak, ordea, nahiago du eremu horrek berez dituen balio natural eta turistikoetan zentratzea, horrelako fenomenoetan baino. “Filmaketa horiek eta ondoren egin direnak ez dira turismoko estrategiaren parte, ezta guk bilatuak ere; eta, ondorioz, ez ditugu bereziki aztertu edo neurtu”.
Horren ordez, turismo jasangarri baten aldeko ekintzak antolatzen dituzte, flyscha eta haren ingurunea ezagutaraztera bideratuak. “Ez da gai horien inguruko inolako produktu turistikorik sortu Geoparketik, edukiak ez direla jasangarriak uste dugulako”, azaldu dute Geoparkeko kideek.
Baita barrualdean ere
Ikus-entzunezko produkzioek barnealdean ere badute eragina. Horren adibide da Ezkion dagoen Igartubeiti baserri-museoa. Azken urteotan, Handia, Errementari, Dantza eta beste zenbat lanen eszenak grabatu dituzte han, baita Izaro kantariak aurten argitaratu duen bideoklip bat ere.
Kizkitza Ugarteburu Igartubeiti-baserri museoko koordinatzailearen arabera, Handia filmak izan du inpakturik handiena. “Lau egunez Igartubeiti zinema plato bihurtu zen, Migel Joakin Elizegi jaio zen Ipintza baserria irudikatzeko”. Batez ere, ganbaran filmatu zuten, eta eszena batean familia osoa ageri da bertan, artajorran. Dantza filmaren hainbat eszena ere, XVI. mendeko baserriaren dolarean grabatu zituzten, eta erakusleiho ona izan da baserria bera ezagutarazteko.
Bi filme horien tiradizoa aprobetxatu nahian, hainbat erakusketa antolatu dituzte Igartubeitin. “Bai Handia-rekin eta bai Dantza-rekin grabaketa horiek aprobetxatu ditugu bestelako erakusketak-eta osatzeko. Adibidez, Handia filmarekin, erraldoiaren silueta bat kokatu genuen baserriaren atarian, jendeak selfie-ak atera zitzan, eta sare sozialen bidez zabalkundea emateko”.
Beste horrenbeste gertatu da Dantza filmarekin ere. “Jakin genuen Xabier Artola argazkilariak filmaketa osoa argazkietan dokumentatu zuela, eta erakusketa bat jarri genuen, Igartubeitin hartutako irudiekin eta Koldobika Jauregik filmerako egindako jantziekin eta bestelako objektuekin, nolabait filmaren tiradizoa aprobetxatzeko”.
Ugartebururen hitzetan, baserri-museora etorri diren turisten artean nabaritu dute film horiekiko jakin-mina, baina, “batez ere, bertakoen artean”, aurrez aipatutako fenomeno mediatikoen eragina baino mugatuagoa izan baita bi film horiena.
Leave a Reply