Maria Ortega Zubiate
Gipuzkoako mendialdea energia berriztagarrien proiektuen helmuga bilakatu da azken urtean. Lurraldean lau parke eoliko egiteko proiektuak daude, baina oraindik ez da eman haiei buruzko erabakirik. Hala ere, zenbait auzokide eta herritarren artean larridura piztu du beren mendialdean halako obra handiak egingo dituztela jakiteak, eta zenbait plataforma eratu dituzte, herritarrak “informatu” eta etorkizunean “alegazioak” aurkezte aldera. Orain, elkarrekin saretzen ari dira, “fronte bat eratzearen garrantziaz” jabetuta.
Soraluze eta Elgoibar arteko Kortazar edo Karakate mendian, Zizurkil eta Usurbil arteko Ezkeltzu-Andatzan, eta Azkoitia, Urretxu eta Zumarraga arteko Buruzain daude lau proiektu horietatik hiru. Iazko urte bukaeraren eta aurtengo udaberriaren artean erregistratu zituzten eskaerak, guztiak enpresa beraren edo haren filialen baten izenean: Green Capital da enpresa. Proiektuen berri izan bezain pronto hasi ziren herriotako zenbait herritar eta kaltetu batzen, eta horrela sortu dira, hurrenez hurren, Karakate Bizirik, Ezkeltzu-Andatza Bizirik eta Oletan ere Ez plataformak, parke eolikoen eredu horren aurka.
Ttala Lizarraga Zizurkilgo plataformakoa da; hau da, Ezkeltzu-Andatza Bizirik plataformakoa. Kezkatutako herritar bat izateaz gain, baliteke obrak zuzenean kalte egitea hari, parke eolikoa egiteko asmoa dagoen lekutik bostehun metrora bizi baita. Plataforman parte hartzera animatu zen proiektuak kezka sortu ziolako: “Ezketzu-Andatzako paraje hori izugarri polita da, zoragarria, eta hor dorre bat jartzea ez da bidezkoa”. Herri mailako bilera batera deitu zituen Zizurkilgo Udalak. “Udalak jakinarazi zigun zer zetorren, baita berak alegazioak egin nahi zituela ere”.
Plataforma eratu, eta hilabete pasa inguru daramate informazioa biltzen. Horrek areagotu egin die kezka: “Hasi gara ikertzen, eta ikusi dugu zer oztopo dakartzan; handiak dira. Osasunean eragina duela ikusi dugu: insomnioa eta depresioa eragiten dute. Animaliak hiltzen joaten dira, ezin dutelako lorik egin”. Hori, osasunari dagokionez, baina mendiari berari egin diezaioketen kalteak ere larritu du jendea, Lizarragak esan duenez. “Dorreak mendira igotzeko, txikizioa eragin dezakete. Eta, bestalde, olio isuriak eta horrelako eragozpen asko ditu”.
Ondarea arriskuan
Hiru proiektuetan dituzte kezka horiek. Karakatekoan, ordea, badago beste bat: babestutako eremu baten ondoan dagoela eginda proiektua. Megalito ugari daude mendilerro horretan, aurten beste bi aurkitu dituzte, eta horrek ekarri du, parte batetik, Soraluzeko Udalak parke eolikoen proiektuaren aurka egitea. Elgoibarkoak ere horrela egin zuen.
Izan ere, proiektua bi udalerriek babestutako eremutik kanpo dago, baina horrek ez du eragin beldur gutxiago inguruan. “Nik uste dut elgoibartarrentzat eta soraluzetarrentzat mendi kuttunena dela Karakate, eta, horrez gain, estazio megalitikoa ere badago. Duela milaka urte gure arbasoentzako leku berezia bazen, zerbaitengatik zen; guretzat ere hala da oraindik”, dio Andoitz Agirregomezkorta Karakate Bizirik plataformako kideak.
Gainontzeko proiektuetan ere, zenbait udalek esku hartu dute. Zizurkilen, udalak jakinarazi du, Soraluzekoak eta Elgoibarkoak bezala, alegazioak aurkeztuko dituela. Horretan lagun izango dute Ezkeltzu-Andatza Bizirik plataforma. “Soraluzeko Udalak aho batez egin zuen parkearen aurka, eta guk, mozioa hartu, eta Zizurkilgo Udalari pasatu diogu. Badirudi irailean egin dezakeela aurrera”, azaldu du Lizarragak. Buruzaiko mendiaren egitasmoaren aurrean, Urretxuko eta Zumarragako udalek ere aho batez onartu dute aurkako mozioa. Azkoitikoak, oraingoz, ez du horren inguruan ezer esan, eta Gipuzkoako Hitza-k ez du haren adierazpenik lortzerik izan.
Oraintxe, Zizurkilgo parkearen aurreproiektua baino ez dago kaleratuta. Beste bi proiektuak baino aurreratuago dago hura, besteak oraindik aurreproiekturik gabe baitaude. Oraintxe da, beraz, plataformetako kideen ustez, ekiteko momentua: uda betean, zaila ikusten dute inorengana heltzea, baina irailerako indarra hartu nahi dute, “denborarik ez galtzeko”.
Informatzearen garrantzia
Hastapenetan dira, hortaz, taldeok, eta lehen pauso moduan, jendearengan eragitea dute helburu. “Gure kezkarik handiena da jendeak ba ote dakien zer ari den gertatzen. Informatu egin nahi dugu, kontzientziatu, eta gero, ahal bada, proiektua gelditu edo, behintzat, taxuz egin”, esan du Irene Elortza Oletan Ere Ez plataformako kideak. Azkoitiko taldeak duela bizpahiru hilabete egin zuen lehenengo bilera, eta, ordutik, sinadura bilketa abiarazi dute herrian. “Gustura gaude: sinadura asko biltzen ari gara. Zortziehun inguru lortu ditugu. Lau aldiz soilik jarri dugu mahaia. Sinadurekin, indar handiagoz nahi dugu agertu udalaren aurrean, eta herriaren zati handi bat honen aurka dagoela erakutsi nahi diogu”.
Bide beretik doa Zizurkilgo plataforma ere. “Herritarrei galdetzen diegu ea proiektuaren berri baduten, eta gehienetan ezetz erantzuten digute”, dio Ezkeltzu-Andatza Bizirik taldeko kide Lizarragak. Nahiz eta udalak bilerara deitu, parke eolikoaren berri ez da lar zabaldu herrian; horixe nabaritu dute. Lizarragak ere proiektua eraiki nahi duten inguru horretan bizi den baserritar batek esanda jakin zuen hori. Orain, beraz, informazioa zabaltzeko lan horretan ari dira, hartara gerora, alegazioak aurkezteko garaian, plataformaren izenean eta norbanakoen izenean egin ahal izateko alegazioak.
Elgoibarren, Karakateko parkeko kaltetu moduan, kontzientziazioa zabaltzen ari dela nabaritu du Agirregomezkortak. Haiek ere, beste bi taldeetan bezala, herriko mobilizazioa dute helburu, eta nabaritu dute horretarako prest dagoela jendea. “Guk honen aurrean taldea sortzeko bat-batekoa erantzuna eman dugu, eta ikusten dugu herriak erantzun egin duela”, dio Agirregomezkortak.
Alternatiba osasuntsuak
Mugimendu ekologistan eta haren bueltan aritutakoek osatzen dituzte hiru plataformok. Horregatik, sarri galdetzen diete energia berriztagarrien aurka egotearen inguruan. “Ez gaude energia berriztagarrien aurka, ezta gutxiago ere, baina horrelako proiektu handien aurka, bai”, azaldu du Agirregomezkortak. Hirurak datoz bat: beste era batera egin daitezke gauzak, ondorioak horren “kaltegarriak” izan gabe.
Izan ere, aurrera joatekotan, ia berrehun metro garai izango dira proiektuetako errotak. Plataformen ustez, gehiegizkoa da horrelako proiektu handiak egitea; behintzat, aurretik lanketa bat egin gabe. “Eskatzen duguna da lehenengo diagnostiko bat egitea. Lehenago, jakin beharko dugu energia hori behar dugun, eta, behar badugu ere, nolakoa izan behar duen. Pentsatu behar dugu ea prest gauden horrelako sakrifizio bat egiteko”, adierazi du Elortzak. Horrelakorik ez dela egon dio, pauso asko geratu direla egiteke, eta azken erabakira jo dutela zuzenean: “Agian, beste era batera aurreztu dezakegu energia, edo beste era batera sortu. Oso larria iruditzen zaigu hori dena eztabaidatu gabe horrelako proiektu handi bat eta horrelako parke industrial bat jartzea mendian”.
Leave a Reply