Maria Maya Manterola
Saskarate, Endañeta eta Sarrondogoikoa baserriak Itziarko (Deba) eta Zestoako lurretan daude, baina hango bizilagunak Zumaiara joan ohi dira bizimodua egitera, hurbilago baitute. Narrondo auzoa Arroaerreka ibaiak banatzen du, eta zati bat Zestoa da, eta bestea, Zumaia. Endoia ere Deba eta Zestoaren arteko muga lerroan dago. Elkarren alboan, baina mugek banatuta. Muga lerro horietatik gertu bizi diren herritarren kasuistika askotarikoa da. Bi eskualdetan banatuta daude hiru herriak, elkarren ondoan egon arren: Urola Kostan Zumaia eta Zestoa, eta Debabarrenean Deba-Itziar. Horrek zaildu egin izan du herrien arteko harremana. Muga administratiboek herritarrei eragozpenik sor ez diezaieten, hitzarmena sinatu dute Zumaiako alkate Iñaki Ostolazak, Zestoako alkate Mikel Arregik, Debako alkate Gilen Garciak eta Itziarko auzo alkate Arantza Egañak.
Zumaiako Jadarre auzoko mugarrian egin zuten bat laurek, ekainean, hitzarmenaren berri emateko. Geoparkeko bilkuretan elkartzen dira Deba-Itziar eta Zumaiako alkateak urtean behin, eta bilkura horietako batean adostu zuten aipatutako hitzarmena sinatzea, Ostolazaren arabera: “Geoparkeko bilera batean komentatu eta gero, Imanol Azkue idazleak muga lerroaren eta mugarrien inguruan ondutako liburua eman nien. Akordio honekin, hiru aldeak aldian-aldian elkartuko gara muga lerroaren inguruko arazoez hitz egin eta konponbideak bilatzeko”.
Baserrien kasua jarri du Zumaiako alkateak muga lerroetan sor daitezkeen arazoen adibide moduan. “Zumaiatik hurbil egon arren, inguruko baserri asko Debakoak dira administratiboki, eta horrek zailtasunak sortzen ditu bizilagunei zerbitzua emateko orduan”, azaldu du. Esate baterako, San Martin, Billabier, Endañeta eta Saraskateko baserritarrek Zumaian egiten dute bizimodua; erosketak han egiten dituzte, eta Zumaiako anbulatoriora joaten dira. Orain arte, “hitzezko akordio bat” zeukaten bizilagun horiek Zumaiako osasun zentroan artatzeko. Zumaiako udaletxea ere hurbil badute ere, baserritarrek tramiteak Deban edo Zestoan egin behar izaten dituztela gogoratu du Ostolazak.
Bestelakoa da Aitor Ossaren egoera. Zestoako lurretan bizi den arren, Arroabean, Zumaian egiten du bizimodua. “Aurreko belaunaldiek Zestoara gehiago jotzen zuten. Guk ez. Eskola Arroan bertan dugu 12 urte egin arte, eta, gero, Zumaiara joaten gara, autobusez. Uste dut horrek eragin zuela aldaketa”, esan du Ossak. Zumaia gertu izateak eta trenez nahiz autobusez joan ahal izateak erraztu du hori. Azaldu du udaletxera edo medikuarengana joateko soilik jotzen dutela Zestoara, eta apenas duten harremanik zestoarrekin.
Herritarrentzako zerbitzua hobetzeko bideak, hondakinak eta ura, esaterako, sozioekonomiaren arloan industrialdeetako esku hartzeak adosteko eta turismo eredua eta merkataritza suspertzeko neurriak zehaztu eta garatuko dituzte hitzarmenari esker. Klima larrialdiari aurre egitea, lurraldea zaintzea eta muga inguruko ondarea eta kultura babestea ere badira lan lerroetako batzuk. Udalerrien mugak zehazten dituzten mugarriak berreskuratzea eta horien ezagutza sustatzea eta herrian bertan sortutako proiektu edota taldeen arteko trukaketa ere jaso dute hitzarmenean.
Leave a Reply