Maria Ortega Zubiate
Hirigintza ez da soilik espazioak antolatzeko era; hirigintzak eratzen ditu espazio horretan sortzen diren harremanak ere”. Angel Leon Espainiako Lurralde Jasangarrien Sareko kidearenak dira hitzok. Sareak urteak daramatza, hain zuzen ere, hirien egitura aztertzen, eta haren erdigunea biztanleak edo autoak diren behatzen. “Hiriak ez dira jasangarriak; baliabide eta azpiegitura gehiegi behar dituzte. Inklusiboak ere ez dira: oinezkoari esaten diote nondik joan behar duen eta nola jokatu behar duen. Bien bitartean, autoak nahi duena egin dezake”, ondorioztatu du. Joera hori mundu osoan orokortzen ari dela dio Leonek, baina Gipuzkoan bereziki agerikoa dela, lurralde txikia eta “kontzentratua” delako. Eta horren adibide argiena jarri du: Irun.
Irungo Artia auzoan apenas duten isiltasunik bizilagunek. Bidasoa ibaiaren parean doan Juan Thalamas Labandibar errepideak une oro ditu autoak, kamioiak eta furgonetak alde batetik bestera. Ibilgailuen joan-etorrien zarata apurtzen du Azken Portu kiroldegi parean dagoen semaforoak, oinezkoen txanda iragartzen. Baina ez luzerako. “11 segundo irauten du semaforoak. Mantso datorren pertsona batek edo gurpil aulkian doan norbaitek apenas daukan denborarik pasatzeko”, esan du Alazne Izulain Artiako Lagunak elkarteko kideak. Semaforoa berriz berde jarri orduko minutu eta erdi pasatzen da gutxienez; eta, bitartean, ibilgailuen mugimendua etengabea da. “Autobusa hemen gelditzen da, baina semaforoak aldatzeko gutxienez minutu eta erdi itxaron behar duzu. Oinezkoek, horregatik, askotan gorri dagoenean pasatzen dute”.
Egoera, beraz, arriskutsua izan daiteke eremu horretan. Eta arrisku horren oroigarria dute semaforo horretan bertan: zinta batean bildutako lore sorta bat, abuztu bukaeran bertan hildako emakumearen omenez. “24.000 ibilgailu pasatzen dira egunero errepide honetatik. Bitartean, guk sufritzen ditugu hemengo zarata, kutsadura, eta, gainera, arriskua. Hau autoarentzat diseinatuta dago”, dio Izulainek. Baina errepideak berak duen kokapenagatik ehunka oinezko ere ibiltzen dira batetik bestera: kiroldegiak, esaterako, 4.000 bazkide ditu.
Horregatik, eta hirigunea delako, orduko 30 kilometroko abiadurara jaisteko borrokan daramate urtebete inguru. Udalean mozioa aurkeztu zuten, eta hautetsi guztien babesa jaso zuten. Oraindik ez dute, ordea, aldaketarik egin; Gipuzkoako Hitza-k ez du Irungo Udalaren erantzunik jaso. Areago ere joan da borroka, eta Leon kide den erakundeak espedientea ireki du Gipuzkoako Foru Aldundian eta Arartekoaren bulegoan, eremu horretako abiadura muga aldatu dezaten.
Leonek ere, Izulainek bezala, uste du autoa dela hiriaren jaun eta jabe. “Kaleak oinezkoentzako leku deserosoak bihurtzen hasi dira, trafikoa bortitza da, bideko indarkeria dago”. Dio arrazoi argi batek eragiten duela hori: irabaziei begira hartzen dira erabakiak: “Globalizazioak aldatu egin du lurraldeen esanahia; hirien onuragatik egiten da lan soilik. Hiriak ez daude eginda pertsonentzat, oxala horrela balitz, baina ez: negoziorako daude sortuak, irabaziak izateko”. Irabazi horiek izateko, “etekinik” emango ez duten eremuak baztertu, eta errepide eta ingurune industrialen alde egiten dutela azaldu du.
Berdeguneak, galbidean
Artian bertan hainbat adibide aipatu dituzte. Ingurune naturalak galtzen ari direla dio Izulainek, hormigoizko etxebizitzen alde: “Dena da porlana hemen. Berdea kasualitatez dago, hezetasunak eragiten duelako, baina porlanezko blokeek inguratuta bizi gara”. Horrek sortzen dituen egiturak eta inguruneak desatseginak direla dio. Adibide gisa, Antoine d’Abadie plaza jarri du, eskailera luze batzuk igo eta gero dagoen hormigoizko plaza. “Nork nahi du hemen jolastu? Ez dago itzal bat bera ere, gainera”, esan du Izulainek. Horrelako egiturek hiriak eremu ez-bizigarri bilakatzen dituztela uste du Leonek: “Zuhaitzik gabeko kale edo plaza, korridore edo zabalguneak dira, hormigoiz jantziak: ez du leku atsegin bezala ikusten herriak. Hiri bizigarriak egin behar dira, bizitzarekin adeitsuagoak”.
Hirigintzan hartutako erabakiek herritarren ohiturak guztiz aldatzen dituztela dio Izulainek ere, eta horren adibide argia da, haren ustez, Artia auzoko erdiguneko komertzioek izan duten gainbehera. “7.000 biztanle gara gure auzoan, baina ez daukagu apenas komertziorik”. Hori auzoko elkarguneak galtzeak ekarri duela uste du, berez biltzeko toki ziren asko aparkaleku bihurtu dituztelako. Izulainek dio jendearen ohiturak argi eta garbi aldatu direla: “Elkarguneak desagertzen ari dira aparkalekuak jartzeko, eta pertsonentzako lekurik ez da gelditzen. Jendeak autoa hartzeko ohitura hartzen du, eta komertziora joateko ere autoa hartzen du”.
Baina ez da soilik hori galtzen ari direna, haren esanetan. Babesgune natural bat ere badira berdegune eta zuhaitzak, eta horien garrantzia azpimarratu du Izulainek: “Zuhaitz hauek babesten gaituzte zaratatik, kutsaduratik eta itsustasun horretatik”.
Oinezkoa lehentasun
Dena den, aparkalekuetarako soilik ez, bizikletentzako bidegorria jartzeko ere desagertu dira zuhaitzak auzoan. Ikusi ditu horrelakoak Izulainek: “Bidegorria egiteko ere kendu zituzten zuhaitzak. Nik ez daukat ezer bidegorrien aurka, baina hori ere zementuzkoa da. Guretzat, lehentasuna oinezkoa da, ia gehienok garelako oinezkoak edo gurpil aulkien erabiltzaileak”.
Lehentasuna oinezkoen ongizateak behar lukeela uste du Espainiako Lurralde Jasangarrien Sareko kide Leonek ere, eta edozein herritarrek eskubidea izan beharko lukeela oinez berdeguneetara heltzeko: “Parke batek ez luke egon behar bostehun metro baino urrunago. Ez dagoen tokian ibilbide berdeak egon behar dira, edo mikroparkeak”.
Hori lortu ezean belardietara heltzea gutxi batzuen esku egongo dela esan du hark: “Mendira joateko autorik ez duena edo mugikortasun arazoak dituena ezingo da kalean lasai egon”. Horrek, berriz ere, hirian autoek duten nagusitasuna azpimarratzen duela dio: “Hurbil parkerik ez badu norbaitek, etxean geratu behar du edo, bestela, autoa erosi behar du mendira joateko. Honek hiria ez-leku bihurtzen du, badirudielako makinek baino ez dutela egiten bizia han, ez pertsonek”.
Biodibertsitatearen lekua
Baina guztia ez da porlana Irungo Artia auzoan, eta badute arnasgunerik, txikia bada ere: Artiako parkea izenez ezaguna, eta belardi eta zuhaitzentzako eremua dute bertan. Auzoko “bakarra” dela dio Artiako Lagunak elkarteko kide Izulainek, eta susmoa du horri eutsi zaiola, hain zuzen, aldapa eta bihurguneek ez dutelako aukerarik ematen ezer eraikitzeko.
Edozein dela arrazoia, Artiako Lagunak taldekoek sarritan egiten dituzte ibilaldiak hara, eta zuhaitz landaketak antolatzen dituzte, baita txorien etxetxoak jarri ere, zenbait elkarterekin elkarlanean: Kuttuna haur eskolarekin, esaterako. Parketik kanpora ere, udalari proposamenak egiteaz gain, maiz landatu dituzte zuhaitz eta zuhaixkak auzoan. Errepidearen eta industrialdearen inguruan landatu dituzte, zarataren eta kutsaduraren hesi natural izan daitezen.
Izan ere, biodibertsitatearen garrantzia azpimarratu du Leonek, hori baita, haren ustetan, aukera bakarra egoera irauli dadin. “Hiri bizigarriak egin behar dira, herritarren bizitzarekin adeitsuagoak. Ez baldin badugu hiria berriz naturalizatzen, ez du etorkizunik. Biodibertsitatea behar du hiriak”, azaldu du. Eman beharreko pausoa dela nabarmendu du. Argi dauka Leonek: “Bestela, hiltzeko tokiak izango dira hiriak”.
Leave a Reply