Mailo Oiarzabal
Zaletasun partekatua poz iturri bihurtu zaie Iokin Agirre (Azpeitia, 1990) eta Arantzazu Araneta (Azpeitia, 1990) senar-emazteei. Pilotu eta kopilotu, hurrenez hurren, “asko espero ez” zutela, Aurtengo Euskadiko Rallysprint Txapelketa irabazi berri dute. Oraingoarekin, hirugarrenez jarraian jantzi du txapela Agirrek. Aranetak, berriz, txapela bat eta erdi ditu irabazita. 2020an, pandemia betean eta ezohiko baldintzetan, txapelketako bi lasterketetatik batean parte hartu zuen gidari laguntzaileak; Asier Aldalur azkoitiarra izan zen Agirreren bikotekidea beste lasterketan, eta iazko txapelketa osoan ere bai. Joan den urtean, izan ere, haurdun zegoen Araneta, eta ez zen lehiatu.
Aurten, ama izan berritan, itzuli da gidariaren ondoko eserlekura; eta lehen aldiz, gainera, kopiloturik onenaren saria irabazi du. Beren mailan gaur egun emakume pilotu bakarra eta “oso ona” [Monica Muñoz oñatiarra] ari bada ere, kopilotu “asko” dabiltzala azaldu du azpeitiarrak. “Jendeak uste baino askoz gehiago gara, eta, gainera, azken urteetan ia beti emakumeek irabazi izan dute kopiloturik onenaren saria rallysprinten txapelketan, Alaitzek [Urkiola] lauzpabostetan eta Maiderrek [Usandizaga] behin bai, behintzat”.
“Pilotuen izenak gehiago entzuten” dira, Agirrek dioenez, baina kopilotu ona alboan izatea “oso garrantzitsua” dela nabarmendu du gidariak. Lau gurpilen gainean “talde ona, orekatua” osatzen dutela diote Agirrek eta Aranetak, eta emaitzek arrazoia ematen diete.
Zer ikusi…
Motor munduarekiko eta auto lasterketekiko zaletasuna oso gaztetatik datorkie biei. Azpeitian kirol horiekiko “afizio handia” egon izan da aspalditik, Agirrek gogora ekarri duenez, eta “lagunek” eta “inguruak” ere izan dute zaletasun horretan eragina, Aranetaren esanetan. Aipatutako ingurua etxean hasi zen, bien kasuan. “Aita lasterketak antolatzen ibili izan da beti [Lagun Artea eskuderiako presidentea da], osaba bat rallyetan ibiltzen zen eta beste bat autokrosean. Beraz, txiki-txikitatik ibili naiz auto lasterketen munduan murgilduta. Gero, nire pareko pertsona aurkitu nuen”, laburtu du Aranetak. “Aita mekanikaria da, eta ni ere autoekin, traktoreekin… mundu horretan hazitakoa naiz”, gaineratu du pilotuak.
Lasterketak gustatu bai, baina parte hartzea “pentsatu ere ez” zuten egiten, lagun baten bidez probatzeko aukera sortu zitzaien arte. “Lasterketetarako autoa erosi zuen lagunak, baina berak ez zekien mekanikaz. Orduan, tratua egin genuen: nik autoa puntuan jartzearen truke, lasterketa batean parte hartzen utziko zidan hark”, kontatu du Agirrek. Tratuak bazuen bigarren osagai edo baldintza bat ere, Aranetak azaldu gisa. “‘Autoa utziko diat, neskarekin irteten bahaiz’, esaten zion. Uste zuen ez nintzela ausartuko edo. Baina egin genuen”.
Horrela, 2013an, beste batek utzitako autoarekin lehiatu ziren lehen aldiz lasterketa batean: Hondarribiko rallysprintean. “Eta gustatu”, dio Agirrek. Kart-arekin ibiltzen zen ordurako rallysprinten EAEko egungo txapelduna, gidari lanetan nolabaiteko eskarmentua bazuen, baina Araneta inoiz ibili gabea zen gidari laguntzaile. Jorge del Cidengana jo zuten, eta hark emandako azalpenekin eta aholkuekin moldatu ziren. “Haserretuta ibili ginen lasterketa aurretik, probarako apunteak hartzen, ados ezin jarrita”, gogoratu du Aranetak, irribarrez. Haserreak haserre, “lasterketa ona” egin zuten, eta gehiagoren gogoa piztu zitzaien biei.
Kaleko auto bat erosi zuten: BMW M3 bat. Agirrek berak prestatu zuen ibilgailua lasterketetarako. 2015ean hasi ziren harekin lehiatzen, eta berarekin jarraitzen dute; Xanet semearen izena daramate karrozerian kopilotuaren aldean, Xark txakurrarena pilotuaren aldean, eta Manex eta Aratz ilobenak ateetako atzerako ispiluetan.
Ondo pasatzeko
Hiru txapela dituzte etxean, eta laugarrenaren bila ateratzeko asmotan dira, baina garaipenak ez dira lasterketetan ibiltzearen beren motibazioa, argi dute. “Ondo pasatzen” dute, eta hori horrela den bitartean jarraitzeko asmoa dute. “Lasterketak edo txapelketak irabazteko inongo asmorik gabe hasi ginen. Geuk egindako autoarekin maila honetara iristeari ematen diot nik garrantzia”, dio Agirrek.
Aurten rallysprintetara mugatu dira, baina rallyetan ere lehiatu izan dira. Bat aukeratzekotan, rallyetan lehiatzea “gehiago gustatzen” zaiela diote. Baina titiko umea dute oraindik, eta “oraingoz” rallysprinten moduko egun bakarreko lasterketetan aritzea erosoago zaie. Aitortu dute eguna bera baino zailagoa izaten dela lasterketaren aurreko astea. “Badaki zer dagoen, denbora gutxi egiten dut nik etxean”, dio Agirrek, autoa prestatzen ordu asko pasatzen dituelako. Trukean,”karrera ona egin behar”, gaineratu du, kopilotua asetzeko.
Leave a Reply