Erreakzioak

Maider Lainez (Andoaingo alkatea, PSE-EEko kidea):

«PSE-EEri ez zaio gustatzen Gipuzkoako Foru Aldundiak aurkeztutako C2 proiektua, gure ustez herri antolamenduko plana baita oinarrizko dokumentua. 2011n onartu zen, eta bertan jasotzen da nola egon behar den eraikia Andoain. Alde horretatik, ulertzen dugu aldundiaren proiektuak ez dituela kontuan hartzen plan orokorreko zenbait aspektu, ezta zarata gutxitzeko planik ere. Askotan errepikatu dugu hori.
[2011ko hirigintza plan orokorrak dakarren] Saihesbidearen proiektua, gure ustez, berritu egin beharko litzateke, eta oraingo beharretara egokitu. Baina baita legearen ikuspegitik ere, azken urteetan legeak aldatu baitira, eta berrikusi egin beharko litzateke».

Andoni Alvarez (EH Bilduko zinegotzia):

«Proiektu hori kaltegarria da Andoainentzat: ez du inolako onurarik ekartzen. Gure ustez, trazatu hori Gipuzkoako ikuspegitik dago eginda, auto pilaketak kentzeko, baina Andoaingo herriaren ezaugarriak hartu gabe. Guk hasieratik diogu 2011ko proiektuaren filosofiarekin bat egiten dugula: gaindimentsionatua dagoela uste dugu, baina herrigunetik atera behar da errepidea. Mahai bat osatu behar da udaleko arkitekto tekniko, ordezkari politiko eta herriko eragileekin (auzo elkarteak, ikastola, baserritarrak, enpresariak…). Horrela, guztion artean sortu beharko genuke proiektu bat, guztiontzat, 2011ko haren antza duena baina gaur egungo beharretara egokitua».

Mari Jose Izagirre (EAJko zinegotzia)

«Mozioan azaltzen diren puntu batzuekin ados egon gaitezke eta beste batzuekin ez; horregatik gure abstentzioa, mozioa ez oztopatzearren. Guk uste dugu bi arazo nagusi daudela: zarata eta trafikoa. Zarataren arazoa larria da, eta ulertzen dugu horri erantzuna eman behar zaiola lehenbailehen. Trafiko arazoari erantzuna emateko, aldundiak azterketa egin du, hainbat aukera landu ditu, eta horien artean C2 proiektua dago: egun daukagun irtenbiderik egokiena. Hori hobetzeko alegazio epea martxan jarri zen; hobetzeko dagoen guztia ongi etorria izango da. Orain  itxaron behar dugu ea aldundiak zer ebazten duen, eta horren arabera ikusiko dugu».

Maria Teresa Santana (Elkarrekin Podemoseko zinegotzia)

«Orain presa daukate arazo hori konpondu nahi dutelako, baina beraiek sortu dute. Diputazioak dio C2 plana dela irtenbiderik onena, baina hori haien ustea da: ez dakite andoaindarrek zer jasaten dugun. Andoain kondenatzen du autobideen saihesbide izatera, eta, istripurik badago, herria kolapsatzen da: azken urteetan 26 aldiz gertatu da. Guk uste dugu herri antolamenduko planeko saihesbidearen proiektuari buelta bat eman diezaioketela: esaten dute oso garestia izango litzatekeela, baina merkeagoa den bat egon daiteke, ingurumenari kalte txikiagoa egingo dion bat. Posible da, eta hori da irtenbidea: saihesbide bat sortzea, errepidea herritik ateratzea».