Agenda “eraldatzailea” Gipuzkoarako

Agenda “eraldatzailea” Gipuzkoarako

Maria Ortega Zubiate

Asteazkenean, politika orokorreko urteko adierazpenean, azken zazpi urteotan egindakoaren errepasoa egin zuen Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak, ez baita berriro aurkeztuko kargu horretarako —hala iragarri zuen duela hilabete batzuk—. Haren esanetan, “berezia” izan da azkeneko legealdia, COVID-19aren krisiak eta Ukrainako gerrak erakutsi baitute mundua “aldatzen” ari dela. “Mehatxu” horien aurrean, Olanok iritzi dio “agenda eraldatzaile, errealista eta eraginkorra” jarri dutela.

Egindako lana azaltzeko soilik ez, hobekuntzak eta lan ildo berriak aldarrikatzeko ere baliatu zuen ahaldun nagusiak bere hitzaldia herenegun, Donostian, Batzar Nagusietan. Besteak beste, EAEko Estatutuaren beharra azpimarratu zuen, eta erabakitzeko eskubidea aldarrikatu: “Gure oinarrizko arauan, erabakitzeko eskubidea instituzionalizatu behar dugu”. Euskara ere aipatu zuen, eta zehaztu zuen zenbait eremu euskalduntzeko lan egin behar dutela: esaterako, lan mundua eta ikus-entzunezkoena.

Aldundiaren jarduna hiru arlotan banatu zuen: egoera ekonomikoa eta hartutako neurriak; trantsizio soziosanitarioa; eta trantsizio energetiko-klimatikoa.

230 milioi errepideetarako

“Ziurgabetasuna eta ezegonkortasuna dira nagusi udazken hasiera honetan” esanez interpretatu zuen egoera Olanok. Haren hitzetan, Gipuzkoako ekonomia oraindik gai da prezioen igoerei eusteko, eta azaldu zuen datuek hori adierazten dutela: langabezia tasa %7 da Gipuzkoan, eta diru sarrerak bermatzeko errentaren onuradunak azken hamar urteetako gutxien dira: 11.700. Olanok esan du enpresak oraingoz gai izan direla “malgu” jokatzeko, baina familiak nabaritzen ari direla prezioen garestitzea.

Enpresei laguntzeko garaia dela uste du ahaldun nagusiak, “enpresa baita lurraldean aberastasuna eta oparotasuna sortzeko eragile nagusia”. Hala, gogorarazi zuen zenbait neurri hartu dituztela azken hilabeteetan horri lotuta: adibidez, BEZaren itzulketa azkartzea -“iaz garai berean baino 129 milioi gehiago itzuli ditugu”— eta lehen sektorea “babesteko” bi milioi euroko diru laguntzak ematea.

Enpresei bultzada emateko ildo horretan, Etorkizuna Eraikiz programa ekarri zuen gogora Olanok, zenbait proiektu sortu baitituzte haren barruan. Ticket Bai ere aipatu zuen, eta esan zuen 15.000 enpresa eta autonomo inguruk egin dutela aldaketa, eta eskertuta agertu zen.

Bide azpiegiturak ere izan zituen kontuan: 230 milioi eurotik gorako obrak daude aurreikusita. Diru hori, besteak beste, Leitzarango autobietako tuneletara (82 milioi), Andoaingo lotune berrira (75 milioi) eta Azkoitia-Urretxu errepidea amaitzera (45,5 milioi), bideratuko dute. Era berean, azaldu zuen datorren urtearen hasieran sartuko direla indarrean N-1 eta A-15 errepideetako kamioientzako bidesariak.

Trantsizioa zahar etxeetan

Gizarte politikak aldundiaren zutabeetako bat direla esan zuen Olanok, eta haren inguruko “gogoeta sakona” egin dutela. Ondorioztatu dute zaharren egoitzen sistema ez dela “nahikoa” egungo beharretarako, eta datozen zortzi urteetan egin beharreko trantsizioa zehaztu dute Liburu berdea izeneko dokumentuan: hobetzeko pausoen artean daude ratioak eta lan baldintzak. 78,8 milioi euro jarriko dituzte horretarako, herenegungo eztabaida saioan iragarri zuenez. Dokumentu horretan, zahar etxeetako langileek, egoiliarren senideek, patronalek, sindikatuek eta beste batzuek parte hartu dute.

Begi onez hartu zuen UGT sindikatuak egoitzetako patronalarekin lortutako adostasuna, eta ondorioztatu horrek sektoreko greba geldiaraziko duela. “Nahiago genuke sektorean ordezkaritzaren gehiengoa duen sindikatuak ere [ELAk] bat egin izan balu akordioarekin. Argi erakutsi du bere lehentasuna ez direla langileak”.

Gizarte bazterkeria jasaten dutenei lotuta, Elkar Ekin lan proiektua aipatu zuen. Olanoren esanetan, azken bi urteetan 2.600 lagunek aurkitu dute lana proiektu horren bidez, eta aurten 7,2 milioi euroko laguntza deialdia abiatu du diputazioak. Indarkeria matxistaren gaia ere jorratu zuen, eta jakinarazi zuen haren biktimentzako arreta zerbitzuak indartzeko “ahalegin bat” egiten ari dela foru aldundia.

Basotik eta Naturklima

Olanok adierazi zuen klima aldaketa agenda politikoaren “erdian” kokatzen duela diputazioak, eta horren erakusle direla Naturklima zentroa, klima aldaketaren ondorioei aurre egiteko sortua, eta Basotik fundazioa, lursailak modu “jasangarrian” kudeatzeko eratua. Basotik-en garrantzia azpimarratu zuen Olanok, Gipuzkoako lurraldearen %61,5 baitira basoak. Zortzi milioi euroko aurrekontua izango du, 40.000 hektarea kudeatzeko.

Politika orokorreko legealdiko azkenekoa saioa izan zen asteazkenekoa.

Leave a Reply

Your email address will not be published.