June Romatet Ibarguren
Ikasturtea hasi berri da —duela bi aste—, eta haurrak eskolara doaz, gazteak institutura, eta beste batzuk unibertsitatera. Baina badira ikasturtea hasi duten heldu batzuk ere: Helduen Hezkuntza zentroetara joaten dira. Aurrez aurre ikasteko 30 zentro baino gehiago daude Gipuzkoan, eta beste bat urrutitik ikasteko, Donostian. Eskualde bakoitzean zentro bat baino gehiago dago, edonor joan ahal izateko.
Helduen Hezkuntza zentroetan araututako eta arautu gabeko prestakuntza programak daude. Araututako programan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako titulua lortzen dute ikasleek. Gradua lau moduluk osatzen dute, eta modulu bakoitzak lau hilabeteko iraupena du. Hiru eremu daude moduluetan: komunikazioaren eremuak gaztelania, euskara eta atzerriko hizkuntza biltzen ditu; zientzia eta teknologiaren eremuak matematika, zientziak eta abar ditu; eta gizartearen eremuak gizarte zientziak lantzen ditu.
Arautu gabeko programan, berriz, ikasleen eskakizunei erantzuten diete. Adibidez, hizkuntzak irakasten dituzte, teknologia nola erabili, eta, batzuetan, gidabaimenaren arlo teorikoa prestatzen laguntzen dute.
Helduen Hezkuntzan irakasten duen irakasle horietako bat da Joseba Moreno, Irunen dagoen Bidasoaldeko zentroko irakaslea. Morenok 39 urte inguru daramatza irakaskuntzan, eta horietatik hamazazpi inguru Helduen Hezkuntzan. Lehen Hezkuntza utzi, eta helduei irakasten hasi zen, eta gaur egun Helduen Hezkuntzako bigarren eta hirugarren graduetan irakasten du.
Morenoren zentro bereko zuzendaria da Nekane Mindegia. Gorputz hezkuntzako irakasle aritu zen urte luzez, baina duela bost urte Helduen Hezkuntzako irakasle hasi zen. Mindegiak esan du erronka berri bat behar zuela, eta horregatik aldatu zela: “Asko gustatzen zitzaidan haurrekin lan egitea, baina probatu nahi nuen zer zen helduekin aritzea, eta, batez ere, atzerritarrekin lan egitea”.
Jatorri ezberdinak
Irunen dagoen zentroan bezala, Gipuzkoan dauden besteetan ere ikasle gehienak atzerritarrak izaten dira. Morenok azaldu du lehen Euskal Herrikoak izaten zirela gehienak, baina orain lan egiteko DBHko titulua behar duten atzerritarrak izaten direla asko. Gainera, Mindegiak esan du Bidasoaldeko ikastetxeak Lapurdirekin mugan daudenez handik ere joaten zaiela jendea hizkuntzak ikastera.
Lapurditik eta atzerritik etorritako jendeaz gain, badira inguruko beste herrietako ikasleak ere. “Baditugu erretiroa hartu ondoren etortzen direnak. Bere garaian ezin izan zuten ikasi, eta orain etortzen dira”, kontatu du zuzendariak. Horietako askorentzat etxetik ateratzeko aitzakia izaten dela uste du Morenok: “Emakume asko, ez balira etorriko, etxean geratuko lirateke; etorrita, burua martxan izaten dute, eta etxetik ateratzen dira”.
Bere garaian ikasitakoak oroitzera joaten direnak eta atzerritik etorritakoak elkartzen dira gela berean. Gainera, adin ezberdinetakoak izaten dira ikasle guztiak, eta bi irakasleek adierazi dute horrek haien arteko harremanak bereziak izatea eragiten duela. Morenok gehitu du ikasgelan asko laguntzen dutela elkar, eta gazteenentzat oso komenigarria izaten dela helduak eredutzat izatea: “Gazteek ardura eta seriotasuna ikusten dute, eta baita ikasi ere”.
Moreno eta Mindegiaren ikasleetako bat Edurne Arruabarrena irundarra da. 60 urte ditu, eta aurten lehen aldiz eman du izena Helduen Hezkuntzako zentroan. Lanik gabe gelditu ondoren, eta ama etxean zuela, etxetik ateratzeko beharra zuela aitortu du: “Zer egiten nuen nik etxean? Horrela, behintzat, nire garaian ikasi ez nuena ikasiko dut, eta etxetik aterako naiz”.
Haren gelakidea da Zarik Suarez kolonbiarra. 17 urte ditu. 16 urterekin iritsi zen Hondarribira, eta argi zuen ikasi egin nahi zuela: “Hona iritsi nintzen DBHko titulurik gabe, eta atera nahi nuen, gero unibertsitatean Psikologia ikasteko asmoa dudalako”. Iritsi zenean 16 urte zituenez, ezin izan zen eskola batean hasi; beraz, urtebetez lanean aritu ondoren, urrutiko Helduen Hezkuntzako gradu bat hasi zuen. “Hau bigarren urtea da. Komunikazioen eremuan laugarren mailan nago, eta Zientzietan, hirugarrenean”.
Bakoitzaren egoera ezberdina denez, graduek ordutegi ezberdinak dituzte: batzuk goizez dira, beste batzuk, arratsaldez, eta badaude gauez ematen direnak ere. Suarezek azaldu du bi mailatako eskolak jasotzen dituenez goiz eta arratsaldez joan behar izaten duela, baina lana izanez gero irakasleen aldetik babesa eta laguntza jasotzen dutela.
Suarezen gelakide Arruabarrenak ez du titulua ateratzeko beharrik, baina gauza berriak ikasteko asmoa du: “Espero dut banekiena gogoratzea eta gauza berriak ikastea. Matematikan nahiko ondo nabil, baina Historian asko dut ikasteko”.
Arruabarrenaren egoera antzekoan dago Rafael Vizuete; 65 urte ditu, eta Zumarragan bizi da. Aurten hartu du erretiroa, eta lehen aldiz eman du izena Urretxun dagoen Helduen Hezkuntzako zentroan. “Lehen egunak dira hauek, eta pixka bat urduri nago. Lehen mailan hasiko naiz, baina aurreneko hamabost egunetan agian mailaz aldatuko naute, irakasleen arabera maila egokian nagoen erabakiko baitute”.
Vizueteren gela berean dago Brenda Ramirez, 39 urteko nikaraguarra, eta esan du bere herrialdean ezin izan zuela ikasi, eta hemen aukera zegoela jakin zuenean izena eman zuela. Joan den otsailean hasi zen eskolak jasotzen. Lauhilekoan maila pasatu behar zuen, baina azaldu du berak zentroan eskatu duela berriro lauhileko bera egitea: “Iruditzen zait ez nuela ikasi beharreko guztia ikasi, eta nahiago dut errepikatu, dena ondo ulertzeko”, aitortu du Ramirezek.
Irakasleekiko harremana
Ikasleen artean bakoitzak egoera ezberdina duen arren, denak bat datoz: irakasleekiko harremana berezia izaten da. Suarezek azaldu du gustura joaten dela ikastera, irakasleek asko laguntzen dutelako: “Hemen ez naiz epaitua sentitzen. Beti laguntzen didate, eta behar dudana errepikatzen dute”.
Irakasleek ere aitortu dute harremanak bereziak direla; Mindegiak esan du haurrekin baino estuagoak direla. Gaineratu du askotan aholkulari funtzioa hartzen dutela: “Batzuek konpainia behar izaten dute familia haien herrialdean dutelako, eta kafe bat hartzen dugu haiekin”.
Moreno irakasleak aipatu du ikasleak helduak izateak alde on asko dituela. Azaldu du geletan adin ezberdinetakoak izatean horrek batak besteari laguntzea ekartzen duela. Gurasoak tartean ez sartzea ere eskertzen du: “Batzuetan gurasoek lan gehiago ematen dute haurrek baino; hemen, ordea, ez dago gurasorik”.
Bizipenak bizipen, irakasle eta ikasleek beharrezkotzat jotzen dituzte Helduen Hezkuntzako zentroak. Haien hitzetan, askori aukera ematen die gazteak zirenean ikasi ezin izan zutena ikasteko. Horrez gain, erretiroa hartu ondoren joaten diren helduentzat ere beharrezkoak direla azaldu du Mindegiak: “Duela gutxi arte 88 urteko emakume bat etortzen zen. Bezperan emandakoaz ez zen gogoratzen, baina harentzat beharrezkoa zen etortzea”.
Ikasle askok kontatu dute ingurukoei zentro horietan izena ematea gomendatzen dietela, eta erantsi dute beraientzat leku erosoak direla. Horien artean, Ramirezek aipatu du inguruko lagun eta kide askori esan diela, bere egoera antzekoan baitaude. Arruabarrenak, bestalde, azaldu du berekin lanean aritutakoei gomendatu diela zentroa, horrela burua “egunerokotasunetik aldentzen” duelako. Gainera, adierazi du oso pozik dagoela: “Goizero nire bilobei esaten diet amona ere ikastera joaten dela”.
Leave a Reply