Mireia Galarza Bastida
Ekainean aurkeztu behar zuten jendaurrean Ana Maria Benito arkeologoaren (Errenteria, 1956) Iturritxiki, Getariako badian murgildutako istorioa liburua, baina, COVID-19a zela eta, ezinezkoa izan zen, eta joan den igandean egin zuten aurkezpena, Getarian bertan. Hogei urte inguruko lanaren fruitua da liburua, eta Benitok Getariari buruz argitaratu duen hirugarrena.
Liburuaren aurkezpenean omenaldia egin zizuten, eta hunkituta zeunden.
Bai. Ekainerako amaituta neukan liburua, eta prozesuko tentsioak alde batera utzita neuzkan. Beraz, lasai joan nintzen. Nire testua ere prestatuta neukan, baina hunkitzen hasi nintzen Haritz Alberdi Getariako alkatearen, Mertxe Urteaga Gipuzkoako Foru Aldundiko arkeologoaren eta Jokin Otamendi Arazandiko presidentearen hitzekin. Urteagak, adibidez, oso hitz politak esan zituen, irakurle moduan, liburuari buruz, eta ia-ia negarrez hasi nintzen.
Hogei urte baino gehiagoko ikerketa lana dago liburuaren atzean. Zer aurkituko du irakurleak han?
Oso liburu mardula da, eta gai asko ukitzen ditu. Getariari buruz hitz egiten du pixka bat, eta, ondoren, XVI. mendean hondoratu zen Flandriako ontzi bati buruz sakontzen du. Erdialdeko Europako salgaiak zeramatzan hark, Afrikan esklaboak erosteko. Hori guztia Iturritxiki erreka txikiko aztarnategian dago, Getariatik Zarautz aldera joanda dagoen lehen bidegurutzearen inguruan. Bertan, frantsesek 1638an hondoratutako Lope de Hoces ontzidiko galeoien aztarnak atzeman genituen; zehatzago esateko, mea-ontzi baten burdinazko zama, harrizko aingura batzuk eta antxaforak aurkitu genituen.
Bestalde, liburuan Julio Villar idazlearen marrazki eta hitzak ere badaude, herritarrentzat irakurterrazagoa izan dadin. Dibulgaziozko liburu bat egitea zen helburua, eta niretzat erronka izan da hori, xehetasun guztiak ematea gustatzen baitzait.
Hogei urte asko da. Nolakoa izan da prozesua?
1987an, Iñaki Gutierrez eta Ignacio Etxeberri murgilariak hasi ziren eremu horietan murgiltzen, eta lingote batzuk aurkitu zituzten bertan. Horren ondoren hasi ginen gu oso astiro ikerketarekin, gutxi gorabehera hamar-hamabost eguneko kanpainekin, eguraldiaren arabera. Gogoz ekin genion, alde batetik, gazteak ginelako, eta, bestetik, oso talde polita osatzen genuelako. Pixkanaka, konturatu ginen bertan zegoena oso garrantzitsua zela, globalizazioaren lehen zantzuak baitira Iturritxikikoak. Ez da Getariaren historia, mundu osokoa baizik.
Aurkikuntzaren batek bereziki harritu al zintuen?
Bai. Egia da gehienbat manillak aurkitu genituela, hori baitzen esklaboak erosteko salgai nagusia. Garai hartan, hamar-hamabi manillaren truke esklabo bat erosten zuten. Hala ere, denok harritu gintuen beste objektu bat ere topatu genuen: mapak egiteko konpasa. Kontserbazio egoera oso onean zegoen, distira izugarriarekin. Beste objektu batzuk zikinak topatzen genituen, baina hori ez. Berria zirudien. Kontuan hartu behar da nazioarteko finantza garrantzitsuak mugitzen zituztela XVI. mendeko bidaia luzeetarako, eta, zama handiak eramateko itsasontzi sendoez gain, teknologia aurreratua ere behar zutela, ibilbidea pentsatu eta nabigazioaren egoera jakiteko. Zehazki, itsasontzietako zubietan edo pilotuaren kamarotean, konpasak itsas mapetako distantziak neurtzeko balio zuen. Tresna horrek, gaur egun erabiltzen dugunaren antzekoa izateaz gain, distantziak itsas mapetan agertzen den eskalara aldatzeko balio du, eta, horrela, egin beharreko ibilbideak eta nabigazio norabideak prestatzeko.
Ez da Getariako herriari buruz argitaratu duzun aurreneko liburua izan.
Ez, hirugarrena da. 1999an Getariako portuaren historiari buruzko liburua kaleratu nuen, eta 2020an, berriz, Getariako Naufragioak liburua, Javier Mazpulerekin batera. Egia esan, oso lan gogorra izan zen. Jende asko elkarrizketatu genuen Mazpulek eta biok, eta oso istorio gogorrak kontatu zizkiguten. Batzuk oso barneratuta kontatzen zituzten esperientzia haiek, baina, beste batzuen kasuan, zauria oraindik irekita zeukatela nabaritzen zen. Asko ikasi genuen prozesu hartan. Egia esateko, bertakoa banintz bezala sentitzen naiz, eta iruditzen zait denbora gehiago pasatu dudala Getarian, bizi naizen herrian baino. Ia-ia jende gehiago ezagutzen dut Getarian, Errenterian baino.
Egongo al da laugarren libururik?
Eskatuko balidate, gustura egingo nuke. Azken finean, Getaria itsasoarekin erabat lotuta dagoen herri bat da, eta gauza asko iker daitezke oraindik.
Leave a Reply